Laneko diskriminazioak eragiten du kontsulta gehien Emakunden

Argibide eskaeren %38 lanarekin lotuta daude, baina kexen artean %8 dira.Komunikazio eta publizitate sexistak salaketen %65 eragiten ditu

Landaida eta Alberdi atzoko prentsaurrekoan, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Diskriminazio egoeren kontrako Emakundeko defentsa zerbitzuak jasotzen dituen argibide gehienak lanarekin lotuta daude. 2014an jaso zituen 311 informazio eskaeretatik %38 alor horrekin lotuta egon ziren: enplegua eta norberaren bizitza bateratzeko eskubidea, amatasun eta aitatasunagatiko diskriminazioa, lanpostu deialdietako sexu bereizkeria... Ordea, informazio eskaera horietako gehienak ez ziren kexa edo salaketa bihurtu; 2014an, sei kasutan baino ez zituzten neurriak abiarazi.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu du ez dagoela ikertuta kontsulten eta kexen arteko aldea. Dena den, bi arrazoi egon daitezkeela gaineratu du. Alde batetik, kexa ofiziala egiteko «nolabaiteko beldurra» egon daitekeela uste du, eta, bestetik, enpresek «informazio gutxi» ematen dutela alor horretan: amatasun baimenaren osteko lan baldintzak zeintzuk diren, kontziliazio neurriak...

Atzo, diskriminazio egoeren aurkako defentsa zerbitzuan egindako aldaketak aurkeztu zituen Landaidak. Argibideak telefonoz eta idatziz eskatzeko aukeraz gain, aurrez aurreko kontsultak eskainiko dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian, betiere telefonoz hitzordua eskatuta (945 01-65-50). Halaber, Landaidak gogorarazi zuen zerbitzuak sektore pribatuan gertatutako diskriminazioei heltzen diela; sektore publikoan gertatutakoak EAEko Arartekoak ikertzen ditu.

Kexa gehien, publizitateak

2014an argibide eskaera gehienak lanarekin lotuta egon baziren ere, komunikazio eta publizitate sexistak kexen eta salaketen %65 eragin zituen. Begira komunikazio eta publizitate ez-sexistarako aholkularitza batzordea berrindartzearekin lotu du Emakundek gorakada. Kasuotan, publizitatea egiten duen enpresarengana jotzen dute, araudiaren berri emateko. Landaidak azaldu du enpresek onartu ohi dutela jokabide okerra, eta zuzentzen dutela. Dena den, hori egiten ez duten gutxi batzuk badaudela erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.