Gazteen alokairua sustatuko du Jaurlaritzak diru laguntzen bidez

Laguntza 250 euro izango da gehienez. 23 eta 35 urte bitartean dituztenei eskainiko zaie. 2019tik aurrera egongo da martxan

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Gazteen emantzipazioa sustatzeko, etxebizitza alokatzeko diru laguntza bat eskainiko du Eusko Jaurlaritzak datorren urtetik aurrera. 23 eta 35 urte arteko gazteek eskatu ahalko dute, betiere baldintzak betetzen badituzte. Hiru urteko iraupena izango du, gehienez; hortik aurrera ezin izango dute eskatu. Halaber, hileko laguntza 250 euro izango da, gehienera jota. Hori da, hain zuzen ere, Jaurlaritzak egun eskaintzen duen etxebizitzarako laguntza osagarriaren zenbatekoa. «Gazteentzako laguntzak ezin izango du gainditu egun beste onuradunei eskaintzen zaiena», argitu du Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak.

Gaztelagun izeneko laguntza eskatu ahal izateko baldintzak xehatu zituen Arriolak atzo Eusko Legebiltzarrean. Lehenik eta behin, eskatzailearen diru sarrerek bi mugen artean egon beharko dute. Gutxienez diru sarrerak bermatzeko errenta baino gehiago irabazi beharko dute: 7.734 euro urtean. Horrez gain, ezingo dute gainditu gehienezko sarrera kopuru bat: 12.000 euro, etxean pertsona bakarra biziko bada; bi badira, laguntzaren eskatzaileek gehienez 15.000 euroren diru sarrerak izan beharko dituzte; eta etxe batean hiru onuradun baleude, ezin izango lukete 18.000 euro baino gehiago irabazi denen artean. Familia ugarien kasuan, gehienezko irabaziak 20.000 eta 22.000 euro artean egongo dira.

Horrez gain, laguntza eskatu ahal izateko, etxebizitzaren alokairuaren prezioak begiratuko ditu Jaurlaritzak: hiriburuetan, alokairua ezin izango da 750 euro baino garestiagoa izan; gainontzeko udalerrietan, gehienezko alokairua 600 euro izango da. Muga horiek gaindituz gero, gazteek ezin izango dute diru laguntza eskatu. Halaber, laguntzak ez du gaindituko etxebizitzaren alokairuaren erdia; dena den, alokairuaren %60 ere jaso ahalko dute, etxe bat partekatzen duten eskatzaileak «formalki eratutako bi bizikidetza unitate» badira: ezkonduak, izatezko bikoteak...

Azkenik, eskatzaileek egiaztatu beharko dute lanean daudela. Ikertzeko laguntza jasotzen ari direnek ere galdegin ahalko dute.

6.350 etxebizitza berri

Arriolak, Gaztelagun diru laguntza aurkezteaz gain, 2018-2020 Etxebizitza Plan Zuzendariaren ildo nagusiak gogorarazi zituen atzo. Hiru urtean babes publikoko 6.350 etxebizitza berri eraikitzeko asmoa agertu zuen: horien %46,5 inguru alokairura bideratuko dira. Halaber, aurreikusi zuen 2020. urterako 7.000 familiak eskatu ahalko dutela etxebizitza eskubide subjektiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.