EAJk berriro Markel Olano hautatu du Gipuzkoako ahaldungai nagusi

25 alkategai ere aurkeztu dituzte; Donostiakoa, Eneko Goia berriz ere. Ortuzarrek uste du «bestelako Gipuzkoa» eraiki dutela azken urteotan

Eneko Goia eta Markel Olano, atzo, Donostian, Kursaalean. JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
2011ko hauteskundeetan Bilduren olatua gertatuta, Gipuzkoan lau alkatetzarekin bakarrik geratu zen EAJ, eta foru aldundirikgabe ere bai. Duela hiru urte, berreskuratu egin zituen asko, diputazioa barne, eta, 28 urteren ostean, baita Donostiako alkatetza ere. Datorren urteko udal eta forubozetan haiei denei eustea izango da haren helburu nagusia, eta jada aurkeztu ditu ahaldungai nagusia —Markel Olano— eta 25 alkategai—haien artean, Donostiakoa: Eneko Goia—. Donostian egin du aurkezpen ekitaldia, Kursaalean. Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak hautagaiei eskatu die herritarrekiko «gertu» segitzeko. «Herria maitatzeaz gain, herria ezagutu egin behar da, eta herritar guztiak errespetatu. Zuek [hautagaiak] balio erantsia zarete».

EAJren alkategai izango dira Irunen Xabier Iridoi, EibarrenJosu Mendikute, Zarautzen Xabier Txurruka, Arrasaten Maria Ubarretxena eta Tolosan Olatz Peon. Gipuzkoan, hamar mila biztanletik gorako hemeretzi udalerrietatik bostetan falta zaie alkategaia izendatzea: Errenterian, Hernanin, Azpeitian, Oñatin eta Oiartzunen —justuki, EH Bildu dago bost haietan alkatetzan—.

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak adierazi du «Gipuzkoa giltzarri» dela EAJren proiektu politikoan, eta urteotako bideari eusteko dei egin die hautagaiei. «Inposizioa, elkarrizketarik eza eta ezkortasuna alde batera utzi, eta hiru urtera bestelako Gipuzkoa errealitate bihurtu duzue».

«Berdintasuna» xede

Olanoren arabera, Bilduren legealdiaren ondoren, azpiegiturak-eta «aurrera atera ezinda» zegoen Gipuzkoa, eta uste du EAJk erdietsi duela «desblokeoa». Lau arlo nabarmendu ditu: errepideetako kudeaketa, hondakinen eztabaida bideratzea, lehiakortasun ekonomikoa eta Pasaiako badiaren biziberritzea. «Berdintasuna» izango du berriro apustu nagusietako bat: arlo sozialean, hizkuntzan, generoan... Bereziki aipatu du Gipuzkoa euskaldun baten aldeko apustua. Goiak ere esan du «hiria berriro martxan» jartzea lortu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.