Brasilgo Munduko Kopa

Izarrak: kanpoan, barruan hainbeste

Jokalari ezagun eta bikain asko ez dira ariko Munduko Kopan, min hartuta daudelako, jokatu nahi ez dutelako, hautatzaileak nahi ez dituelako edo sailkatu ez direlako.

Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Brasilgo Munduko Kopan ariko diren selekzioetako hautatzaileek jokalarien zerrendak plazaratu zituztenean, herrialde batzuetan eztabaida piztu zen. Jokalari ezagun eta on zenbait ez ziren azaltzen zerrenda horietan. Beti gertatzen da gauza bera txapelketa hau heltzean, eta, azken batean, futbolaren legea da: entrenatzaileak aukeratzen ditu bere gustukoak, eta ez zaleek nahi dituztenak.

Entrenatzaileen erabakien galbahetik pasatu gabe geratu direnei, gainera, azken orduan min hartutako jokalari multzoa gehitu behar zaie. Epidemia baten antzera, makina bat jokalari geratu da etxean, ezinbestean.

Ohi bezala, izen handi batzuk ez dira ariko Brasilen; bai haien herrialdeak, baina haiek ez. Etxeko taldean, esaterako, deigarria da Luiz Felipe Scolariren zerrendan ez egotea Ronaldinho eta Kaka, adibidez. Izenez zerrendan egon beharko lukete, baina beste kontu bat da izanaz sartu beharko luketen edo ez. Gauzak garbi dauzka Scolarik, eta talentua gustatzen zaio, baina lanean oinarritzen den talentua. Eta gisa horretako jokalariak lehenetsi ditu entrenatzaileak.

Ronaldinho eta Kaka zelai erdian erasora begirako jokalariak lirateke ez daudenen hamaikakoan. Franck Ribery bezala: azken orduan geratu da kanpoan frantziarra, lesio bat tarteko. Marco Reusi gauza bera gertatu zaio: Alemaniako izarretako bat etxean geratuko da. Beste horrenbeste egin beharko du Roman Xirokovek ere, Errusiako kapitainak, azken orduko lesio bat tarteko. Aurrelari petoaren bila Alemaniara eta Kolonbiara joan behar da: Mario Gomez ez dago, ezta Radamel Falcao ere. Fiorentinako aurrelariak denboraldi garratza izan du lesioen eraginez, eta ez dago Joachim Loewen jokalari zerrendan. Kolonbiarrak belauna hautsi zuen duela bost hilabete, eta ez da osatu. Aurrealdeko beste bat, baina beste molde batekoa, Humberto Suazo da, Txilekoa. Aurreko urteetan, selekzioko zutabeetako bat izan arren, Jorge Sampaolik kanpoan utzi du Monterrey taldeko aurrelaria. Suazoren traza berekoa da Argentinako hau: Carlos Tevez. Zalaparta handia eragin zuen herrialdean Alejandro Sabellaren jokalari zerrendak, eta neurri handi batean izan zen Tevez ez zegoelako. Hala ere, 2011tik, Sabella hautatzaile denetik, inoiz ez du eraman Tevez.

Zelai erdira buelta eginez, Frantziako selekzioan dago hutsune handi bat. Kanpoan geratu diren jokalari guztien artean, ziurrenik harena izango da harridura gehien eragindako kasua. Didier Deschamps baionarrak ez du eraman Samir Nasri, eta erabaki horren harira sua piztu zen Frantzian. Garrak gar, Manchester Cityko jokalariak etxetik ikusi beharko du Munduko Kopa hau. Zelaiaren esparru horretan aritzen da Esteban Cambiasso argentinarra ere, beste molde bateko jokalaria izan arren frantziarraren aldean. Ez da izango txapelketan, Sabellak ez duelako aukeratu.

Cambiassoren lanerako grina eta argitasuna ondo uztartuko lirateke Carlos Velaren askatasun haizearekin edozein taldetan. Mexikarra ere ez da izango txapelketan, uko egin diolako. Miguel Herrera entrenatzailearekin izan zuen negoziazio bat edo beste, baina jokalariak ez zion bidezkoa iritzi deialdian izateari, sailkatze fasean ere ez zelako jardun. Haren antzeko jokalari hau ere ez da ariko: Theo Walcott. Ingalaterrako jokalariak belauna hautsi zuen urtearen hasieran. Antzeko egoeran daude Riccardo Montolivo (Italia) eta Luis Montes (Mexico), txapelketaren atari-atarian hanka hezurra hautsi eta gero.

Atzealdeko lerroan ere badira zuloak. Bost izen azkar-azkar esanda, bata bestearen atzetik, eta eskuin hegaletik hasita: Gregory van der Wiel (Herbehereak), Ricardo Carvalho (Portugal), Eric Abidal (Frantzia), Carles Puyol (Espainia) eta Ashley Cole (Ingalaterra). Herbeheretarrak ez du denboraldi ona egin Paris Saint-Germainen, giharretako arazoak tarteko. Abidal atzelariaren kasua ez da bera, jokatzeko aukerak ikusten zituelako, baina Deschampesek ez du aintzat hartu. Puyolek, berriz, erretiroa hartu berri du, lesioek erasanda nagusiki. Cole ez du kontuan hartu Ingalaterrako entrenatzaile Roy Hodgosenek, eta Carvalhok uko egin zion selekzioari 2011n.

Atezainen artean, lau dira hutsune handiak: Australian, ez da izango Mark Schwarzer beteranoa (41 urte), iaztik utzia baitu selekziora joatea; Espainiako selekzioan, Victor Valdesek belauna txikitu zuen duela gutxi, eta Argentinan, Sabellak ez du gustuko Willy Caballero; Petr Cechen selekzioa, Txekiar Errepublika, ez da sailkatu.

Bale, Ibrahimovic...

Jokatuko ez duten beste batzuen kasua ez da goiko hauen bera: ez dute jokatzeko aukerarik ere izan, beren selekzioa ez delako sailkatu. Multzo horretan, bi izen handi nabarmentzen dira: Gareth Bale (Gales) eta Zlatan Ibrahimovic (Suedia). Munduko bi jokalari onenetakoak dira, baina Gales eta Suedia ez daude puntaren puntan.

Azken denboraldi parean lan bikaina egin du Robert Lewandowski aurrelariak ere, baina Polonia ez da sailkatu, eta ez da ariko Brasilen. Turkiak ere ez zuen sailkatzea lortu, eta Arda Turan ikusi gabe geratuko dira futbolzaleak. Napoliko izarretako bat ere etxean geratu beharrean izan da, Marek Hamsik eslovakiarra eta haren selekzioa ez baitira sailkatu.

Atzelarietan, izen hauek nabarmentzen dira hutsuneen artean, sailkatu gabe geratu direlako: David Alaba (Austria), Dani Agger (Danimarka), eta Nemanja Vidic eta Branislav Ivanovic (Serbia).

Jokalari horiekin guztiekin selekzio on askoa osa daiteke. Brasilgo zeruan argi egingo ez duten izarrak dira. Zelaian ikusiko direnak hainbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.