Erabakitzeko eskubidea. Giza katea

Behetik gorako lana

Hilabeteotan herri batzordetan antolatuta aritu dira Gure Esku Dago mugimenduan. 150.000 lagun atera ziren bidera igandean, eta ehunka boluntario aritu ziren dena bideratzen. Pozik daude emaitzarekin, eta aurrera jarraitzeko gogoz.

Hodei Iruretagoiena - Aitziber Laskibar Lizarribar
2014ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Filosofia berarekin, mezu berarekin eta helburu beraren bila. Baina bakoitza bere modura, bere errealitatetik eta bere erritmora. Jende oldea elkarri eskutik helduta bidea egiten jartzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, baina ezta kasualitatea ere. Euskal Herri osoan zehar, 200 herri batzorde inguru aritu dira lanean Gure Esku Dago mugimenduan, herriz herri eta auzoz auzo, igandean kate berean elkartu zena osatzen. Bat egiten dute baieztapen batean: «Hau hasiera besterik ez da».

JOSEBA LEGARDA Aguraingo batzordeko kidea (Araba)

«Inoiz baino jende gehiago mobilizatu da eskualde honetan»

Agurainen duela urtebete inguru jarri ziren harremanetan Gure Esku Dago-ko kideekin. Egitasmoa herritarrei ezagutarazten aritu dira geroztik, batez ere azken bi hilabeteetan, Joseba Legarda batzordeko kideak azaldu duenez: eskuorri eta bideoekin, bulego bat irekita, elkarte eta komertzioekin bilduta... Herrian 500 pertsona lortzea zen erronka: «Hasieran zaila iruditu zitzaigun».

Leku askotan bezala, azken asteetan igo da termometroa. Azkenean, bete zuten erronka, eta inguruko herrietan ere ona izan da erantzuna. Barrundiko kasua aipatu du Legardak: «700-800 biztanle inguru ditu herriak, eta esan zidaten lau autobus bete zituztela. Herri erdia joan zen ia». Denera, hamabost autobus inguru irten ziren Aguraindik eta inguruko herrietatik Arbizura: «Inoiz baino jende gehiago mobilizatu da eskualde honetan».

«Hunkigarria» izan da emaitza. «Badirudi zerbait piztu duela jendearen artean». Astelehena inoiz baino astelehenago izan zen atzo askorentzat, baina whatsapp eta mezu elektronikoak trukatzen hasiak ziren Aguraingo taldekoak: «Honek jarraituko du herrian eta eskualdean; sumatzen da handituko dela».

AMAIA RUIZ Tafalla aldeko batzordeko kidea (Nafarroa)

«Interesgarriena da lortu dugula sare bat oso indartsua»

Tafalla aldean aritu da lanean Amaia Ruiz, beste hiru kiderekin. Lauren artean, Orbaibar eta Izarbeibar aldera ere iritsi dira. Martxo aldera hasi ziren lanean, inauterien ondoren, hitzaldiak antolatuz, bideoak eginez, izen emate mahaiak jarriz... «Azken astean nahiko estresatuta ibili gara, jende gehienak orduan eman baitu izena. Lan gogorra izan da, baina oso ongi atera da».

Zazpi autobus bete, eta 750 lagun baino gehiagok bete zuten 113. kilometroa. Herri hamaiketakoa egin zuten, txistulari eta guzti, eta Iruñera joan ziren eguna amaitzera. «Interesgarriena da lortu dugula sare bat oso indartsua, eta mugitu dela jende berria. Elkartuko gara orain, eta ea zer egiten dugun. Gogotsu gaude».

AMETS ARZALLUS Iparraldeko batzordeko kidea

«Beranduago izan arren, piztu da gogoeta eta bidea egiten ari da»

Gainontzeko lurretan baino beranduago hasi du bidea Gure Esku Dago-k Ipar Euskal Herrian, baina hasi du, eta hori da garrantzitsua Amets Arzallusen ustez. «Beranduago izan arren, piztu da gogoeta». Orain ari da bidea egiten, eta etorkizuna izan dezakeela iruditzen zaio. Izan ere, dinamikari eustea proposatu den herrietan «ideiari heldu» zaiola dio, eta «gogoa» badagoela adierazten duela horrek. Maiatzaren 31n mugaz gaindi egindako giza katea du Arzallusek horren erakusle. Denbora gutxirekin prestatu arren, uste baino arrakasta handiagoa izan zuen kateak, jendea mobilizatu zen, eta dinamikaren inguruko «multzoa» sortu zen.

Nolanahi ere, «adibide hurbilekin lotuta» ikusten dio geroa. «Hurbiltasunak ematen dio zentzua erabakitzeko eskubidearen aldarriari hemen». Eta, alde horretatik, badute bidea erakusten dien eskarmentua: lurralde kolektibitatearen inguruko esperientzia eta Laborantza Ganberarena ditu adibide, eredu propioa landu eta gauzatu daitekeela erakutsi duten esperientzia gisa. Horregatik dio erabakitzeko eskubidea «hurbiltasunetik» landu behar dela Ipar Euskal Herrian. «Toki bakoitzak bere forma hartu behar du, eta hartzen ari da». Horrela ikusten dio «zentzua» dinamikari, eta azken asteetan ikusi dutena «bide baten hasiera» izango den esperantza du.

JON ASLA Mungiako batzordeko kidea (Bizkaia)

«Gure artean sortu dugun konplizitate hori herrira zabaldu behar dugu »

Igandean egin zuen urtebete Mungiako taldeak. Iazko ekainaren 8an Ficoban aurkeztu zuten giza katea, eta handik bueltan egin zuten aurkezpena herrian. «Duela lauzpabost hilabete hasi ginen serio lanean», dio Jon Aslak: hitzaldiak, mosaikoa, Dantza Zati Bat emanaldia... «Errezeloak gainditu eta konplizitateak eraikitzea» izan da lanik garrantzitsuena, Aslaren hitzetan. Aurretik hasia zen horretan ikurrinaren aldeko taldea, eta hamabost bat laguneko taldea osatu dute Gure Esku Dago-rekin: ibilbide politiko ezaguneko jendea eta «motibaziorik gabe zegoena» bildu dituzte; adin, ideologia eta lanbide ezberdinetako pertsonak.

«Aurrerago, konturatuko gara zer izan den egun hau. Orain, gure artean sortu dugun konplizitate hori herrira zabaltzea izango da erronka, sarea handitzea. Bidea da garrantzitsua».

ASIER LARRAÑAGA URKIOLA Bergarako batzordeko kidea (Gipuzkoa)

«Oinarria badago, orain gure lana da ahalik eta ondoen bideratzea hori»

Asier Larrañaga Urkiolak ere nabaritu du Bergaran zerbait berri ekarri duela Gure Esku Dago-k. «Gure batzordean gaudenetatik gehienok ez dugu inplikaziorik izan orain arte. Guretzat berria da hori dena». «Konfiantza» sortu da herriko jende «ezberdinaren» artean. Gainera, ez zuten lan makala izan atzo: Bergarari zegokion kilometroa betetzeaz gain —aise gainditu zuten hasierako erronka—, giza kateko zazpi kilometro kudeatu behar zituzten, eta festa gune ere bazen herria. Lanak aurrez eginda, ez zuten arazo handirik izan, «tentsio momentu batzuk» izan arren. 120 lagun inguru aritu ziren boluntario lanean, adibidez, herrira iritsitako 160 autobusak bideratzen.

Guztiarekin, oinarri «sendo eta aberatsa» ipini dutela uste du Larrañaga Urkiolak, eta «tentuz» jarraitu behar dela: «Oinarria badago, orain gure lana da ahalik eta ondoen bideratzea hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.