Bizitza efimero bat betiereko musikan

Duela mende bat hil zen Lili Boulanger musika konpositorea. 24 urtez besterik ez zen bizi izan, baina gaztetatik hasi zen maisulanak konposatzen, eta Erromako Sari prestigiotsua ere lortu zuen. Aitortza hori jaso zuen lehen emakumea izan zen.

Bizitza laburra eta osasunez ahula izan arren, Frantziako konpositore onenetarikoa da Boulanger. BERRIA.
Maider Galardi
2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Bizitza laburra izan zuen Lili Boulanger musika konpositoreak (Paris, 1893-Mezy, Frantzia, 1918); haren lanak, aldiz, ibilbide luzea izan du. XX. mende hasierako musikagile onenen artean lekua egin zuen, eta, diotenez, haren estiloak arrastoautzi zuen Maurice Ravel eta Igor Stravinski artisten lanetan. 24 urte besterik ez zen bizi izan, baina hogeitik gora obra konposatu zituen, tartean, Fausto et Helena maisulana. Goiztiarra izan zen, eta 13 urte betetzerako konposatu zuen lehen balsa. Aitzindaria izan zen inpresionismoa eta ekialdeko musika uztartzen. Jarri zuen beste mugarri bat ere: Erromako Sari preziatua jaso zuen lehen andrazkoa izan zen. Osasun ahuleziak jota igaro zuen bizia, eta mende laurdena bete baino lehenago hil zen; bihar ehun urte beteko dira ordutik.

Musikari hertsiki lotutako familia batean jaio zen Boulanger, eta 5 urte betetzerako ikasi zuen organoa jotzen. Pianoa, biolontxeloa eta harpa ere jotzen zituen. Diotenez, testuak irakurtzen ikasi aurretik ikasi zuen partiturak irakurtzen. 6 urterekin, berriz, Gabriel Faurerekin egin zituen lehen ikasketa saioak. Familiako laguna zen musikagilea, eta gaztetatik ohartu zen Boulangerrek bazuela musikarako berezko gaitasun bat. Txikitan izandako pneumonia batek bizi osoa baldintzatu zion, baina, gaixotasunari aurre eginda, solfeoa ikasten hasi zen etxean, bere ahizpa nagusi Nadia Boulangerrekin. Ondoren sartu zen Parisko kontserbatorioan, 12 urte bete berritan, eta han ohartu ziren maisu eta ikaskideak Boulangerrek zuen dohain bereziaz.

Garai hartakoak dira musikagilearen lanik ezagunenetakoak. 22. salmoa, 24. salmoa eta 130. salmoa konposatzen hasi zen orduan. Jatorri erlijiosoko poemak dira horiek. Abesteko, berriz, teknika berezi bat erabiltzen da; salmodia. Beraz, Boulangerrek musika instrumentuetarako ez ezik, kanturako lanak ere egin zituen. Orkestrarentzat idazteaz gain, baritonoentzako, tenorrentzako eta korurako moldaketak egin zituen salmoetan.

1912an eman zuen lehen aldiz izena Erromako Saria lehiaketa prestigiotsuan. Hainbat fase gainditu behar ziren Erromako Medici etxean egonaldia lortzeko, baina, lehenengo saiakera hartan ez zuen lortu aurrera egitea. Gaixoaldia izan zuen, berriz ere, musika ibilbidean aurrera egiteko oztopoa. Hurrengo urtean, berriz, saria lortu zuen lehen emakumea bilakatu zen.

Erromako Sariaren irabazle

1913an lortu zuen Boulangerrek kristalezko sabaia haustea. Frantziako musikagileei garaian egindako aintzatespenik handiena zen, eta gutxi ziren prozesuaren tentsioa jasaten zuten artistak. Ravelek, esaterako ez zuen sekula eskuratu saria. Boulangerrek, berriz, bigarren saialdian lortu zuen aitorpena Fausto et Helena lanarekin. Aurrez, haren aitak, Ernest Boulangerrek, irabazi zuen saria, 1835ean.

XVII. mendean sortu zen lehiaketa, Frantziako artistei bultzada emateko. 1803an egin zuten lehen aldiz musikarientzako atal berezitu bat, eta mende baten ostean lortu zuen Boulangerrek ema kume batek jasotako lehen saria. Frantziako presidente Raimond Poncairek hartu zuen Eliseoan, eta ondoren, Erromako Medici etxera joan zen egonaldia egitera. Bi edo hiru urtez egon zen han, eta agindua zuen urtean konposizio handi bat egiteko. Lehen urte hartan idatzita utzi zituen harizko eta haizezko musika tresnentzako zenbait lan. Korurako ere osatu zituen hainbat obra. Hesteetako tuberkulosiak jo zuen, ordea, eta, gainera, I. Mundu Gerra hasi berri zen ordurako. Egonaldia utzi, eta Nizara joan zen babes bila. Handik Parisera itzuli zen, eta ahizparekin batera AEBetako eta Frantziako soldaduentzako aterpe batean lagundu zuen.

1916an itzuli zen berriz Italiara, baina, geroz eta ahulago zegoen osasunez. Salmoak amaitu, eta beste zenbait lan ere egin zituen; hala nola biolontxelorako, flautarako, pianorako eta orkestrarako Udaberriko goiza eta harizko instrumentuentzako Arratsalde tristea. Gertu nabari zuen heriotzaren itzala, eta idatzi zuen azken maisulan bat ere, Pie Jesu bat, haren ahizpari eskainia. Adituek diote requiem bat osatu nahi zuela bere hiletarako, baina bukatu aurretik galdu zuela bizitza. Gainera, opera bat ere utzi zuen amaitu gabe: Malena printzesaren inguruan ari zen idazten.

Pie Jesu-arekin, beraz, aintzatespena egin zion beti alboan babesa eman zion ahizpari. Izan ere, ahizpa gaztearen itzalean egon arren, sekulakoa izan zen garai hartan Nadia Boulangerrek musikari egindako ekarpena. Hain justu, ahizpa nagusia XX. mendeko musikako pedagogo nagusietakoa izan zen Ned Rorem konpositore ezagunaren ustez. Gainera, musikagile gisa izen handia ez eduki arren, hamaika izan ziren zuzendu zituen orkestrak. Besteak beste, Londresko Royal Philharmonic Society-ko lehen zuzendari andrazkoa izan zen, eta urteak eman zituen Fontainebleuko (Frantzia) kontserbatorio prestigiotsuko zuzendari nagusi gisa ere.

Familiaren musika ondarea

Boulanger familia ezaguna izan zen Parisen garaiko musikagintzari egindako ekarpenagatik. Lili Boulangerrek, jaio zenerako, bazuen musikari saldoa familian. Amona opera abeslaria izan zen; aitona, berriz, biolontxelo jotzailea. Aita konpositorea eta Parisko kontserbatorioko irakaslea izan zuen, eta hantxe ezagutu zuen emaztea, Raissa Mitxetska, Errusiako abeslari bat.

Aitak 70 urte inguru zituela jaio ziren alabak, eta, zaharrenari egotzi zioten ahizpa zaintzeko ardura. Txikitatik osasunez ahula izan arren, Nadiak babestu zuen Lili, eta babes horri eta berezko dohainari esker, maisulanak idatzi zituen. Bizitza laburra izan zuen, eta bere lanetan sumatzen da gaixotasunaren itzala, baina haren musika ondareak luze dirau, ehun urteren ostean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.