Agur, musu, kantu eta dantza artean

Sanferminak luzeak diren arren, nostalgia dakar amaierak. Konpartsaren agurrak jende andana biltzen du urtero, une zirraragarria baita askorentzat. Aurten, gainera, ikuskizun berri bat egin dute, eta gogotsu parte hartu dute hara bilduek.

Bidatz Villanueva
Iruñea
2015eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Eguerdia heltzearekin bat bete zen atzo Udaletxe plaza, beste urte batez, agur errateko Iruñeko konpartsari. Eguzkiak gogor jotzen bazuen ere, denetariko jende andana bildu zen, eta urrutitik ikusi behar izan zuten askok ikuskizuna. Gurasoen sorbaldan jasota, umeek zuten ikuspegirik hoberena. Haien buruak nabarmentzen ziren gainontzekoen gainetik, eta zirraraz seinalatzen zituzten erraldoi, kiliki, buruhandi eta zaldikoak.

«Egun guztiak dira garrantzitsuak, baina 14a da nostalgikoena», azaldu zuen Enaut Andueza erraldoi eramaileak. Haren arabera, «sentimenduzko uneak» dira. Gero eta jende gehiago joan ohi dela gehitu du: «Atzerritar asko datoz erraldoiak ikusteko soilik». Erran duenez, sare sozialengatik gertatzen da hori. Sanferminak amaitzear egon arren, bederatzi egunetako nekea ez omen du bereziki sumatzen: «Hasierako egunetan fisikoki nekagarria da, gogorturik gaude, baina orain jada ohituta nago». Dena den, geldiuneren bat egin behar izan zuten erraldoi eramaileek, trago bat edo beste hartu eta giharrak erlaxatzeko.

Agurra baino lehen, dantzan aritu ziren erraldoiak Udaletxe plazan. Duguna dantza taldea ere izan zen. Ondoren, 13:15 aldera, Kale Berria eta Zapateria zeharkatu zuten erraldoiek txistu, danbor eta gaiten doinuekin. Dantza bakoitzaren ondoren, txalo zaparrada bat etorri zen. Bata amaitu eta bestea hasi bitartean, aldaketa egiteko aprobetxatu zuten erraldoi eramaileek. Tarte horretan ere, ume eta helduak hurbildu ziren argazkiak atera eta erraldoien barrena nolakoa zen ikustera.

Bestelako melodiak ere dantzatu zituzten erraldoiek. Zapateria kalean sartu aitzin, Iruñeko San Saturnino Kofradiak Negro Jose abestia jo zuen. Roberto Teran Argentinako musikariaren kanta ospetsua egin zen Latinoamerika osoan, hala nola Augusto Pinocheten diktaduraren garaian, Txileko kontzentrazio esparruetan. Erraldoi amerikarrak jarri ziren parez pare, eta isildu ziren gainontzeko musikariak, kofradiaren abestia dantza zezaten.

Heldu ziren 14:00ak. Jendea adi-adi zegoen, zer gertatuko esperoan. Handia zen jendearen joan-etorria. Batzuek, nekatuta jada, agur egin zioten konpartsari. «Erran agur guztiei, Sergio!», animatu zuen ama batek bere semea, eta horrek eskuaz egin zien imintzioa. Beste batzuk, ordea, agurraren ekitaldia ikustera bildu ziren. Patrizia Otxoa iruindarrak Alba Martinez alaba zeraman magalean. «Gutxi ikusi ohi ditugu erraldoiak, oporretan joateko aprobetxatzen dugulako», azaldu zuen Otxoak. «Baina egun batzuetan etortzen gara bederen, agurra oso polita baita». Alabak berretsi zuen amaren iritzia, buruaz baiezkoa eginez.

Ikuskizun berritu bat

Buruhandi eta kilikiak ezkutaturik zeuden. Erraldoiak ere ez zeuden Udaletxe plazan. Eta, bat-batean, Barbas buruhandia agertu zen Turismo Bulegoaren goialdeko balkoian. Txaloka eta oihuka hasi ziren denak. Barbasek joko bat proposatu zion publikoari: hots egin ziezaietela gainontzeko buruhandi eta kilikiei. Banan-banan, Udaletxe plazako balkoietatik ateratzen hasi ziren Japoniar jauna, Amona, Koletas, Alkatea, Zinegotzia, Berrugas... Caravinagre, ordea, hainbatetan deitu arren, ez zen inondik ageri. Ezkutatuta jarraitzen zuen.

Kexu zen Barbas. «Berriro ere berandu helduko da Caravinagre!», zioen buruhandiak. Baina alde batera utzi zuen ezustekoa, erraldoiei harrera egin behar baitzien. Orduan hasi zen plaza osoa ozen kantatzen hark proposatutako esaldia: «Ts, ts, badatozela!». Zapateria kaletik agertu ziren Udaletxe plazaren erdiraino, algara artean. Horrez gain, buruhandiek 145 urte betetzen zituztela eta, Zorionak zuri abestu zuten hara bildutakoek. Barbasek ere alkateari hots egin zion. Baina ez buruhandiari, Joseba Asironi baizik. Udaletxeko balkoian zegoen, bera ere ikuskizunaren lekuko. Todos queremos más (Denok nahi dugu gehiago) kantatu zuen jendeak. «Entzun duzu, alkate?», itaundu zion Barbasek Asironi. «Jendeak jaiegun gehiago nahi ditu!». Alkatea pentsatzen utzi zuen buruhandiak, eta Caravinagreren bila zihoala ohartarazi. Kilikia agertu zenean aztoratu egin ziren haurrak.

Erraldoiak makurtzen hasi ziren, haurrek muxukatu zitzaten.Agurra amaitzear zen seinale. Denek nahi zuten haiengana hurbildu. Bazegoen hunkituta malkorik bota zuenik. Barbasen gidaritzapean sartu ziren erraldoiak udaletxe barruan. Jaia, ordea, ez zutenamaitu nahi; berriz egin zuten agerraldia erraldoiek. Eta ondoren, bai, barruan sartu ziren, kiliki, zaldiko eta buruhandien ondoren, izandako agurrik luzeenari amaiera emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.