Brusela serio jarri da zerga ihesaren aurka

Multinazionalek zerga gutxi ordaintzeko egiten dituzten trikimailuak eragozteko proposamenak egin ditu Europako Batzordeak.Estatu kide asko kontra izango ditu Pierre Moscovici komisarioak

Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Iker Aranburu.
2016ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Multinazionalen zerga ingeniaritzari mugak jarri nahi dizkio Europako Batzordeak. «Urtero milaka milioi euro galtzen dira zerga ihesaren bitartez. Diru hori baliatu ahal izango litzateke zerbitzu publikoetarako, esaterako, eskola eta erietxeetarako, segurtasunerako, edo enpleguaren sorkuntza sustatzeko», argudiatu zuen atzo Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioak.

Zerga ihesari aurre egiteko modurik onena zerga oinarri komun bat dela uste du Bruselak, hau da, esta tukide guztietan gauza berak zergapetzea. Ildo horretan, proposamen bat egin zuen aurreko Europako Batzordeak, baina baztertu egin behar izan zuen, herrialde askoren aurkakotasuna ikusita. Aurten berriro proposatuko duela agindu du Moscovicik, baina bitartean ingeniaritza fiskalari heldu nahi dio; hau da, patenteen, copyright eskubideen, maileguen eta beste trikimailuen bidez irabaziak zerga txikienak dituzten herrialdeetara eramatea ahalbidetzen duten praktikari. Saiakera ezerezean geratzeko—edo asko urardotzeko— arriskua du, zerga tratamendu onberak arma garrantzitsuak baitira EBko estatu kideek inbertsioak erakartzeko edo multinazionalei eusteko elkarren artean duten lehiarako.

Bruselak proposatu duen zuzentarauaren puntu nagusia da estatu batek eskubidea duela bere mugen barruan enpresa batek lortu dituen irabazi guztiak zergapetu ahal izateko. Hori automatikoki egin ahal izatea nahi du, baldin eta multinazionalak irabazi horiek zergak %60 txikiagoak dituen herrialde batera eraman baditu. Araua indarrean jarriko balitz, irabazi horiek beste herrialde batera eraman izan ez balira bezala zergapetu ahal izango dira. Dibidenduak, jabetza intelektualaren ordainketak eta patenteak ere zergapetzeko aukerak handitu nahi ditu Moscovicik.

Zerga kontuekin «leia desleiala» egiten duten herrialdeekin zerrenda beltz bat osatzea ere proposatu du Europako Batzordeak. Zerrenda horretan egoteko zein baldintza bete behar diren urtea amaitu aurretik zehaztu nahi du Bruselak.

Lehen urratsak

Mugimendu politikotik ere badu Europako Batzordeak zerga ihesaren aurka hasitako gurutzada. Izan ere, Batzordeko presidentea, Jean Claude Juncker, multinazionalei mesedeak egiten bereziki nabarmendu zen, Luxenburgoko gobernuburu eta Ekonomia ministro izan zen urte luzeetan. Baina Luxleaks auziak trikimailu horiek jendaurrean azaldu zituenetik, eskandalutik urrundu nahi du Batzordeak, eta bere burua enpresa handiei zergak zintzoki ordainarazten dien erakundetzat aurkeztu.

Azken hilabeteotan bi kasu sonatu mahairatu ditu. Urrian, Fiat eta Starbucks behartu zituen Luxenburgori eta Herbehereei ordaindu ez zizkieten 60 milioi euro ordaintzera. Duela bi aste, berriz, Margrethe Vestager Lehia komisarioak Belgikari agindu zion 35 multinazionali barkatutako 700 milioi euro berreskuratzeko.

Atzoko neurri sortarekin zerga ihesaren aurkako koordinazioa handitu nahi duela dio EBk, eraginkorragoa delakoan. Baina estatu batzuk beren kasara ari dira jokatzen, eta zergen zati bat berreskuratzeko tratuak egin dituzte multinazionalekin.

Abenduan, Applek onartu zuen Italiari 318 milioi ordaintzea iraganeko zergen truke. Aste honetan bertan, Googlek onartu zuen Erresuma Batuko Ogasunari 130 milioi euro itzultzea. George Osborne Ekonomia ministroak garaipentzat saldu nahi izan du akordioa, baina kritika gogorrak jaso ditu, askok uste baitute Googleri merke atera zaiola konponbidea. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak Vestagerri eskatu dio akordioa iker dezala, legez kanpoko estatu laguntza izan daitekeelakoan.

Arrain txikiak izango dira horiek guztiak azkenean Brusela Appleren Irlandako gordelekuarekin ausartzen bada. Telefono eta ordenagailuak egiten ez ezik, ingeniaritza fiskalean ere lehen mailako jokalaria da sagarraren konpainia. Trikimailuen bidez Irlandara desbideratzen ditu Europan lortutako irabazi gehienak, eta han ere abantailak ditu zergen %12,5eko zama teorikoa %2an uzteko. Irlandako hauteskundeak igaro arte ari da itxaroten Vestager Appleri aurre egiteko. Egiten duenean, litekeena da Dublinen helegitea jasotzea. Izan ere, Irlandak nahiago du enpresa horiei kosta ahala kosta eutsi, milaka enplegu ziurtatzen dizkiolako.

Appleren presioa

Apple bera prest dago presio egiteko. Aste honetan, Tim Cook konpainiako burua Europan izan da, Vestagerri gogorarazten Applek 1,4 milioi enplegu sortu dituela Europan. Cooken bizkarra zaintzen Barack Obama bera dago, AEBetako multinazional arrakastatsuen aurkako gurutzada bat dela salatzen. Applek eta beste erraldoi teknologikoek irabazitako milaka milioietatik gutxi ikusten ditu AEBetako Ogasunak, zatirik handiena Bermudetan eta beste zerga paradisuetan gordeta baitaude, non gastatu erabaki arte. Uste denez, Applek 190.000 milioi euro ditu diru freskoan, Euskal Herri osoko ekonomiak urtebetean sortzen duen aberastasuna halako bi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.