Abokatuen kontrako polizia operazioa

Defentsaren aurkako erasoa

16 lagun atxilotu dituzte: 12 abokatu eta Herrira-koak izatea egotzi dieten lau lagun.LABen egoitza, abokatuenak eta 'herriko tabernak' miatu dituzte.Gaur edo bihar deklaratuko dute atxilotuek auzitegian

1 RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren abokatuen aurka operazio zabala egin du Guardia Zibilak Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Madrilen. Hamasei pertsona atxilotu ditu; horietatik hamabi, abokatuak. Duela urtebete Auzitegi Nazionalak jomugan jarri zuen Herrira plataformako kide izatea egotzi die gainontzeko laurei. Zehazki, presoen eskubideen aldeko plataformaren diru kontuez arduratzea. «Espetxeetako frontearen» kontrako operazio gisa aurkeztu ditu atxiloketak Eloy Velasco epaileak. Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioaren esanetan, «espetxeetako fronteko» abokatuen alorra eta «aparatu ekonomikoa» jo ditu operazioak. Mate izena eman dio atzoko operazioari epaileak, euskal presoen babesaren aurka duela urtebete egindako operazioaren jarraipena dela erakutsiz. Xake deitu zion iazko urtarrileko operazioari.

Espainiako Barne Ministerioak igorritako oharrean jakinarazi duenez, «erakunde terroristako kide» izatea leporatuta atxilotu dituzte guztiak. Abokatuei «presoen gaineko kontrola» egitea egotzi die, eta dirua zuritzea zein ogasunari iruzur egitea. Presoei «doktrinatze ideologikoa» egitea ere leporatu die abokatuei; euskal presoei informazio juridiko, politiko eta pertsonala helaraztea eta ETAren aginduak helaraztea ere egotzi die.

Horrela, abokatuek presoen kolektiboan barne hausturak saihestu nahi zituztela dio ministerioaren oharrak. Horretarako presoak sarri bisitatzen zituztela esaten du, eta bisita horiek «denetariko informazioa» emateko baliatzen zituztela. «Abokatuen kolektiboa baluartea da EPPKren barne kohesioa eta diziplina mantentzeko».

Abokatuek espetxeetatik kanpo ere jarduten zutela dio; presoen senideei babesa emateko sare soziala lantzen zutela eta hori laguntza ekonomiko eta asistentziala emanez osatzen zutela.

Hartara, atzoko operazioarekin, ETAk presoak bere aginduen menpe mantentzeko egitura «ia-ia desegin» dela adierazi du Barne Ministerioak.

Auzitegiak Herrira-ren jarduna etenda daukala ohartarazi du, plataformako kide direlakoan atxilotu dituztenen aurkako erasoa azaltzeko. Herrira-k baliabide ekonomikoak legez kanporatutako Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta Askatasunak bezala kudeatzen dituela esan du. Eta bere zereginen artean dagoela abokatuei ordainketak egitea: «Mate operazioak burutzen ditu Guardia Zibilak 2013ko irailean eta 2014ko urtarrilean ETAren 'Espetxeetako Frontearen', Herrira-ren eta Koordinazio Taldearen gainontzeko egituren kontra egindako operazioak».

Delitu ekonomikoak ere egotzi dizkie atxilotuei Barne Ministerioak. Eta, oharrean aipatu ez duen arren, LABen Bilboko egoitza miatzeko akusazio hori aitzakia gisa baliatu dutela uste du Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak. Susmo hori agertu zuen goizean, egoitza kanpoan. «Pentsatzen dugu jendeak larunbatean boluntarioki emandako dirua eramateko etorri direla».

LABen egoitza eta dirua

Berri agentzien arabera, 70.000 eta 90.000 euro artean atzeman ditu Guardia Zibilak miaketetan. Dirua LABen egoitzatik eta herriko taberna batzuetatik eraman duela esan du. Espainiako Barne Ministerioak sindikatuaren egoitza barruko argazki ikusgarri bat ere zabaldu du. Txanpon eta billete multzo handiak zenbatzen ikusten dira guardia zibilak.

Diru horren jatorriak azalpen erraza duela ohartarazi du, ordea, Sarek: «LAB sindikatuak ez du inongo erantzukizunik, egin duen bakarra larunbatean jasotako txanponak euren bulegoan batzeko aukera ematea izan da. Gaur goizera arte, banku bulegoak itxita zeudelako». Diru hori Sarek kuestazio bidez jaso zuela azaldu du, eta gastuei aurre egiteko egin zuela bilketa. «Konfiskaturiko diru hori itzultzea exijitzen dugu», esan du.

Espainiako Gobernuari «konfrontazioa eta liskarra» bilatzea egotzi dio Sarek, eta, Eusko Jaurlaritzari, operazioaren «larritasunaren» aurrean bere jarrera garbi azal dezala eskatu dio.

Etxaidek ere arduraz jokatzeko eskatu du, eta instituzioei zein eragileei elkarlanean urratsak egiteko proposatu die, «horrelakoak ezin direlako onartu».

Hain zuzen, BERRIAk jakin duenez, eragileek bilera egingo dute gaur Bilbon, mobilizazio bateratu bat prestatzeko asmoz.

Bien bitartean, Madrilen atxilotu zituzten hiru abokatuei gaur polizia deklarazioa hartuko diela jakin du egunkari honek: Amaia Izkori, Haizea Ziluagari eta Eukene Jauregiri hartuko dietela deklarazioa. Auzitegi Nazionalean ezker abertzaleko 35 kideren aurka atzo hastekoa zen epaiketan defentsa lanetan aritzeko joanak ziren hirurak Madrilera,eta han atxilotu zituzten, hotelean.

Gainontzeko atxilotu gehienak beren etxeetan atxilotu zituzten 07:00ak inguruan. Bilboko Zazpikaleetako Errondabide elkartera sartu ziren guardia zibilak ordu bertsuan, eta, ordubete beranduago, LABen Bilboko egoitzan eta abokatuenean. Hamabi orduz iraun zuten miaketek LABen egoitzan. Sindikatuaren egoitzara Jabi Carbadillo eraman zuten atxilotuta, eta abokatuenera Kepa Manzisidor. Abokatuek Hernanin duten bulegoa ere miatu zuten guardia zibilek, Ainhoa Baglietto bertan zutela. Bederatzi orduz miatu zuten bulego hura.

Herriko taberna eta elkarte ugari arakatu zituzten. Besteak beste, Santutxu, Leioa, Durangoeta Gernikakoa. Mobilizazio ugari egin ziren iluntzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.