Errekaleor. Proiektua, barrutik

'Mundurik onena' argituz egunero

Errekaleorreko bizilagunek auzo okupatuan ikusten dute beren etorkizuna. Autogestio proiektua «trinkotu» dela hausnartu dute, azken asteetako gertakariei esker

Errekaleorreko eraikinak, eta, atzean, Salburua auzoa. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Maiatzaren 18an, Iberdrolak argindar sarerako lotura moztu zuen Errekaleorren. 1950eko hamarkadan eraiki eta Mundurik onena goitizenarekin izendatu zuten auzoa ilunpetan geratu zen. Argindarrik gabe, baina ez geldirik. Hala jakinarazi dute bizilagunek. Azken bi asteetan, Errekaleorreko 150 bizilagunek jarraitu dute proiektua garatzen; irudikatzen duten mundurik onena egunez egun argitzen.

[Youtube]https://youtu.be/nBXB8v5wiFE[/Youtube]

Gasteizko hego-mendebaldean dagoen auzo okupatuaren plazan, mugimendua ikusten da 13:20 aldera. Aurreko asteburuan, auzoko jaiak izan ziren, eta bizilagun batzuk arrastoak jasotzen ari dira. Bazkaria prestatzen ari dira beste batzuk, inguruan dauden kideekin hitz egin bitartean. Azken bi asteetan, auzokideek elkarrekin gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen dute. Leku komunetan biltzen dira horretarako. Han dituzte maiatzaren 18tik auzoa argitzen laguntzen duten sorgailu gehienak. Ez guztiak, ordea. Seme-alaba txikiak dituzten familiek eta adinekoek erabiltzen dituzte beste sorgailuak.

Maiatzaren 18tik elkarbizitza trinkotu dela nabarmendu du Ibai Maiza Errekaleorreko bizilagunak (Donostia, 1989): «Elkartuta geunden, baina are elkartuago gaude orain; alertan jarri gintuzten, eta lanean ari gara, bete-betean». Auzokideen arteko batasuna indartzeaz gain, kanpotik jasotako elkartasun adierazpenak eta laguntza ere nabarmendu dituzte Errekaleor Bizirik-eko kideek. Besteak beste, argia moztu eta ordu gutxian, hainbat argindar sorgailu jaso zituzten Euskal Herriko bazter guztietatik.

Fabricio Lombardo bizilagunak (Argentina, 1980) hausnartu du argindarra moztu izanak proiektua hauspotzeko balio izan duela. «Zehaztugabetasun egoeran geunden, eta ezin genuen denbora guztian horrela bizi. Honek galdera mahai gainean jarri du: hau da arazoa, eta, orain, zer egingo dugu?». Errekaleor Bizirik-eko kideek argi dute haien erantzuna: auzoan ikusten dute etorkizuna «Badakigu zer nahi dugun aurrera begira, baita nola kudeatu nahi dugun ere», gaineratu du Maizak.

Besteak beste, argindarra moztu izanak auzoaren energia ereduaren gaineko erabakiak hartzeko prozesua bizitu du. Lehenik eta behin, gizarte etxea zenaren teilatuan plaka fotovoltaiko bat jarri dute, kontsumituko duten argindarra ekoizten hasteko neurri gisa. Horrez gain, proiektu batzuen etorkizuna aztertzeko parada izan dutela azaldu du Viñesek. «Okindegia dugu, baina bertako labea handia da, eta argindar asko kontsumitzen du; egur-labe bat prestatzeko aukera mahai gainean dago».

Badaude geldi ere geldirik dauden egitasmoak, inprimategia kasurako, argindarrik ez dagoelako. Ordea, azaldu dute horrek ez duela esan nahi geldirik egongo direnik. Besteak beste, irrati eta musika estudioak egiteko lanekin jarraitzen dute, argindarra moztuta badago ere. Horien guztien gainean, datorren astetik aurrera hausnartuko dute. Hala azaldu du Itxaso Viñes Errekaleorreko bizilagunak (Bilbo, 1982). Hain zuzen ere, auzoa argirik gabe utzi zutenetik lehentasunak beste batzuk izan direla jakinarazi du: auzoaren kudeaketa egokitzea, larunbat honetako manifestazioa prestatzea...

Proiektu heldua

Viñes eta Maiza duela bi urte heldu ziren Errekaleorrera, 2015ean. Ordutik egitasmoa «heldu» dela azaldu du Maizak, bertan bizi direnen profilak ugaritu ahala. «Hona etorri nintzenean bizitzera, jakin banekien ez zela erraza izango; arazoak daude, edonon bezala, baina kudeatzen ditugu», azaldu du. Alde horretatik, auzoaren beraren antolaketa findu dela gaineratu du Viñesek: sorreratik, hainbat modu probatu dituzte. Gaur egun, erabaki nagusiak batzarrean hartzen dira, baina gai jakinetan erabakiak hartzeko ahalmena duten lantaldeak daude; batzuk ortuan, besteak azpiegituretan...

Lombardo eta Yesica Rodriguez ere (Argentina, 1981) 2015ean ere heldu ziren, seme batekin. Rodriguezek azaldu du auzoa auzolan batean ezagutu zuela. Komunitate izaera asko gustatu zitzaien. «Buruan genuen seme-alabak heztea halako ingurune batean, non elkartasuna dagoen». Rodriguez eta Lombardo guraso izan dira berriki. Viñes ere hilabete gutxian izango da ama: «Errekaleorren urte bat baino gehiagoz bizi ondoren, Hego Amerikara mugitu nintzen bikotekidearekin. Haurdun geratu ginenean, itzultzea erabaki genuen: hemen hezi nahi dugu gure haurra».

Autogestiotik, aurrera

Errekaleorrera bizitzera joan zireneko itxaropenak betez joan direla uste dute guztiek. Hau da, arazoak arazo, autogestioaren bitartez bizilagunek nahi duten auzo ereduan, komunitate izaeran, aurrera ari direla. Lombardok azaldu du geroz eta esku gehiago daudela lan egiteko, eta jendea proiektura gehitu ahala kulturartekotasun handiagoa dagoela: «Agian ez goaz nahi genukeen bezain azkar, baina mundua ere ez doa nahi genukeen norabidean».

Errekaleor Bizirik elkarteko kideek harridura agertu dute Gasteizko Udalak azken asteotan erakutsitako jarrera aldaketarekin. Viñesek gogorarazi du azken bilera duela hainbat hilabete izan zela, 2015eko amaieran. Orduan, udalak bere proposamena ezagutarazi zien: proiektua Aretxabaleta auzoko etxe huts batzuetara mugitzea, Errekaleor eraitsi eta bertan ortu ekologikoak egiteko. Elkarteak mugitzeari uko egin zion, eta eraikinen inguruan ortuak egiteko lekua sobera dagoela baloratu zuen. «Hala eta guztiz ere, komunikazio bideak zabalik mantentzea adostu genuen», azaldu du Viñesek. Ordea, ordutik ez dute udalaren aldetik informaziorik jaso. Udalaren jarrera ez ezik, auzoaren gainean esandakoak kritikatu dituzte Errekaleor Bizirik-eko kideek. Erabiltzen dituzten eraikinak ondo daudela azaldu dute. «Gure etxea oso segurua da. Ez ditut seme-alabak sabaia gainera eroriko zaien etxe batera ekarriko! Ez gara arduragabeak». Lombardok gaineratu du alkateak egia desitxuratu nahi duela, segurtasunaren gaineko oharren bitartez. «Auzoa ondo zegoen, baita komunitatea ere, eta hori barrutik suntsitu zuten; haiek izan ziren auzoa suntsitu zutenak, eta guk pixkanaka berpiztu genuen».

Maizak gaineratu du segurtasuna ez dela etxeei lotu beharreko zerbait bakarrik. Azken urteetan auzo segurua lortu dutela gogorarazi du. Ordea, argia kendu zutenetik, «gune beltzak» ugaritu direla ohartarazi du.

Errekaleor eta Gasteiz, bat

Auzoaren etorkizuna zehazteko garaia heldu dela uste du Lombardok, eta prozesu horretan hiriaren garrantziaz ohartarazi du: «Guk badakigu zer nahi dugun; falta dena da Gasteizek erabaki dezala». «Borroka» hirian dagoela hausnartu du Lombardok. «Gasteizek ulertu behar du Errekaleor berea dela».

Azken urteetan egindako lan guztia, auzoarentzat ez ezik, hiritarrentzat ere badela gogorarazi dute Errekaleor Bizirik-eko kideek: liburutegia, frontoia, antzokia, kultur ekintzak... Viñesek azaldu du auzora gerturatzen diren pertsonak badaudela egun: «Seme-alaba txikiak dituzten gurasoak haurrentzako prestatu dugun espaziora datoz». Lombardok hausnarketa sakondu du: «Hori da proiektuaren esparrua. Bertan definitzen da, eta bertan dugu borroka».

Larunbateko manifestazioa proiektua hirira «zabaltzeko» aukera dela azaldu du Lombardok. «Indar erakustaldia izatea espero dugu, eta, aldi berean, gonbidapen bat da hiritarrek Errekaleor ezagutu eta bertako parte izan daitezen». Poliki-poliki proiektua sustraitzen den zantzuak daudela zehaztu du Rodriguezek. «Gero eta jende gehiago ikusten dugu auzotik, adineko batzuk barne, makulu eta guzti: baratzea begiratzen, oilategia, auzoan paseoan...».

Edonola ere, larunbateko manifestazioak hiriko mugak gainditu nahi ditu. Viñesek azaldu du asteotan hamaika begi egon direla Errekaleorren gainean, baina hilabete barru beste egitasmo baten gainean egon daitezkeela. «Gertatu zaiguna herri proiektuen kontra egiten den beste eraso baten moduan ulertzen dugu», esan du. Andre Maria Zuriaren plazan, larunbatean, 17:30ean eraso horien aurka agertzeko tartea egongo dela argitu du, azkenik. «Oraingo honetan, Errekaleor defendatzea herritik jaiotako proiektuak defendatzea da: Errekaleorrek irabaztea herri mugimenduaren garaipena izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.