Euskalerria Irratia. Eragileen erreakzioak

Hogeita hamar urtean ondutako sarea

Euskalgintzak eta irratiaren inguruan sortutako kolaboratzaile sare zabalak txalotu egin dute Nafarroako Gobernuaren erabakia. Lizentzia «beranduegi» heldu den arren, «keinu garrantzitsua» dela uste dute denek.

Mikel Bujanda eta Kike Diez de Ultzurrun, irratiaren hastapenetan. BERRIA.
Iñaki Berastegi - Ion Orzaiz
2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Euskalerria Irratiaren iraupenak eta arrakastak giltzarririk badu, eragileen laguntza eta elkarlana dira. Hogeita hamar urteotan, kolaboratzaile sare zabala ondu du komunikabideak, Nafarroako eta, bereziki, Iruñerriko euskaldunen artean. Hori dela eta, euskararen normalizazioan diharduten elkarteek txalotu egin dute Nafarroako Gobernuaren erabakia. Atzo albistea argitara atera zen unetik, joka hasi zen Euskalerria Irratiaren telefonoa, eta sare sozialetan ere etengabeak izan ziren zorion mezuak. Ospatzeko arrazoiak daudela nabarmendu dute irratiko kolaboratzaile, lagun eta euskalgintzako eragile gehienek, baina bidean aurkitutako oztopoak ahaztu gabe.

SERGIO IRIBARREN Sortzen elkarteko arduraduna

«Herri mugimenduaren ahotsa ozenago entzunen da»

«Euskalerria Irratiak urteak daramatza dagokiona eskatzen eta, batez ere, horretarako baldintza guztiak betetzen. Politikoki baztertua izan da, euskaraz emititze hutsagatik. Gobernu berriari dagokionez, oso ongi etorriak dira halako keinuak. Lizentziaren onarpenak bestelako ondorioak izanen ditu, diru laguntzen eta publizitate instituzionalaren banaketan, adibidez. Horrek irratiko langileen lan baldintzen onura eta egonkortasuna eraginen duela espero dut. Herri mugimenduen ahotsa apur bat ozenago entzun ahal izanen da uhinetan, eta hori pozgarria da beti».

SAGRARIO ALEMAN IKA Arturo Campion euskaltegiko burua

«Azken urteotako injustizia konpontzera heldu da erabakia»

«Sentitu dudan lehenbiziko sentsazioa poza izan da. Batetik, erabaki hau aspalditik espero genuelako, eta bidegabekeria bat konpontzera heldu delako; bestetik, hainbeste urteren ostean, albiste hau behar-beharrezkoa genuelako. Albistea entzun eta berehala, horren berri eman diegu euskaltegiko ikasle eta irakasleei, gure ustez, euskararentzat oso berri garrantzitsua baita Euskalerria Irratiaren normalizazioa. Bestalde, erdaldunek ere horren berri izatea ona da, ezinikusiak amaitze aldera. Hasiak gara aldaketa ikusten».

XABIER EPALTZA Euskara Kultur Elkargoko zuzendaria

«Ez ditugu ahaztu behar prozesuan izandako bidegabekeriak»

«Oso berri pozgarria da Euskara Kultur Elkargoarentzat: egoera bere onera itzuli da. Justizia egin da. Baina ez dugu ahaztu behar zenbat lan eta kezka eragin dituen prozesu honek, eta, batez ere, zenbat diru galdu den bidean. Adibidez, Euskara Kultur Elkargoak 40.000 euro baino gehiago gastatu du prozesu luze honetan. Halere, pozik gaude, eta gu bezala, Iruñerriko eta Nafarroako euskaldunon komunitateak ere pozik egon beharko luke. Legez kontrako ekintza eta bidegabekeria guztiak ahaztu gabe».

URKO ARISTI Tokikom elkarteko presidentea

«Euskaldunon topalekua da Euskalerria Irratia»

«Justizian sinesten dugunok poztu besterik ezin dugu egin. Urte luzeotan pairatutako bidegabekeriari erantzuna eman dio ebazpenak. Berandu, baina hobe hori, inoiz ez konpontzea baino. Euskalerria Irratia euskaltzaleon eta euskaldunon topalekua da, ororen gainetik. Euskararen erreferentea Iruñerrian. Sekulako lana egin du urteotan, zailtasunak zailtasun, eta bere helburuari eutsi dio. Lanean segitzeko unea da, baina badago zer ospatu».

CASTILLO SUAREZ Idazlea eta euskara teknikaria

«Alegaltasunean jarduteak irratiarekiko elkartasuna sortu du»

«Prekaritatean eta alegaltasunean urteak eman dituzte irratiko langileek, eta haiengatik pozten naiz bereziki. Hala ere, berria irakurri dudan unean bertan Ibon Gaztanbide etorri zait burura: Nafarroako aldaketa politikoarekin eta lizentzia lortzearekin amets egiten zuen. Baldintza prekarioetan lan egite horrek Euskalerria Irratiarekiko nolabaiteko elkartasuna sortu du; komunitate bat sortu da. Komunitate eta kolaboratzaile sare zabal hori dira irratiaren bereizgarri nagusiak. Horrelako proiektu komunikatibo batek komunitate baten babesa behar du derrigor; lizentzia lortzearekin batera mantentzea espero dut. Lizentziak, hala ere, traba administratiboa gainditzea posible bihurtu du, etorkizunera beste era batera begiratzea».

ARITZ IBAÑEZ Kazetaria

«Lantaldearengatik eta Ibon Gaztanbiderengatik pozten naiz bereziki»

«Estudiora gerturatzea ezinezkoa izan zait, baina sekulako poza hartu dut berria irakurri dudanean. Alegaltasunean eta prekaritatean lan egin arren, aurrera jarraitu dute kalitate handiko produktu zabal bat eskainiz. Bertako lantaldearengatik eta Ibon Gaztanbiderengatik pozten naiz bereziki, eurak osatzen baitute, entzuleekin batera, Euskalerria Irratiaren komunitatea. Ez dut uste lizentzia lortzeak produktua aldatuko duenik; bereziki azpiegiturei eragingo diela uste dut: irratiaren eta lantaldearen iraunkortasuna bermatuko da. Hemezortzi urte inguru eman ditut irratiarekin modu batean edo bestean kolaboratzen: umorezko saioarekin praktikatan, Osasunaren inguruko berriekin... Alegaltasunak irratiari eman dion xarma berezia ez galtzeko eskatu dio entzule batek lantaldeari. Ez dut uste lizentziak hor eragingo duenik; komunitateari bere hartan eutsiko diolakoan nago. Legezkotasunean aritzea beti da ona».

ASIER BIURRUN AEK-ko arduraduna Nafarroan

«Fruituak eman ditu hainbertze urtetako borrokak»

«Berri hau oso pozgarria da. Orain ikusi da hainbertze urtetako borrokak fruituak eman dituela. Gobernu aldaketak eragina izan du, eta espero dugu Euskalerria Irratiarekin gertatu den moduan, euskalgintzako gainontzeko eragileok ere aire fresko hori sumatuko dugula. Guretzat, Euskalerria Irratia arnasgune bat izan da beti, eta gure ikasleentzat, berriz, ezinbesteko erreferentzia bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.