Meatzaritzatik armetara

Ukraina ekialdean gerra hasi zenetik, bertako jendearen bizitza zeharo aldatu da. Askok jaioterria utzi eta Errusiara ihes egin dute; bertan geratu direnak, lanbidea utzi eta armak hartuta, gerrara abiatu dira. Su-etena adostu ondoren, hildakoen jarioa gora doa oraindik ere.

Miliziano errusiazale bat, Donetsketik 50 bat kilometrora. ALEXANDER ERMOXNEKO / EFE.
Lur Gil.
Donetsk (Errusia)
2014ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Gerrak ez du etenik Donbass eskualdean, Minskeko Akordioetan su-etena adostu zuten Ukrainako eta Errusiako agintariek, baina bonba eta tiro hotsak eguneroko kontua dira bertako biztanleentzat. Ukrainako armadak Donetsk ingurua bonbardatzen jarraitzen du, herri miliziekin lehian aireportua kontrolatzeko. Luhansk inguruan ere, borroka gogorra dago bi aldeen artean, eta armadaren hegazkinek bonbak jaurtitzen jarraitzen dute.

Hau ez da Ukrainako Donetsk, Errusiakoa baizik. Hemendik gertuko mugaraino hurbildu diren milizianoen arabera, hildakoen kopuruak gora egiten segitzen du. «Donbass eskualdeko jende armatu gabea eta Ukrainako armadako soldaduak dira hildako gehienak», Luhanskeko Herri Milizietako komandante Andrei Levinen esanetan. Herri Miliziak itxaropentsu daude, nahiz eta euren aurpegietan gerraren nekea nabaritu, «faxismoaren aurkako borroka irabazten» ari direla esaten baitute. «Ukrainako armada ahul dago. Hildako ugari izaten ari dira, eta soldadu askok beren erabakiz utzi dute armada. Aurrera egiteko momentua da hau», Luhanskeko miliziano baten esanetan.

Milizien osaera askotarikoa da. Andrei Levin komandantearen batailoian, esaterako, anarkistak, komunistak eta kosakoak daude, besteak beste. Haietako denek diote ardatz baten inguruan elkartzen direla: «Faxismoaren aurkako borrokan». Gerrak erabat aldatu du orain miliziano direnen bizitza; duela gutxira arte, arma esku artean inoiz hartu gabeak ziren haietako asko, baina orain armatuta dabiltza.

Donbass eskualdea meatzaritza eremu garrantzitsua da. Meatzari asko dira boluntario herri milizietan. Levin komandantearen batailoian ere meatzari ugari daude, baina baita industria arloko langileak ere.

«Faxismoa» da Ukrainako Gobernua eta armada izendatzeko boluntariook gehien darabilten hitza. Horregatik, bai Novorossia deritzoten estatuan eta baita harekin muga egiten duten Errusiako eskualdeetan ere, San Jurgiren zinta laranja-beltzak nonahi ikus daitezke. Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurkako ikur bihurtu zen, eta gaur ere jendearen soinean, autoetan edota etxeetan ikus daiteke. Faxismoaren aurkako borrokaren historia gogoan daukate, baita 1936ko gerra ere. Milizianoek gehien errepikatzen duten oihua «No pasarán!» da (Ez dira pasatuko). Ukabila altxatuta. 1936an Iberiar penintsularajoandako nazioarteko brigaden garrantzia gogoan, laguntza bera eskatzen dute orain. Europatik joandako brigadista zenbait dituzte batailoietan borrokan. Serbiatik, Greziatik, Italiatik eta Espainiatik joandakoak, besteak beste.

Errefuxiatuen joan-etorriak

Donbassen gerra hasi zenean, biztanle askok Errusiako muga zeharkatu zuten. Bonbei ihes egitea zuten helburua. Donetskeko Herri Errepublikatik alde egindakoak Rostov Don hirira joan ziren. Ehun mila errefuxiatutik gora ziren guztira; eta beste asko, Luhansketik Errusiako Donetsk honetara etorri ziren. Kanpamentuak egin zituzten hasiera batean, muga zeharkatzen zuen jendetza horren beharrei erantzun ezinik. Abuztuan, baina,errefuxiatu asko jaioterrira bueltatzen hasi ziren, Donetsk eta Luhansk hirien kontrola miliziek berreskuratu zutenean. Beste asko, Errusian dituzten senide eta lagunen etxeetan babestu dira, eta zenbait, Mosku aldera joan dira lan bila.

Luhanskeko muga, hala ere, oraindik ere jende ilaraz betea dago Errusia aldetik Novorossiarako bidean. Luhansk inguruko biztanleak dira gehienak. Janari eta bestelako gauzen bila zeharkatzen dute muga. Autoa poltsaz bete eta atzera etxerako bidea egiten dute. Luhansken saltoki gehienak itxita dude, eta hiriko zati handi batean ez dute edateko urik. Ezta gasik eta argindarrik ere. «Negua gogorra izango da berogailurik gabe, eta horretarako prestatzen ari gara», dio muga zeharkatzera doan emakume batek. Segurtasun arazoak argudiatuta, ez du izenik eman nahi.

Milizianoek negua ez dute berdin aurreikusten. Batzuen ustez,Ukrainako armadaren erasoaldia lasaitu egingo da, «indarrez ahul baitabiltza»; beste askok, ordea, ez du berdin pentsatzen, atzo zortzi Ukrainako Gobernuak 15.000 soldadu mobilizatu baitzituen Donetsk ingurura joateko.

Negua gogorra izango dela, hala ere, argi daukate batzuek zein besteek, eta horretarako prestatzen ari dira. Joan den astean, Errusiako Alderdi Komunistak giza laguntzako konboi bat bidali zuen Luhanskera, duela hilabete Errusiako Gobernuak egin zuen bezala. Milizianoek diotenez, argi daukate euren lana utzita borrokan jarraitzea «ezinbestekoa» dela, ideologia ezberdintasunak alde batera utzita eta estatu eredua gerorako utzita. Haien esanetan, elkarrekin borrokatzeko tenorea da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.