Hegazti gripeaz kutsatu ez diren ahateak ez dituzte utziko hiltzera

ELBk babesa eman die kabalak akabatzeari errefusatzen diotenei. Administrazioaren inkoherentzia salatu du, eri dauden abereak garraiatzeko baimenak ematen baititu

Osagarri onean diren hegaztiak hiltzeari uko egin nahi dietenei elkartasuna adierazten, atzo, Gabadiko plazan. ELB.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Hegazti gripearen aurka, zaintze eta hiltze eremu gero eta zabalago baten finkatzen ari da Pirinio Atlantikoetako Prefetura. Baxenabarreko hazle bati bere hegaztien hiltzeko agindua helarazi berri dio administrazioak. Baina laborari horrek uko egin dio eskaerari. Ez dutela hegaztiakhiltzeko asmorik iragarri zuten kolektiboki atzo, hain zuzen, ELB sindikatuaren sostenguarekin. «Etxalde horietan hiltzerik ez dugu utziko egitera», hori zuten iragarri engaiamendu kolektibo gisa, Gabadiko plazan (Baxenabarre) bildutako 150en bat hazlek eta kontsumitzailek.

Deialdia kolektiboa izateak badu bere garrantzia. Hiltzea ukatu duena bere izen propioan mintzatu eta hiltzeen errefusatzen hasiko balitz, isun handiak jasotzeko arriskua luke. Aldiz, ukazioa kolektiboa izanez, arriskua ez da bera.

Are gehiag, gero eta gehiago dira hegaztien hiltzeko agindua jasoko dutenak. «Menturaz, laster hortan izanen gira Gabadin, baina baita Behauzen, Domintxinen eta Barkoxen ere», iragarri du ELBk. Hiru seguruenik aginduaren zain daude. Lehen bat deitua izan bada, besteek ere argi dute beren aldia iritsiko dela aurki. Hortaz, arazoaren aitzinean elkartasuna dute argi. Batzuk deus erran gabe beren hazkuntza hiltzen uzteak berak harritzen ditu hazleak.

Garrantzitsua zaie kolektiboki salatzea oro har administrazioaren «inkoherentziak», Bernadette Prebende hegazti hazlearen hitzetan. Hasteko, beren hazkuntzak ez daudela eri, hori azpimarratu zuten atzo. Eta hortik hara, gainerateko.

«Ez du logikarik, erraten dute garraioa debekatzen dutela, eta, halere, batzuk garraiatuak dira. Nolaz?», galdetu zuen Prebendek. Zaintza eremuan hasiera batean hamar kilometrora zabaltzen zuten hegazti gaixotuen gunetik. Ondotik, berriz, hiru kilometrora txikitu zuten. Eta, halere, litekeena da tarte horretan zenbaitzuek garraiatzeko baimen bereziak lortu izana. Kontua da, gainera, eri direnak ere hiltzeko garraiatu beharrak dituztela. Kopuru txikietan bada, etxaldean bertan akabatzen dituzte, baina talde handietan hiltzeko hiltegietara eman behar dituzte. Alta, logikak alderantzizkoa suposa lezakeelarik: «Eri dira, eta, beraz, birusa hedatzen dute. Garraiatze hori menskeria bat da», kexu da Prebende.

Eta, bizkitartean garraiatzen ez diren eta eri ez diren hegaztiak hiltzeko erabaki hartzen duela administrazioak, hori dute ez onartzen:«Gure hegaztiak ez dira etxetik ateratzen, beraz, ez dute birusik hedatzen ere. Haiek, berriz, birusa hedatzen dute eta berdin gureei sartuko». Prebenderen kasuan, gainera, ez ditu hiltzerik ere. Oiloak arrautzentzako ditu.

Beste batzuen kasuan, etxaldean berean hiltzen dituzte hil behar dituztelarik. Etxalde txikiak baitituzte eta, ondorioz, hegaztiak kopuru txikian. Arazoa, azkenean, laborantza motan datzala azpimarratzen zuen Prebendek: «Arazoa heldu da hazkuntza handi horietarik. Hainbeste kontzentrazio, hainbeste garraio».

ELBk ere nabarmendu du osagarri hobean direla etxalde txikietakoak, eritasunari hobeki buru egiten dutenak. «Industria Sistemaren gehiegikeriek hazkuntzen hiltzea ekartzen dute».

Kriaxera arraza, arriskuan

Hein txikiko hazkuntzaren alde egiten dutenen artean, gainera, tokiko Kriaxera arraza zaharreko ahateak dituzte guti batzuek. Bidaxune eta inguruetan da berriz abiatu hazkuntza hori. Hots, orain, hiltze prebentiboen eremuan. Gerta daiteke ahate horiek ere hil behar izatea. Eta denak hilez gero, desagertuko litzateke arraza.

«Eta hori guztia noiz arte?». Galdera hori zuten zintzilik Gabadin bildutakoek. Iaz hegazti gripea hor zegoen. Eta hil, hil ziren hegaztiak, baina ez zen izurria geldiarazi. Bizkitartean, iaz hegaztiak hil behar izan zituztenek galtzeen konpentsatzeko diru laguntza guztiak oraindik ez direla iritsiak zehaztu zuen Prebendek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.