Brasilgo Munduko Kopa. Brasil 2. Kolonbia 1

Historiaren pisua deitzen zaio horri

Brasilek ederki sufritu du Kolonbia mendean hartzeko, eta hamabi urte geroago ariko da Munduko Kopa bateko finalerdietan.Etxeko taldeak Alemaniaren aurka jokatuko du datorren asteartean, Belo Horizonten

Thiago Sliva erdiko atzelari brasildarra, gola ospatzen, partidako lehena. MARIUS BECKER / EFE.
Julen Etxeberria.
2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Thiago Silvak (7. min.); 2-0: David Luizek (68. min.); 2-1: Jamesek penaltiz (80. min.). Epailea. Velasco Carballo (Espainia). Txartel horiak: Brasilgo Thiago Silvari eta Julio Cesarri; eta Kolonbiako Jamesi eta Yepesi. Bestelakoak. Bete egin zen Fortalezako Castelao estadioa, 67.000 ikusle.

Historiak pisua duela. Arrazoi hori aipatu ohi da sarri ospe handiko selekzio batek irabazten duenean. Baina zer da zehazki historiaren pisua? Bada, badirela selekzioak aurretik jarri eta ia inoiz galtzen ez dutenak. Badirela selekzioak lur jota, etsita diruditenak eta inork espero ez duenean bat-batean suspertu eta irabazteko gai direnak. Badirela selekzioak, onenak izan gabe, besteak baino gehiagotan irabazten dutenak. Ez da epaileek mesede egiten dietelako —batzuetan bai—, ezta ere egiten duten jokoa bereziki ona delako. Konfiantza eta lehiakortasuna da, muturrerainoko konfiantza eta lehiakortasuna. Sinetsita daude egin dezaketela, irabaz dezaketela, gertatzen dena gertatzen dela. Ez dute horren aldarrikapenik egin behar. Irabazi egiten dute, eta kito. Hala sailkatu zen atzo Brasil finalerdietarako, Kolonbia mendean hartuta. Handienen moduan, gehien behar zuenean eman zuen onena, kinka larrian zegoenean eman zuen pausorik sendoena. Historiaren pisua deitzen zaio horri.

Etxeko taldea hamabi urte geroago ariko da finalerdietan. Alemaniaren aurka jokatuko du datorren asteartean, Belo Horizonteko Mineirao estadioan. Bi selekziok orain hamabi urte jokatu zuten azkeneko aldiz elkarren aurka Munduko Kopa batean, Japonian eta Hego Korean jokatutako ekitaldiko finalean. Brasilek irabazi zuen, eta bosgarren titulua eskuratu. Seigarrenarekin amets egiten jarraitu nahi badu, beste horrenbeste egin beharko du. Neurketa klasikoa izango da, klasikoa eta ikusgarria.

Irabazi arren, Brasilek itxura ona eman ezinik jarraitzen du. Izan zen selekzioaren apur bat ere ez da. Ez da horia jada bere kolorea, grisa baizik. Luiz Felipe Scolarik zerikusi handia izan du horretan. Haren aginduetara, Brasil pausoz pauso murgildu da degenerazio prozesu batean. Lehenbizi, galdu egin zuen nortasuna, jogo bonito-a, joko alai eta freskoa bazter batean utzita. Gero, pixkana-pixkana uko egin zion arriskuak hartzeari, edozein joko edo kirolari halabeharrez lotuta dagoen faktoreari. Hori egin ostean, eska daitekeen gutxienekoari heldu zion: gogoari, adoreari, sakrifizioari. Jarraian etorri zen faktore hunkigarria xaxatzea, hots, milaka eta milaka jarraitzaileren muturrerainoko babesa bilatzea, zer esanik etxean jokatuta. Azken urratsa, berriz, gazte lotsagabe eta bikain bati gomendatzea izan zen. Hark eraman zitzala bizkarrean 200 milioi lagunen ilusio eta itxaropen guztiak. Hori baita gaur-gaurkoz, Brasilgo selekzioa: hamar jokalari eta Neymar. Haren inguruan egiten du bira talde guztiak. Ez du askoz gehiago.

 Atzo, ordea, ez zen erabakigarria izan Neymar. Brasilgo erdiko atzelariak izan ziren erabakigarriak, Thiago Silva eta David Luiz. Aurrenekoak gola sartu zuen hasi eta berehala, korner batean baloia bultzatuta. Bigarrenak, berriz, lehia ia erabakita utzi zuen, 68. minutuan, falta jaurtiketa ikusgarri batean gola sartuta. James Rodriguezek aldea murriztu zuen penaltiz amaitzeko hamar minutu falta zirela —seigarren gola du—. Gol horrek nerbioak jota utzi zuen Brasil, eta estadioa bete zuten milaka ikusleak. Kolonbia saiatu zen, baina alferrik. Poza brasildarren artean partida amaieran, poza eta ezinegona. Ondo jokatu ezinik jarraitzen dute, eta finalerdietan hutsune garrantzitsua izango dute: Thiago Silva (zigortuta). Zalantzan dago Neymarrek jokatu ahal izango duen. Min hartuta, ez zuen bukatu partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.