Brasilgo Munduko Kopa. Brasil 1. Alemania 7

'Maracanaço'-a txiki gelditu da

Alemaniak bost gol sartu ditu ordu erdian eta nagusitasun handiz sailkatu da finalerako.Zortzigarren aldiz ariko da titulurako lehian.Brasil tamalgarri aritu da, atzean erraztasun handiak emanez

Marcelo Brasilgo atzelaria etsipen aurpegiarekin eta negarra disimulatu nahian, atzoko partidaren amaieran. ALLESTEROS / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Muellerrek (11. min.); 0-2: Klosek (23. min.); 0-3: Kroosek (24. min.); 0-4: Kroosek (25. min); 0-5: Khedirak (29. min.); 0-6: Schurrlek (70. min); 0-7: Schurrlek (78. min); 1-7: Oscarrek (90. min). Epailea. M. Rodriguez (Mexiko). Bestelakoak. 62.000 ikusle Mineiraon, B.Horizonten.

Gaua inoiz baino ilunagoa izan da bart Belo Horizonten. Brasil osoa ilunpean gelditu zen kolpetik. Futbola erlijioa den lurraldean apokalipsia iritsi zen, etxean gainera. Futbolaren historia liburuetan hizki larriz gogoratua izango den astindua. Maracanaçoa ahaztu ez den bezala, Alemaniak partidako lehen ordu erdian emaniko erakustaldia belaunaldiz belaunaldi kontatua izango da. Makinek, gainera, ez zuten errukirik izan, eta gol bat bestearen atzetik sartu zuten etxekoen ilusioa zanpatu arte. Talde perfektua izan zen eta Brasilen ezinak munstroa are gehiago elikatu zuen. Bost gol ordu erdian eta Munduko Kopako finalerako txartela. Bide batez, 2002ko finaleko ordaina hartu zuen. Zortzigarrena jokatuko du igandean, eta gainera nekerik pilatu gabe.

Luiz Felipe Scolarik traizio egin dio Brasilen futbolaren magiari eta atzo bere larruan nabaritu zuen. Kargua utziko du, ezinbestean. Urte luzez min emango duen erredura eta ezabatuko ez den orbaina. Brasilek giharraren aldeko apustua egin, eta baloiari uko egin dio, eta Alemaniak beso zabalik jaso zuen oparia. Baloia hartu eta erabili, eta nola gainera. Hori gutxi ez balitz gainera Brasilek erraztasun harrigarriak eman zituen. Atzeko lerroa karikatura izan zen. Thiago Silva falta zen, baina arazoa haratago zihoan.

Alemaniaren lehen gola ahulezia horren lagin izan zen (13. min). Marceloren huts batek kornerra ekarri zuen. Kroosek zehatz atera zuen, eta Muellerrek, bakarrik area txiki ertzean, oinarekin eta botatzen utzi gabe errematatu zuen. Brasilgo atzeko lerroak bistatik galdu zuen, David Luizek bereziki. Zantzu txarra zen...

Brasilen ezina atzean eta aurrean nabari zitekeen. Erasoan baloi luzeak izan ziren baliabide bakarra, ezin zuelako Alemaniaren presioa pasa, eta aurkariak kale egin ezean oso zaila da hala gola egitea. Alemaniak behin eta berriz zuen baloia oinetan, bere jokorako behar duen erregaia eta gora egin zuen. Bigarrena Klosek sartu zuen jokaldi landu batean (23. min), area barrutik berriz ere. Aurrelari beteranoa —2002ko final hura jokatu zuen— Munduko Kopetan gol gehien sartu zituen jokalaria da orain. Atzo hamaseigarrena sartu zuen, Ronaldok baino bat gehiago.

Brasil jota zegoen, eta Alemaniak hatza zaurian sartu zuen behin eta berriz. Handitu egin zuen, lau minututan hiru gol sartuz (26. 27. eta 29. min): Kroose, Khedira eta Kroose, hiruak area barruan eta jokaldi landuetan. Zirimola hutsa zen Alemania. Olatua zelai gainean eta olatua harmailetan, zaleen malkoekin eratu zena. Aurretik, Brasilgo futbolaren ordurik luzeena gelditzen zen.

Brasilgo selekzioa atsedenaldian aldagelarantz eginiko bidea oso grafikoa izan zen. Prozesioa zirudien eta estadioa isilik. Bigarren zatia urkatuaren dantza izan zen Brasilentzat. Alemania erlaxatu egin zen eta etxekoek gora egin zuten. Emaitza atontzeko saiakera hutsala izan zen, eta Neuer festara gehitu zen. Brasilek hiru aukera oso on izan zituen, eta hiruetan atezainak meritu handiko geldiketak egin zituen.

Azken ordu erdia ikusleen sententzia entzuteko izan zen. Txistuak eta uluak. Fredekin izan ziren krudelen, baloia ukitu zuen aldiro kalbarioa jasan zuen. Scolarik, erabaki zuzena hartuz, aldatu egin zuen torturarekin ez jarraitzeko. Azken biak Schurrlek sartu zituen, jada ezerk ez zion inporta. Brasilek hausnarketa behar du, talde batek inoiz Munduko Kopa batean jasandako umilaziorik handiena jasan zuen. Uruguaik jo zuen Maracanaçoa, 1950ean, orduan finala izan zen, baina atzokoak txiki utzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.