Brasilgo Munduko Kopa. Argentina 1. Belgika 0

Lehiakortasunaren genea

Argentinak merezita irabazi dio Belgikari, eta finalerdietan ariko da 24 urte geroago.Higuainek sartu du norgehiagokako gol bakarra, partida hasi eta berehala.Messik apenas egin duen zerbait

Martin Demichelis eta Javier Mascherano, besarkatuta, partidaren amaieran. PETER POWELL / EFE.
Julen Etxeberria.
2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Higuainek (8. min). Epailea. Nicola Rizzoli (Italia). Txartel horiak: Argentinako Bigliari; eta Belgikako Hazardi eta Alderweireldi. Bestelakoak. 68.551 ikusle Brasiliako Estadio Nazionalean.

Bi ur tanta bezalakoak. Halakoak dira aspaldi Brasilgo eta Argentinako selekzioak. Ez bata ez bestea ez da izan zenaren apur bat ere ez. Zaila da bi horietako baten bat ondo jokatzen ikustea. Hainbestean aritzera ohitu dira. Euren hautatzaileek ezarritako estiloek horretara kondenatu dituzte halabeharrez. Aldaketa horiek guztiek, ordea, ez dute ezabatu bi selekzio horien DNA. Hor dute berezi egiten dituen genea, lehiakortasunarena, muturrerainoko lehiakortasunarena. Horri esker daude biak finalerdietan, biak aspaldiko partez: brasildarrek hamabi urte zeramatzaten azken-aurreko partidara iritsi ezinik; luzeagoa zen argentinarren itxaronaldia, 24 urte, brasildarrena halako bi. Baina kito. Amaitu da itxaronaldia. Hego Amerikako bi selekzio indartsuenak, ospetsuenak, finalaren atarian daude, hurrenez hurren Kolonbia eta Belgika kanporatuta. Haien esku dago ohiturak bere horretan jarrai dezan; hots, Amerikan jokatutako Munduko Kopetan beti bertako selekzio batek irabazi duela titulua. Ez dira ohitura horren zaindari eskasak. Zazpi titulu dituzte: brasildarrek, bost, eta argentinarrek, bi.

Argentinak Lionel Messi dauka. Brasilek Neymar, edo zeukan hobeto esanda, Bartzelonako jokalariak ez baitu gehiago jokatuko Munduko Kopa honetan. Bartzelonako bi jokalarien inguruan egiten dute bira euren selekzioak. Biek indartsu hasi zuten Munduko Kopa, lehen ligaxkan launa gol sartuta. Baina kanporaketak hasi, eta bien distira apaltzea, biak bat izan dira. Eta aktore nagusiak desagertuta, bigarren aktoreek hartu dute ardura. Brasilen, erdiko atzelariak izan dira, Thiago Silva eta David Luiz. Haiek sartu dituzte Txile eta Kolonbia kanporatzeko golak. Ezin ahaztu ere Julio Cesar atezaina. Hark penalti jaurtiketetan egindako lanak salbatu zuen Brasil final-zortzirenetan.

Argentinan, Angel di Maria eta Gonzalo Higuain izan dira Messiren itzaletik atera eta taldeari argia eman diotenak. Aurrenekoak gol erabakigarria sartu zuen luzapena amaitzear zela Suitzaren aurka, final-zortzirenetan. Messik hasi zuen jokaldia, baina Di Mariak errematatu zuen. Atzo ere Real Madrileko jokalariaren oinetan hasi zen partidako gol bakarraren jokaldia, Belgika kanporatzeko balio izan zuena. Di Mariak pasea eman zuen, eta Belgikako atzelari bat jo ondoren, baloia Higuainengana iritsi zen. Napoliko aurrelariak ez zuen bitan pentsatu. Boleaz errematatu zuen, eta Thibaut Courtoisen atea zulatu. Zortzigarren minutua zen. Neurketa hasi besterik ez zen egin. Asko falta zen. Mundu bat.

Baina ez zen gol gehiago egon. Belgikak izan zituen gol aukerak, baina bakar bat ere ez garbi-garbia. Atzo pattal aritu zen Belgika. Eden Hazarden arrastorik ez zen izan, eta hura gabe, ezer gutxi egiteko gai izan zen. Argentinak ez zuen asko sufritu. Azken unean, gainera, bigarren gola sartzear izan zen. Messi bakarrik geratu zen Courtoisen aurrean, baina atezainak asmatu egin zuen aurrelariak zer egin nahi zuen. Messik zazpi aldiz izan du aurrean sasoi honetan Courtois, eta ez da gai izan hari gol bakar bat ere sartzeko. Atezain oso gutxik esan dezakete halakorik.

Messik huts egindako jokaldi horrekin amaitu zen partida, eta argentinarren festa hasi. Dena, ordea, ez da festa. Di Mariak min hartu zuen, eta partida utzi behar izan zuen. Ikusteko dago gehiago joka dezakeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.