Athletic 3. Sassuolo 2

Etxeko lanak egin ditu

Athleticek Sassuolori irabazi dio, eta multzoko beste lehian Genk Rapidi nagusitu zaionez, talde zuri-gorria Europa ligako final-hamaseirenetarako sailkatu da

LUIS TEJIDO / EFE.
Julen Etxeberria.
2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Balentziagak bere atean (2. min.).1-1: Raul Garciak (9. min). 2-1: Adurizek (58. min.). 3-1: Lekuek (79. min.). 3-2: Ragusak (82. min.). Epailea. Viktor Kassai. Txartel horiak: Athleticeko Raul Garcia, Aduriz eta Laporteri; eta Sassuoloko Acerbi, Ragusa, Missiroli eta Magnanelliri. Bestelakoak. 46.000 ikusle San Mamesen.

Athleticek bete du denboraldi hasiera honetan bere buruari ezarri zion lehen helburua: Europa ligako final-hamaseirenetarako sailkatu da. F multzoko azken-aurreko jardunaldiko emaitzek hamasei onenen artean jarri dute talde zuri-gorria. Sassuolori irabazi behar zion San Mamesen, eta irabazi egin zion (3-2). Genkek irabaztea behar zuen ere bai, eta flandriarrek irabazi egin zuten, 1-0 Rapid Vienari. Biak sailkatuta daude jada.

Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak, gainera, badu aukera lortutakoari errematea emateko, ligaxka lehen postuan amaitzea. Horretarako, puntu bat kendu behar dio azken jardunaldian Genki, alde hori baitu Flandriako taldeak—Athleticek baino gol-aldea hobea du ere bai—. Oso kontuan hartzeko saria da multzoko lehena izatea: batetik, final-hamaseirenetan, beste 11 multzoetako lehen sailkatuak saihesteko; eta bestetik, lehen kanporaketako itzuliko partida etxean jokatzeko. Helburu hori lortzeko etxetik at jokatuko dute Athleticek eta Genkek azkeneko jardunaldian, abenduaren 8an, Vienan eta Sassuolon (Italia), hurrenez hurren.

Athleticek merezita irabazi zion Sassuolori, Italiako taldea baino gehiago izan baitzen. Atzoko partidak ez zuen batere antzik izan duela bi hilabete pasatxo bi taldeek Italian jokatu zutenarekin. Asko aldatu da egoera ordutik: Sassuolok behera egin du, eta Athleticek gora. Europako lehiaketan estreinakoz ari direnek ordaindu ohi duten bidesaria pagatzen ari da Italiako taldea, hots, gogorra egiten ari zaio bi lehiaketa aldi berean jokatu behar izatea.

Kolpeari, kolpea

Athletic, ordea, ez da iritsi berri bat Europara, soberan du eskarmentua, eta esperientzia horri esker hobeto kudeatzen ditu indarrak denboraldian zehar. Sasoi honetan ere ondo ari da lan horretan, Espainiako zein Europako ligan txukun ari baita. Dagoeneko inor gutxi gogoratzen da sasoi hasieran taldearen inguruan zeuden zalantzekin. Jada inork ez du dudan jartzen Athletic oso talde lehiakorra dela.

Zalantzarik balego, atzo uxatu zituen guztiak, lehiakorra delako derrigorrez neurketa hasi eta minutu eta erdira gol bat jaso eta urduri jartzen ez den talde bat. Horixe gertatu zitzaiolako atzo Athletici. Laportek, Yerayk, Herrerinek eta Balentziagak huts egin zuten bata bestearen atzetik lehia hasi eta berehala, eta baloiak sareetan amaitu zuen, ezkerreko hegaleko atzelariak bere atean sartuta.

Baina Athletic zerbait baldin bada, hori lehiakorra dela da, are gehiago bere zaleen babesean jokatzen duenean. Berriz ere geratu zen agerian atzo, bisitarien golak suspertu egin baitzituen zuri-gorriak, jota utzi beharrean. Konturatu orduko, Athletic Sassuoloren arean sartuta zegoen. Bost minutuan dozena erdi korner behartu zituen, eta horietako batean jaso zuen saria talde zuri-gorriak. Beñatek eskuinetik erdiratu zuen, eta Raul Garciak buruz sartu zuen berdinketaren gola. Zortzi minutu eskas behar izan zituzten etxekoek desoreka orekatzeko.

Golak areagotu egin zuen etxekoen nagusitasuna. Kosta egin zitzaien, hala ere, nagusitasun hori gol batekin indartzea. Zorionez, betikoa azaldu zen, Aritz Aduriz, 58. minutuan buruz Athletic aurretik jartzeko. Sassuolok arriskatu beharra zuen, eta arriskatu egin zuen, eta garesti ordaindu, Iñigo Lekuek hirugarren gola sartu baitzuen kontraeraso batean, 79. minutuan. Baina italiarrak lehiakorrak dira ere bai, eta Ragusaren gol batek nerbioak eraman zituen San Mamesera. Zorionez, ez zen azken uneko ustekabeko desatseginik izan. Poza izan zen nagusi amaieran. Athleticek egin ditu jada etxeko lanak Europa ligan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.