Eusebio Unzue. Movistarreko managerra

«Berritu beharra daukagu»

Reynolds, Banesto, Illes Ballears, Caisse d'Epargne eta Movistar. Eusebio Unzuek bertatik bertara gozatu eta sufritu du txirrindularitzaren azken 30 urteotako ibilbide gorabeheratsua. Jarraitzeko grinaz dago.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Egues
2014ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Orkoien, jaioterria, oso maitea duen arren, Madrildik mundurako tarte horretan pasatzen du denbora gehiago Eusebio Unzuek (Orkoien, Nafarroa, 1955). 30 urte bete dira aurten Irurtzungo Alai elkartean hasi ondoren Reynoldsekin profesionaletarako pausoa eman zuenetik, eta World Tourreko bi sailkapenak irabazita ospatu du urteurrena: Movistar eta Alejandro Valverde. World Tourra, Jose Miguel Etxabarri, Reynolds, Indurain, dopina, Tinkoven proposamena... Errelebo bakar bati ere ez dio muzin egin.

Alejandro Valverde eta Movistar. Bitik bi World Tourrean.

Bikaina izan da urtea. Urtarrilean Australian eta Argentinan hasi, eta urrian Txinan amaitu arte, oso ondo aritu da taldea; tarteka, bikain. Garaipen zoragarriak lortu ditugu.

Hala ere, batzuek, askotan, gogor kritikatzen dute Valverderen lehiatzeko estrategia.

Eta ulertzen ditut kritika horiek, ni ere kritikoa izaten naizelako tarteka. Denboraldi batean 80-85 egunetan lehiatzen da Valverde, eta horietatik 60tan irabaztea izaten da helburua. Tropelean beste inork ez dauka gaitasun hori. 60 aukera argi dira irabazteko, baina, hutsen bat eginez gero ere, galtzeko 60 aukera dira. 80-85 lehiaketa egunetik 35etan bost onenen artean egoten da Valverde; neurriz kanpoko txirrindularia da.

34 garaipen, hamar txirrindularirekin. 1998an baino bi garaipen gutxiago, eta 1997an baino bat gutxiago. Zuzendari gisa, urterik onentsuena izan da?

Estatistika kontuak ez dakizkit ondo, baina urterik bizienetakoa izan da; oso ondo ibili da taldea batez beste, inoiz baino hobeto. Onena izan ote den? Zorionez, momentu harrigarri asko bizitzeko aukera izan dut 1980an Jose Miguel Etxabarrirekin hasi ginenetik. Tourrak, Munduko Txapelketak, Olinpiar Jokoak, Giroak, Vueltak... Denetik izan dugu, nahiz eta klasikoren bat falta zaigun: Milan-San Remo, Lombardiako Giroa... Gainerako gehiena irabazi dugu.

Akatsekin gehiago ikasten omen da asmatzen denean baino. World Tourra irabazita, zer ikasi duzu 2014an?

Garai moderno hauetan, geroz eta egitura sendoagoa daukagu: gaitasun handiko langileak dauzkagu inguruan, eta akatsik ez egiten laguntzen digute. Beti ezin izaten da asmatu, ordea. Zintzo hitz eginda, pena handia eman zidan Alejandro [Valverde] Tourreko podiumera ez igo izanak; argazki hori ikusi nahi nuen Eliseoetan. Hamabost egunez eskura eduki ondoren, azken-aurreko egunean huts egin genuen.

Reynolds, Banesto, Illes Balears, Caisse d'Epargne eta Movistar. Bost babesle izan dituzue35 urteotan.

Familia zen Reynolds. Gertutasuna. Hasierako urteak ziren, eta zoragarriak dira oroitzapenak. Garaipenak iritsi ahala, haziz joan zen egitura, eta Juan Garcia Barberena zenak berak [Inasa enpresako burua, Reynoldsekin lan egiten zuena] egin zigun gonbita Banestora igarotzeko. Banestokoa, berriz, urrezko aroa izan zen. Txirrindularitzan bereziki, eta kirolean, orokorrean, garai bat markatu zuen.

Illes Ballears eta Caisse d'Epargne iritsi ziren atzetik.

Oso garai zailak pasatu izan genituen, kolokan egon zelako gure etorkizuna. Zorionez, Illes Ballears agertu zen lehenengo, eta Caisse d'Epargne bi urte geroago. 2010era arte lehen lerroan mantentzeko aukera eskaini ziguten bi babesle horiek, baina egoera gordinean geratu ginen 2010ean. Proiektua amaitzera zihoala ikusi genuen, baina Telefonica agertu zen, zorionez, eta erabateko konfiantza eman zigun Movistar markarekin.

Hamar bat urte igaro zenituen Reynoldsen beheko mailetan, zuzendari lanetan, eta 1985ean iritsi zinen profesionaletara. Ordurako han zebiltzan Indurain, Gorospe, Laguia...

Beheko mailetan ondoan izan nituen txirrindulariak ziren gehienak, eta aurretik ere etengabeko harremana geneukan profesional mailako txirrindulariekin. Aldaketa ez zen izan hain handia. Lasterketetan nabaritu nuen alderik handiena, ez zelako berdina amateur mailako lasterketa bat, Vuelta bat, Tour bat edo Giro bat. Zorionez, oso umetatik joan nintzen barneratuz txirrindularitzarekiko pasio hori. Bizikleta artean hazi nintzen, eta hasieratik gustuko izan nuen ardura hartzea.

Etxabarrik zenbateko pisua izan du zure ibilbidean?

Diskrezio handiz lan egin izan du beti. Onetik eta txarretik bizipen asko izan ditugu elkarrekin, eta, nindoan lekura nindoala ere, ondoan aurkezpena egiten zidan norbait neukala sentitzen nuen berarekin. Gaitasun handia zeukan. Berritzailea zen; txirrindularitzaren profesionaltasuna zeukan beti buruan; txirrindularien baldintzak hobetzea; prestatzaile fisikoak, medikuak... Hasierako urteetan ez zeuden hainbat ezaugarri txertatu zituen, eta prestigio horri esker lortu genuen nazioartean tokia egitea. Haren ikasle abantailatua nintzen ni.

Zazpi Tour, bi Giro eta hiru Vuelta irabazi dituzue 35 urteotan. Zein izan da bereziena? Eta zein gehien sufritutakoa?

Oso gogoan daukat 1988ko Tourra, Perico Delgadok irabazi zuena. Tourreko gure lehen garaipena zen, eta oso sentsazio berezia izan zen Eliseoetara maillot horia jantzita iristea. Pericori esker eman zuen egitura honek falta zitzaion azken pausoa, eta Miguelek sendotu eta berrindartu zuen gero. Horri esker fitxatu ahal izan genituen Jean Francois Bernard, Abraham Olano, Alex Zuelle, Paco Mancebo, Chava Jimenez zena, Alejandro Valverde...

Babesle guztiekin irabazi duzue gutxienez Tour bat, Movistarrekin izan ezik. Nairo Quintanarentzat gordeta daukazue hori?

[Barrez] Guregan konfiantza izan duten babesle guztiei egin diegu opari hori, eta espero dezagun Movistar gutxiago ez izatea. Nairorekin? Ikusiko dugu.

Indurain eta Olano. Nola kudeatu zenuten aldaketa hura?

Aurrekoa hobetuz joan ginen urtez urte, hori saldu genien zaleei, eta urterik zailenak egokitu zitzaizkion Abrahami, baina ez zuen hutsik egin. 1998ko Vueltako garaipenarekin gozatu ahal izan genuen, eta pertsonalki asko bete ninduen garaipen hark, zeresan handia izan nuela uste dudalako. Tourrean ere ilusioari eusten lagundu zigun; podiumetik oso gertu geratu zen: laugarren. Bi urte oso biziak izan genituen Abrahamekin, eta Miguelen falta hainbeste ez nabaritzen lagundu zigun.

Garai txarrak ere ezagutu izan dituzu tropelean. Akats asko egin dira txirrindularitzan?

Akatsak egin ditugu, ziur. 90eko urteetan urrezko aroa izan zuen txirrindularitzak, baina aro iluna iritsi zen 2000tik aurrera. Oso desatsegina izan zen. Krisiarekin batera, dopin kasuen eraginez konfiantza galdu zuten babesleek eta gizarteak berak. Zorionez, berehala iritsi zen erreakzioa, eta, akatsak akats, UCIk berak ere neurri garrantzitsuak hartu zituen, nahiz eta biktima batzuek, agian, behar baino gehiago ordaindu duten. Birbideratu egin da kirol hau, eta azken bost urteotan erabat aldatu da. Pixkanaka, gizartearen aitorpena jasotzen ari da txirrindularitza; ahalegina eta profesionaltasuna baloratzen hasi dira zaleak. Kirol honen kulturatik desagertu egin dira sustraituta egon ziren hainbat gauza.

Izen asko agertu ziren Puerto auzian, tartean Unai Osa eta Alejandro Valverderenak.

Ez dira atseginak horrelako egoerak. 35 urteotan, aurretik ere izan ditugu garai txarrak, txirrindularien heriotzak, esaterako. Garai batean ezin saihestuzkoa izan zen dopina. Kirol arloan. Orokorrean. Inork ez zion muzin egiten hobetzeari. Ondorioz, prestigioa galdu zuen txirrindularitzak, eta geure talde barruan izan genituen hainbat kasu. Gaur egun, zorionez, ahaztu ditugu akats horiek. Egoera kritikoan egon gara, baina gure taldeak inoiz baino kalitate handiagoa eduki du azken sei-zortzi urteotan. Guztien kontzientziazioarekin egoera iraultzea lortu da, nahiz eta ezinezkoa den zero arriskura iristea; batek edo bestek beti egingo du huts. Baina, egun, kirol garbia da txirrindularitza.

Baque taldeak Manolo Saiz fitxatu berri du.

Denok egiten ditugu akatsak, eta akatsetatik ikasi egiten da. Manolori gertatu zitzaiona gertatu zitzaion dopin sare horiekin, zoritxarrez, baina ezin da ukatu bere garaian ekarpen handiak egin zizkiola txirrindularitzari. Izaera gogorreko pertsona da, estilo jakin batekoa. Arrastoa utzi zuen. Itzultzera doala? Oraindik kirol hau, giro hau gustatzen zaion seinale. Zer egingo duen? Ez dakit.

Azken 35 urteotan aldaketa asko izan da tropelean, belarriko irratitxoarena tartean. Askok kritikatu zuten eta kritikatzen dute ekarpen hori.

Txirrindularitzari asko kostatzen zaio aurrerapausoak ematea, eta irratiarena da adibiderik argiena. «Bizitza guztian horrela egiten ari gara»; argumentu hori erabiltzen dute askok ezer ez egiteko, baina oso baliagarria dela sinetsita bagaude, zergatik ez egin? Ezinbesteko tresna bihurtu da irratia. Denen iritzia errespetatuko dut, baina ados ez dagoena etor dadila gurekin autoan irratiak zenbateko ekarpena egiten duen ulertzeko. Ikuskizunari kalte egiten diola esaten dute batzuek, baina, errespetu guztiarekin, ergelkeria iruditzen zait hori. Segurtasunean egiten duen ekarpenagatik bakarrik, arazorik gabe onartu beharko genuke denok.

Bideragarria da Oleg Tinkovek Contador, Quintana, Froome eta Nibaliri egin dien eskaintza?

Edozein proposameni mugak jarri zaleak gara txirrindularitzan, baina berritu beharra daukagu. Ez dakit zer, baina zerbait behar dugu, eta interesgarria iruditzen zait gutxienik ezinegon orokor hori sortzea. Hortik aurrera? Txirrindulariekin eurekin hitz egin behar da lehenengo, entrenatzaile eta medikuekin gero... Ez dago aurrekaririk. Pentsa, Giroa eta Tourra urte berean egin ote daitezkeen eztabaidan ari gara oraindik. Utz dezagun denbora pixka bat pasatzen. Antolatzaileei eurei ere, agian, komeni zaie onenak euren probetan egoteko etapa kopuruak murriztea.

Nola hartu duzu Euskaltel-Euskadi desagertu izana?

Drama da; oso tristea. Orain jabetuko gara talde horrek zenbateko eragina zeukan hainbat eta hainbat gazterengan. Luxua zen, eta falta denean ohartuko gara horretaz. Gizartearen erreferentzia zen taldea galdu dugu.

Nafarroako kirol egoera ez da onen-onena. Osasuna Bigarren Mailan, Portland San Antonio eta Itxako desagertuta, saskibaloi talderik ez maila gorenean...

Banan-banan ezin dut neurtu Nafarroako kirolarien maila, daturik ez daukadalako, baina babesleak galdu ditugu, eta klubak desagertzea izan da ondorio naturala, antolatzaileek atzera egitea, neska-mutikoen lizentzia kopurua murriztea... Krisiak eraginda, drama baten aurrean gaude, eta ia ezertxo gabe ari gara geratzen. Baina mirestekoa da klubetan, behe-behean, gogotik lanean jarraitzen duten horien lana. Goragoko egituretan gaudenok asko daukagu eskertzeko, euren lanik gabe, zoritxarrez, ezinezkoa izango zelako profesionaletan gozatzea.

Zer eskatzen diozu 2015ari?

Oso zaila da aurtengoa hobetzea. Gazteenek jarrai dezatela hazte prozesuarekin, eta Alejandrok [Valverde] euts diezaiola azken urteotako maila on horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.