Brasilgo Munduko Kopa. Espainia 1. Herbehereak 5

Bizkarrekoak merezi dituzte

Atzelarien bizkarrera paseak bidalita eta Casillasen opariak jasota hautsi dute Herbehereek Espainia.Van Persie (bi), Robben (bi) eta De Vrijen golen aurretik, Alonsok sartu du 1-0ekoa

Van Persie eta Robben Herbehereetako jokalariak 1-4koa ospatzen, atzo, eta Casillas Espainiako atezaina erabat lur jota. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
unai zubeldia
2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Golak: 1-0. X. Alonsok, penaltiz (27. min.). 1-1. Van Persiek (44. min.). 1-2. Robbenek (53. min.). 1-3. De Vrijek (63. min.). 1-4. Van Persiek (72. min.). 1-5. Robbenek (80. min.). Epailea. Txartel horiak: Espainiako Casillari, eta Herbehereetako De Guzman, De Vrij eta Van Persieri. Bestelakoak. 45.000 ikusle inguru Salvadorreko Fonte Nova estadioan, gehienak Herbehereen alde.

Entrenatzaileak txalo egitearekin batera buelta erdia eman eta esprinta jo. Ohiko ariketa izaten da hori entrenamenduetan. Buelta erdia eta korri. Buelta erdia eta korri. Bada, bizpahiru egun ariketa hori eginez igaro beharko dituzte Sergio Ramosek eta Piquek, Espainiako erdiko bi atzelariek, Herbehereek atzo lotsatan utzi zituztelako biak ala biak. Baloi luzea zelai erditik, buelta erdirik ez, erreakziorik ez, eta gola. 1-1, 1-2, eta Van Persiek Casillasi egindako faltari atezainaren hutsa gehituta, 1-3. Hortxe egungo munduko txapeldunaren Munduko Koparen hasiera. Herbehereentzat gozamenerako eta Casillasen sufrimendurako bi pauso gehiago besterik ez ziren izan azken bi golak. Bigarren zati harrigarriaren aurretik, itxura kontua izan zen Diego Costari egin ez zioten penaltiaren ondoren Xabi Alonsok sartu zuen gola (27. min.).

Espainiak eta Herbehereek elkarrekiko errespetu handiarekin ekin zioten partidari. Baloia batera eta bestera mugitu zalea da Espainia, baina hasieran jokoaren kontrola ez galtzera mugatu ziren bi taldeak. Horixe egin zuen gaizki, ordea, egungo munduko txapeldunak, 8. minutuan baloia galdu, Robbenek Sneijderri pase sakona bidali, eta Casillasek konpondu behar izan zuelako zelai erdiak egindako hutsa. Herbehereek partida hasterako eduki zuten aukera argia. Atzeko bosteko lerroa ia zelai erdiko marraraino aurreratu zuen Louis Van Gaalek, Herbehereetako entrenatzaileak, eta armiarma sare hori hautsi ezinik zebilen Espainia.

Epailearen beste huts bat

Lehen ordu laurdenean pase luzeekin saiatu zen Espainia Herbehereen atzealdea desorekatzen. Azkar ulertu zuen, ordea, joko bizi eta landuak emango ziola gola. Silvak lapurtu eta Xavik goxatutako baloian eduki zuen Diego Costak lehen aukera (13. min.); bi minutu geroago gora bidali zuen jaurtiketa; eta 26. minutuan sortu zuen penaltia. Sortu. Izan, ez zelako izan. Epaileek huts askorekin ekin diote Munduko Kopari, eta Nicola Rizzolik ere huts egin zuen jokaldi horretan, Diego Costak berak jarri ziolako oina gainean De Vriji. Xabi Alonsok bidali zuen baloia sareetara.

Herbehereek bi pauso aurrera emanda, Espainiak kontraerasoan are min handiagoa egiteko aukera ona zeukan berez. Eta, egiari zor, eduki zituen hiru aukera on-on, Silvarena argiena (43. min.). Baina baloia atezainaren goialdetik bidaltzen saiatu zen, eta geldiketa ona egin zuen Cillessenek. Hurrengo minutuan iritsi zen Van Persieren gol ikusgarria, Blindek bidali zion baloi luzea buruz, zuzenean, sareetara bidalita. Gol psikologikoa, inundik ere.

Lehen zatiko azken minutuan jasotako golarekin desagertu egin zelako Espainia bigarrenean. 53. minutuan hautsi zituen Robbenek, berriz ere, egungo txapeldunen bizkarrak. Blinden pasea jasota, gol ona sartu zuen Bayern Municheko jokalariak. Van Persiek langara 60. minutuan; Casillasen lehen huts larriarekin —eta Van Persieren faltarekin—, De Virjek 1-3koa 63.ean; Casillas lotsatan utzi zuen jokaldia eta Van Persieren bigarrena 72.ean; eta Robbenen esprint harrigarria 1-5ekoan, 80. minutuan. Bost izan ziren, eta gaitzerdi, beste hiruzpalau gol jaso zitzakeelako Espainiak. Bizkarrean dauka gaitza egungo txapeldunak. Bizkarrean... eta atean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.