Urruti iritsi da

Mikel Urrutikoetxeak lau t'erdiko txapela gehitu dio buruz burukoari, eta urte bikaina borobildu du.Bi finalak izan dira estu eta gogorrak, baina lau t'erdikoan gehiago sufritu duela onartu du

Mikel Urrutikoetxea, herenegungo finalean azken sakea egitera zihoala. Atzean, erreboteko harmailetako zaleak txalo egiten. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Min hartuta hasi nuen urtea, binakako txapelketatik kanpo. Ordezko gisa sartu, eta lehen hiru partidak galdu egin nituen. Orduan esan balidate... ez nuen sinetsiko urtea hala bukatuko nuenik. Bi txapel urte berean, hori oso pilotari gutxik lortu duten zerbait da». Mikel Urrutikoetxearen (Zaratamo, Bizkaia, 1989) urtea izan da 2015a. Lau t'erdiko eta buruz buruko txapelketa irabazi ditu, eta asko loditu da haren gurasoek egunkari orriz beteriko bilduma. Izan ere, urruti iritsi da aurten, eta, era berean, Urruti iritsi da puntako pilotarien multzora.

Igande gaua ez zen bereziki luzatu Zaratamoko plazako tabernan. «Egongo dira ospatzeko egunak», aurreratu du, bazekielako goiz osoa hedabideei elkarrizketak ematen pasatu behar zuela. Oraindik ez du bideoa ikusi, baina begiak itxi eta finala gogoratzean zer datorkio burura? «Azken tantoa. Horma-biko txarra bota nuen, eta Irujo iritsiko zela uste nuen. Baina, nonbait, dejada izango zela usteko zuen. Beste aldera begira nengoen, eta, ikusleak zutitzen ikusi nituenean, harritu egin nintzen».

Final epiko baten azken atala izan zen tanto hori. Urteetan gogoratuko den behetik gorakoa: 10-20 galtzen, eta 22-20ra zuzenean. «Partidak 22ra iritsi arte ez dira bukatzen, eta ezin duzu amore eman», azaldu du Urrutik. Halere, ez du ezkutatu lehen txanpan oso aldapa gora ikusi zuela dena. «Ez nengoen gustura: gauzak ez zitzaizkidan atera. Partida erdialdera bete egin nintzen, gainera, baina, zorionez, garaiz eman nion buelta gorputzari». Zaleak harrituta gelditu ziren Irujoren txakalaldiarekin; txapelduna, baina, ulerkorragoa da. «Horrelako alde batekin irabazten bazoaz eta aurkariak hiruzpalau tanto jarraian egiten badizkizu, buruari bueltak ematen dizkiozu. Gero, 16. tanto inguruan, Irujopixka bat beteta ikusi nuen, urduri. Nik tantoz tanto jarraitu nuen. Gero, berdinketarekin, bi tantoko partida bat balitz bezala hartu nuen, eta nik nuen sakea».

Txapelketako bidea, baina, ez du bakarrik egin. Txapela irabazi berritan etxekoekin oroitu zen, egunero jasaten dutenekin, Iurretako multzokoekin eta, noski... Pablo Berasaluze eta Josetxo Areitiorekin. «Aulkiko lana garrantzitsua da; Pabloren aholkuek asko laguntzen naute. Finalean azken unera arte sufritzeko esan zidan, ez amore emateko. Josetxoren lana ere garrantzitsua da, prestaketan-eta. Biei zor diet asko». Jende askorekin oroitu zen, baita asko harekin ere. Finalean pilotalekutik irten zenerako, sakelakoaren bateria bukatu zitzaion mezuengatik.

Ezinezkoa da aurten irabazi dituen bi finalak ez alderatzea, buruz burukoan bera aritu zelako 18-9 irabazten, eta Olaizolak egin zuelako behetik gorako bidea(19-20). Azkenean, 22-20 irabazi zuen gazteak. Bi final handi, baina noiz sufritu du gehien? «Herenegun okerrago pasatu nuen. Biak final gogorrak izan dira, baina buruz burukoan nik ondo jokatu nuen. Olaizola behetik gora zetorrenean ere nik ondo defendatu nuen, baina hark eman zuen sekulako maila. Oraingo honetan, ordea, lehen zatian ez naiz gustura ibili».

Eta txapelen artean, zeinek utzi dio aho zapore hobea? Buruz burukoan, Bengoetxearen ordez sartu zen finalean. «Bi txapelak izan dira gozoak, eta bi finalekin gelditu naiz oso gustura. Olaizolaren aurka partida ederra jokatu nuen. Baina hura Bengoetxearen finala zela esan nuen. Aldea txapelketetan dago. Lau t'erdiko txapelketarekin gusturago gelditu naiz. Bost partida jokatu ditut, asko onak... Buruz burukoan, berriz, finalean lagun baten lesioarengatik sartu nintzen».

Bi txapel ditu, baina umiltasunaren diskurtsoa darabil. Buruz burukoan ez zen hautagai handien artean ageri, ezta lau t'erdikoan ere. Estatus kontua da, bainaez du arduratzen. «Faboritoaren kontuari nik ez diot bueltarik ematen. Nik badakit zein tamainako pilotariak izan ditudan aurkari, eta haien pare jartzea bakarrik ohore ikaragarria da». Parean, baina ez gainetik. «Irujo eta Olaizola II.a maila izugarriko pilotariak dira. Begira zer-nolako palmaresa duten... Eta oraindik ere nola jokatzen duten: beti daude finalerdi eta finalen saltsan. Oraindik luzarorako izango ditugu biak, eta ez egon bakarrik: egurra emango dute». 2003a izan zen ez Olaizola II.ak eta ez Irujok txapelik irabazi ez zuten azken urtea.

Atzelari? Erronka

Urrunago joan gabe, gaur izango ditu parean Olaizola II.a eta Irujo, edo, agian, alboan. Binakako txapelketa gaur aurkeztuko dute, Zumaian, eta litekeena da Urrutikoetxea atzelari aritzea. «Sanmateoetako esperientzia polita izan zen. Olaizolarekin jokatzea erraza da. Niri bost axola dit aurrean edo atzean egon: nik jokatu egin nahi dut». Postuz aldatzen badute, berritasun handia izango da, eta aurrean aritzen bada, Iñaki Artola geldituko da kanpoan. Asperen aldetik, berriz, Iker Irribarriak hasieratik aritzeko aukera ona du. Txapelketan berritasunak egon daitezke, enpresetan aldaketa estrukturalak baitatoz hurrengo asteetan. Hasteko, ordezkapen asko egongo dira, eta baliteke bi enpresen artekoak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.