Olaizola II.a 22-13 Elezkano II.a

Honek ez du agurrik behar

Taktikoki partida bikaina jokatuta, buruz buruko finalerako sailkatu da Olaizola II.a, profesional ibilbidean hamargarren aldiz.. Elezkano II.ak ez du eduki egunik onena

Aimar Olaizola, atzo, buruz buruko hamargarren finalerako sailkatu dela ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon eskudero
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Iraupena. 50 minutu.

Pilotakadak. 184.

Sakez. Olaizola II.ak bost, eta falta bat; eta Elezkano II.ak bat, eta falta bat Markagailua. 3-0, 3-4, 7-4, 7-5, 8-5, 8-7, 15-, 15-8, 17-8, 17-10, 19-10, 19-11, 20-11, 20-13 eta 22-13. Bestelakoak. Pablo Berasaluze izan zen Olaizola II.aren aholku emailea, eta Ander Elezkano anaia Danelena. Partida hasieran dirua gorri atera zen, 100-70i.

Lagun minak dira Xabi Prieto Realeko jokalaria eta Aimar Olaizola. Prietok atzo jaso zuen agur hunkigarria jarraitzaileen aurrean, Anoetan. Baina Olaizolari geratzen zaio oraindik denbora egun hori ailegatzeko, nahiz eta urteetan zaharragoa izan. Besteak beste, Danel Elezkanori 22-13 irabazita, buruz buruko finalerako sailkatu baitzen atzo goizuetarra, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Finalerdietarako bidean aurrean jarritako kontrario guztiak gaindituta, konfiantzaz gainezka eta laineza hartuta zegoen bizkaitarra, baina hegalak ondo moztu zizkion beteranoak. Etxetik eramandako taktika bikain plazaratu zuen, eta fisikoki ere gazte onenen pareko agertuta, ondo merezita sailkatu zen final handirako. Profesional ibilbidean hamargarren aldiz lortu du. «Ezinezko ikusten nuen jada halako opari bat jasotzea, urteek ez baitute barkatzen. Halere, sasoi onean harrapatu nau txapelketak, eta ikaragarrizko ilusioa daukat finala jokatzeko», adierazi zuen bukaeran Asegarceko pilotariak.

Hasierako tantotik nagusitu zen Olaizola II.a. Lehen biak sakeari esker egin zituen, eta gerora ere Elezkano II.ak baino gehiago asmatu zuen horretan. Guztira, bost tanto egin zituen sakez goizuetarrak; bakarra Zaratamokoak. Denbora gutxian alde polita eskuratu zuen irabazleak (7-4 eta 8-5), baina partida berdintzeko aukera bat baino gehiago izan zituen Aspekoak. Tantoek aurrera egin ahala, gora egin zuen haren jokoak, eta ikusten zen jokoan ez zegoela alde nabarmenik bien artean. Ordea, 8-7koan sakez falta egin zuen Elezkano II.ak, eta garesti ordaindu behar izan zuen.

Izan ere, berriro sakearen jabe egin, eta 8-7kotik 15-7kora ihes egin zuen Olaizola II.ak. Aurreko koadroetatik aritu zen agintzen, eta frontisetik oso urrun ibili zuen pilota. Eroso jokatu zuen erasoan, eta burutsu defentsan. Elezkano II.a agintzera pasatzen zenean zera egiten baitzion aurkariak: pilota eskuinera eta hanketara jo. Hor egon zen partidako gakoa, bizkaitarrak ezin izan baitzuen errematean minik egin. Susperraldi zantzuak agertu zituen tarteka, goizuetarrak berak ere opariren bat edo beste egin baitzuen norgehiagokan. Baina finalerdiak ez zuen arriskurik izan inoiz.

Ezkurdia-Altuna, Bilbon

Hala, aurrez Arteaga, Artola eta Bengoetxea VI.a iazko txapelduna kanporatu arren, Elezkano II.ak ezin izan zuen sorpresarik eman Olaizola II.aren aurrean. Urteetan aurrera joanda egonagatik, taktikoki inor baino hobea dela erakutsi zuen beste behin goizuetarrak, eta goitik beherako erakustaldia eskaini zuen. Lau txapel baditu buruz buru, eta bosgarrena irabazten saiatuko da maiatzaren 27an.

Bada, finalean aurkari nor izango duen gaur jakingo da, Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak neurtuko baitituzte indarrak, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Ikusmin izugarria piztu dufinalerdiak, eta ez da gutxiagorako, biak ala biak txapelerako hautagai ziren bi pilotariak kanporatuta iritsi baitira lau onenen artera. Ezkurdiak Irribarriari irabazi zion, eta Altuna III.ak Urrutikoetxeari.

Partida irekia espero da. Joa eta indarra nagusitzen saiatuko da nafarra; teknika eta abilezia kantxaratuko ditu gipuzkoarrak. Irabazten duena lehen aldiz sailkatuko da banakako final handirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.