Gola. 1-0: Messik (91. min.). Epailea. Milorad Mazic (Serbia) Txartel horiak: Irango Nekunami eta Masudi. Bestelakoak. Ia-ia goraino bete ziren Belo Horizonteko Mineirao estadioko harmailak: 57.698 ikusle; gehienak argentinarrak.
Leo Messik ez dauka jada duela lauzpabost urte zuen maila sinestezin, harrigarri, hura, baina munduko jokalari erabakigarriena izaten jarraitzen du, korrika beharrean gehienetan jokoa oinez interpretatzen duen arren. Belo Horizonten ikusi ahal izan zen, atzo, F multzoko bigarren jardunaldiko Argentina eta Iranen arteko partidan. Bai, hego amerikarrena, a priori faborito argiak zirenena, izan zen baloiaren jabetza, baina nahi eta ezin aritu ziren irandarren ahal fisiko eta ordena taktikoari aurre egiteko ahaleginean. Egin kontu: Carlos Queirozek entrenatutako selekzioak eduki zituen partidako aukera garbienak, baina Romero atezainak eragotzi zituen Iranen golak. Beraz, partida husna amaituko zela zirudien; Messik ere ezin izango zuela erremediatu Alejandro Sabellak entrenatutako selekzioaren ezina, erridikulua. Lehia osoa ia lozorroan igaro ondoren, han agertu zen Argentinaren 10 zenbakia area ertzean, 91. minutuan. Baloia kontrolatu zuen, parean zuen kontrarioari iskin egin zion —zaintza horretan soilik huts egin zuen Iranek—, eta ezkerrez, baloiari gurpil perfektua emanez, eskudrara. Jenioaren ukitua da hori.
Futbolean jokatzen jarraitzen duen bitartean izango da jenioa, baina Messi helduak nerbioa, distira eta poztasuna galdu ditu Messi nerabe eta txima luzearen aldean. Eta ederki nabaritzen du hori Argentinak, inguruan Aguero, Higuain eta Di Mariaren gisako goi mailako jokalariak izanagatik.
Sabellak entrenatutako taldeak ez dauka jokorik. Messik sortu beharra dauka —Di Mariaren noizbehinkako amorruzko barnekaldiekin batera—, eta ia-ia berak bukatu. Kontrarioek, ordea, badakite jada nola gelditu, batetik; eta bestetik, ukaezina da garai bateko txispa galdu duela. Beraz, geldikako jokaldietan eta Messiren eta aurretik zituenen agerraldi bakan batzuetan besterik ez zuten sortu arriskua.
Iranen hamaikakoko hiru jokalarik baino ez dute jokatzen Europako liga handiren batean —Dejagahk, Masudek eta Goochannejhadek—; eta ez, hain zuzen, goi mailako taldeetan. Lehen zatian golik sartu ez zietela ikusita, bigarrengoan ausartago jo zuten gorantz baloia lapurtzerakoan. Horietako batean, Zabaletak Dejagahri egindako penaltia eskatu zuten irandarrek (55. min.); bestean, Romerok larri geratu zuen berriro Dejagahk buruz egindako erremate ederra (67. min.) ; eta azkenekoan, Goochannejhhad atezainaren aurrean geratu zen atzelariei bizkarra irabazi ostean, baina ez zuen errematean asmatu. Ahal fisikoari, ordena taktikoari, ilusioari eta ausardiari esker irabaztekotan egon zela, alegia, selekzio asiarra.
Sabellak, noraezean, aldatu zituen Higuain eta Messi, baina ez Lavezzik eta ezta Palaciok ere ez zituzten kikildu irandarrak. Messik, jenioak, belaunikatu zituen.
Brasilgo Munduko Kopa. Argentina 1. Iran 0
Jenioaren ukitu hori
Argentina nahi eta ezin aritu da, baina Messik azken unean sartutako gol ederrari esker irabazi du.Iranek oso ordenatuta jokatu du, eta aukera garbienak izan ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu