Komunitatea batzeko egunak

Ramadanean sartuta daude musulmanak. Hilabetez, egun-argitan ezingo dute ez jan, ez edan, ez eta harreman intimorik izan ere. Gainera, euren izaeraren onena atera behar dute barauak irauten duen bitartean. «Urtean behin, bihotzak husteko eta onenarekin geratzeko aukera dugu», diote.

Sabah Elkhobri, Ahmed Zannouti, euren hiru seme-alabak eta Chaymae Benhawed senidea, ramadaneko baraua hautsi ostean afaltzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Eguna bukatzen ari da. Gasteizko Salburua auzoan bizi dira Sabah Elkhobri eta Ahmed Zannouti euren lau seme-alabekin: Badr-Eddine, Adam, Wessal eta Nouh. Etxeko egongelan afaria prest dago. Umeak telebistako marrazki bizidunak ikusten ari dira, eta gurasoek azken ukituak eman dizkiote mahaiari. Gaur Chaymae Benhawed ere badago etxean, Elkhobriren iloba. Laster helduko da baraua apurtzeko unea. «Gaur 21:53an apurtuko dugu baraua», dio Zannoutik ramadanerako propio egindako sakelakoetarako aplikazioari begira.

Islamaren bost zutabeetako bat da ramadana. Ilargi egutegiko bederatzigarren hilabetea da. Urtero data aldatzen da, egutegi gregorianoa baino egun batzuk laburragoa baita ilargi egutegia. Aurten, urteko egunik luzeena ramadanaren barnean dago; beraz, hamazazpi ordutik gorako barauak egin dituzte. Badira 30 urte ez zela horrelakorik gertatzen.

Uztailaren 18ra arte, musulmanek ezin dute egun-argitan jan, ez edan, ez eta harreman intimorik ere izan. Baina ramadana hori baino askoz gehiago dela nabarmendu du Zannoutik. «Egarriz eta gosez biziz eta lan eginez, egunerokoan baloratzen ez diren gauzei garrantzia ematen zaie. Goseak zerbait esan nahi du. Besteengan pentsatu behar dugu;mundu honetan badago gosea pasatzen duen jende asko».

Baraua apurtzeko unea heltzear dago, eta senide guztiak daude mahaiaren inguruan. Ordua heldu da, eta datilekin hasi dira. Herrialde musulman guztietan hartzen dituzte datilak; energia asko ematen duten fruituak dira, eta eguneko nekeari aurre egiteko hartzen dituzte lehenbizi. «Baraua une zehatzean apurtu behar da. Baina ez da zertan une horretan afaldu. Ur tanta bat hartzearekin nahikoa da», azaldu du Elkhobrik. Eurek, baraua apurtzearekin batera afaltzen dute etxean, baina badago jendea baraua apurtu eta denbora batera afaltzen duena ere.

Mahai bete janari

Datilekin hasi dute afaria, eta ahuakate eta banana irabiatuarekin lagundu dituzte. Marokokoak dira Elkhobri eta Zannouti, eta euren mahaian badute horren zantzurik: harira, adibidez. Magrebeko herrialdeetan ohikoa den zoparen antzekoa da harira; besteak beste, barazkiak, perrexila, txitxirioak, dilistak eta haragia ditu. «Magrebekoak ez diren musulmanen mahaiak gurearekin alderatuta, erabat ezberdinak izango dira», azaldu du Elkhobrik. Horrez gain, afaltzeko badituzte oilasko eta almendraz beteriko pastela, barazki ogitartekoak eta gozokiak. Azken horiek ez dira behar-beharrezkoak, baina afarian horietako batzuk hartzeko ohitura dago. «Badago jendea ramadanean gizentzen dena». Horrez gain, ez da falta mendaz lagundutako te berdea. Elkhobrik berak prestatzen du janaria etxean. «Nahiago dut gauza naturalak prestatu etxean, osasuntsuagoa da, eta, horrela, hobeto pasa daiteke hurrengo eguna».

Afari ederra egiten dute Elkhobri eta Zannoutiren etxean. Baina ramadanean bada beste otordu garrantzitsu bat, baraua hasi aurretik azkena: fotor. Goizean goiz egiten dute egun hauetan, 04:45ean. Zerbait arina hartzen dute, normalean frutak, ura eta zukuak. «Gorputza urez hornitzeko balio du, eta oso goiz delako bazkaria prestatzen hasteko».

Hala ere, ramadana ez da baraura mugatzen. «Jateari eta edateari uzteaz harago, norberak duen onena ateratzeko unea da. Urtean behin, bihotzak husteko eta onenarekin geratzeko aukera dugu», dio Zannoutik. Musulmanek beti izan behar dute besteekiko elkartasuna, baina ramadan hilabetean are gehiago. «Hainbatetan, senideekin afaltzen dugu. Horrekin batera, janaria prestatzen dugu meskitara eramateko, beharra duen jendeak hartzeko». Elkartasuna adieraztearekin batera, ingurukoekiko jarrera zaindu behar dute, ezin baitiote hurkoari kalterik egin. Ideala bada ere, horretara jo behar dute, hori baita ramadan «perfektua».

Baraua egiten ez duenari gogorra iruditu dakioke ramadana. Baina Elkhobrik eta Zannoutik ez diote horrelako larritasunik ematen. Elkhobrik etxean lan egiten du, eta umeez arduratzen da. Zannoutik, berriz, etxetik kanpo lan egiten du. Gainera, bazkaldu behar ez duenez, lanean ordu gehiago egiteko baliatzen du. Normal-normal egiten dute barau. Are gehiago, ez dute arazorik interesa duen edonori euren jarduna azaltzeko. Adierazi dute badaudela pertsonak ez dutenak ulertzen zergatik egiten duten barau. «Badago jendea esaten duena: 'Nola liteke XXI. mendean horrela ibiltzea?'. Baina nik esaten diet: 'Ahatz ezazu erlijioa, nire izaeraren parte da'. Bizitza beste modu batean ikusteko aukera ematen dit ramadanak, eta badakit hori ezezaguna dela jende askorentzat».

Alde horretatik, uste dut Euskal Herriko gizartearen jarrera aldatzen ari dela. Komunitate musulmana gero eta garrantzitsuagoa baita Europan eta Euskal Herrian. «Nik badut lankide bat erretzailea dena. Azken egunetan, ez du nire aurrean erretzen. Eta egun batzuetan ez du ezta jan ere egin. Nik esaten diot bazkaltzera lasai joateko, baina berak erantzuten dit: 'Ez naiz bakarrik joango, hobe lanean geratzen banaiz. Gero pintxo bat hartu, eta kito'».

Erlijioaren oinarrietako bat bada ere, kultura ekintza garrantzitsua da ramadana. «Badaude musulmanen arauak gehiegi betetzen ez dituzten pertsonak eta ramadana egiten dutenak. Gainera, nahiz eta ramadana ez bete, inork ez du beste baten aurrean edango. Hori errespetatu egiten da». Ramadan garaian, meskitak ohi baino gehiago betetzen dira. Hala ere, ez dira normalean baino gurtza gehiago egiten. Afaldu ostean joan ohi da meskitara Zannouti, eta Elkhobri, berriz, eguerdian joaten da. Gainerako gurtzak etxean egiten dituzte.

Meskitak musulmanen topaguneak dira. Gasteizen, egun zazpi daude, eta Zannoutik dio bete-beteak daudela. «Etorriko bazina, harrituko zinateke zenbat jende elkartzen den». Azken urteetan, islamak gorakada izan duela uste du, kristautasunak ez bezala. «Bereziki, Europan gertatu gorakada. Jende gazteak islamarekin bat egin du. Etorkinen seme-alabak dira, baina ez dira hangoak, eta ez dira hemengoak sentitzen. Beraz, identitate bat izateko jotzen dute islamera askok». Hori hala bada ere, Zannoutik nahiago luke gazteek islamera joko balute sinesmenagatik, eta ez identitate baten bila.

Aniztasunaren bidean

Euren onena ematen dute musulmanek ramadan hilabetean, eta hori nabaritu egiten dela diote. «Urte osoan jokatu behar da ondo, baina egia da ramadanaren garaian jende gehiago doala meskitetara eta adeitsuagoak direla», adierazi du Benhawedek.

Elkhobri eta Zannoutiren etxeko atea beti irekia dagoela azpimarratu dute. Senideak eta lagunak gonbidatu dituzte mahaira, baita erlijioekin edota islamarekin harremanik ez duen jendea ere, tartean moja bat. «Caritaseko moja batek gaztelania irakatsi zidan. Orduan, lagunak egin ginen, eta harremana mantendu dugu. Askotan etorri da gure etxera afaltzera, baita gu harenera ere», esan du Elkhobrik.

Gasteizen, azken urtea bereziki gogorra izan da Magrebeko komunitatearentzat. Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak eta Javier de Andres Arabako Ahaldun nagusi ohiak bideratutako kriminalizazio kanpainak hautsak harrotu ditu. Zannoutik elkar ulertzearen aldeko mezua bidali du. «Zauriak sakonak izan dira. Baina ez dago gorrotorik. Aurrera egin nahi dugu».

Horrekin batera, erakunde publikoei eskatu die arduraz jokatzeko, egun hauetan meskitak lepo betetzen baitira, eta gogoratu du batzuek edozein aitzakia bilatzen dutela gatazka sortzeko.« Gasteizen, errealitate bat gara musulmanak. Noski, arauak bete egin behar dira, baina arauek errealitatearekin bat joan behar dute».

Elkhobri eta Zannouti ere oso pozik daude, eraso arrazisten aurrean Gasteizko herri mugimenduak izandako erantzunaz. «Gasteizko herri mugimendua egiten ari denak ez du parekorik estatuan. Eskarietatik harago doa, eta politikan eragiteko boterea du. Harro egotekoa da».

Bapo afaldu dute denek. Zannouti meskitara joango da, eta besteek, aurki, oherako bidea hartuko dute. Goiz altxatu behar dute, eguneko lehen otordua hartzeko; horren ostean, beste egun bat hasiko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.