Nork darama zama bizkarrean?

Lutxo Egiak hasitako bideari jarraitu diote Donostiako Egia auzoan: euskara hutsean bizitzeko ahalegina egin dute berrehun lagunek baino gehiagok, astebeteko txandatan. Larunbatean amaituko da egitasmoa, Egia Euskaraz egunean, eta beren esperientziak bilduko dituzte.

Egitasmoan parte hartu duten lagunetako lau, Egian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Bizkar zorroak, beteta dagoenean, asko pisatu ohi du. Eta zama hori bizkarrean deseroso samarra gertatzen da. Euskaraz bizi nahi duenak badu halako pisu astun bat soinean, nahi edo ez nahi, euskararekin batera beste hizkuntza bat ere badagoelako lurralde berean. Frantsesarekin Iparraldean, eta gaztelaniarekin Hegoaldean. Eta ez zaio hain erraza euskaldunari bere hizkuntza nahi adina erabiltzea. Erreparoaren zamaz betetako bizkar zorroa ondokoari pasatzea da soluziorik errazena, erdaldunak har dezan soinean. Hark senti dezan euskaraz ez jakitearen zama astuna. Baina hor agertzen dira lotsak eta beldurrak. Zer da errespetua? Nori dagokio amore ematea? Bi pertsonaren artean ados jartzea baita elkarbizitza. Hari horri tiraka, Donostiako Egia auzoko euskara batzordeak Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoa jarri zuen martxan joan den urtarrilean, eta larunbatean amaituko da, Egia Euskaraz egunean.

Astebetez euskara hutsean bizitzen saiatu dira Egiako berrehundik gora lagun eta 23 eragile. Egun batez, akaso, saihestu daitezke erdaldun guztiak, baina, zazpi egunez, batekin ez bada bestearekin tokatu egiten da erronkari aurre egitea. Bizimodu normala egin dute, baina hizkuntza bakarra erabiltzeko ahalegina eginez. Ez zaio samurra egin Txomin Bornaetxea Porrontxoetako jai batzordeko kideari: «Nire sentsazioa izan da erretzeari utzi nahi dionarena bezalakoa, edo drogak hartzen dituenarena bezalakoa, esaten duenean nahi duenean utz dezakeela. Nik beti buruan izan dut: 'Nahi izango banu, euskaraz egin ahal izango nuke'. Uste nuen ez nuela beti euskaraz egiten ez nintzelako horretan jarri. Eta jarri naiz, eta ez dut lortu guztiz».

Batek baino gehiagok uste zuen oso euskalduna zela. Euskaraz egiten zuela ia bizimodu guztia. Baina astebetez horretara jarri ostean, konturatu dira ez dela horrela. «Normalean familian, bikote harremanean, eta lanean euskaraz egiten dut, baina oso erraz aldatzen dut erdarara. Asko. Erabat inguru euskaldunak direla uste nuenetan, ez dut hainbeste egiten euskaraz. Gai batzuei buruz ari naizenean, eta esaera jakin batzuk esaterakoan, beti erdarara jotzen dut», azaldu du Garazi Urrusolo Antxeta Ttan Ttakun aisialdi elkarteko kideak. Andoni Altuna Trebeska dantza taldeko kideak honako hau ondorioztatu du: «Esperientzia horrek balio izan dit konturatzeko zenbat egoeratan egiten dudan erdaraz, euskaraz egin dezakedanean».

Beste hizkuntza bateko hiztunak agian egin beharrik ez duen aukera bat egin beharra du euskaldunak, euskaraz biziko bada; frantsesa eta gaztelania baititu ondoan. Baina buruak kaleak baino oztopo gehiago jartzen dituela ohartu da Urrusolo: «Txipa aldatzea kostatu zait gehien, eta ez hain erraz erdarara jotzea. Baina ikusi dut uste baino errazagoa dela hainbat egoeratan euskaraz egitea. Askotan ez dugu euskaraz egiten, saiatu ere ez garelako egiten. Leku batzuetan automatikoki erdaraz egiten dugu; jende berria ezagutzean ere bai, beldurragatik... Euskaldunok txipa aldatuko bagenu, askoz ere gehiago biziko ginateke euskaraz».

Harreman guztiak ez dira berdinak, ordea. Eta kasu batzuetan gehiago kostatzen da aldaketa hori egitea, beste batzuetan baino. Euskaraz badakiten arren betidanik gaztelaniaz hitz egin duten pertsonekin egin zaie zailena euskaraz aritzea. «Egin daiteke abisatzen baduzu astebeteko erronka dela, baina luzera begira... Lor daiteke, baina ez goizetik gauera», azaldu du Bornaetxeak. Aitziber Gurutzeaga Egia Euskaraz batzordeko kideak erantsi du: «Tematu egin behar da, eta konstantea izan».

Posible da bi hizkuntzatan?

Euskaraz ulertu arren, hitz egiteko gai ez direnekin elkarrizketa elebidunak izatea posible dela frogatu dute. «Nik harakinarekin egiten dut euskaraz. Berak esplikatzen dizkit bere pena guztiak erdaraz; baina nik dena euskaraz esaten diot, eta berak galdetzen dit: 'Zerbait gehiago?' Kopurua eta horrelako hitzak esaten ditu euskaraz. Orain arte ez zuen hori egiten, eta hasi da gauzatxo batzuk euskaraz esaten. Eta niri aukera ematen dit nire hizkuntzari eusteko», esan du Gurutzeagak. Dena dela, argi du halako elkarrizketak oso mugatuak direla.

Norekin ez ezik, nolako hizketaldia den ere kontuan hartu behar da, Bornaetxearen iritziz. Euskara erabat menperatzen ez dutenekin, «ezberdintasun nabarmena» nabaritu du aurrez aurreko elkarrizketen eta telefono edo mezu bidezkoen artean. «Telefonoz edo mezu bidez ez daukat inolako arazorik edo lotsarik hori egiteko; aurrean ez daukadanez, ez da hain deserosoa egiten. Baina, pertsonalki, zailagoa egiten zait aurrez aurre denean. Bera zuri jartzen da, zu orduan urduri jartzen zara, eta pentsatzen duzu: 'Esango diot sinple, esango diot bakarrik ideia nagusia...'».

Baina espero ez zuten moduan, jarrera ona agertu dute ingurukoek: «Pentsatzen duzu beti jarrera ezkorra edo tentsioa sortuko duzula, baina ez da hori gertatzen», azaldu du Gurutzeagak. Hori posible izan dadin, egitasmoa abian jarri baino lehen egindako TELP ikastaroan landutakoa jarri dute praktikan: beti irribarrea ahoan izatea. «Gauzak esateko modua inportantea da. Irribarre batekin baldin bada, besteak ez du sentituko eraso bat denik», erantsi du Gurutzeagak. Lauretako inork ez du erreakzio txarrik jaso astebeteko esperientzian.

Euskaraz ulertzen ez duen jendearekin asko korapilatzen da kontua. Amore eman daiteke? Baiezkoan da Urrusolo. «Hizkuntza komunikazio tresna bat da. Komunikazio hori hausten bada, ez du ezertarako balio nik nireari eusteak; ez da komunikaziorik egongo, eta hizkuntzak ez du zentzurik». Kasu horietan, kaixo, agur,eskerrikasko eta halako hitzak solasaldian txertatzea garrantzitsua dela uste dute. Altunaren iritziz, modu horretan, «hizkuntzaren presentzia» ikusten dute erdaldunek. Eta, era berean, euskarazko hitzak sartzen saiatzen dira haiek ere. Aurreko batean, Bornaetxeari altu-altu esan zion «mila esker» dendari pakistandar batek. Ondo entzun zezan badakiela euskaraz esaten. Hala ere, ez dira etorkinak soilik euskara ulertzen ez dutenak. 2011ko datuen arabera, Egiako biztanleen hamarretik hiru daude talde horretan.

Ez dakitenek euskara ikasteko pauso handia eman behar dute. Baina dakiten horiek erabiltzen badute, kutsatze prozesu bat gertatzen da. Altunak treneko kontrolatzailearekin gertatzen zaiona kontatu du. «Badaukate lege bat-edo jarrita aurreneko hitza gaztelaniaz egin behar dutela. Azkenean duzun elkarrizketa da: 'Egun on, egun on, tori, eskerrik asko'». Altunak beti egiten die euskaraz, eta treneko langileak euskaraz hitz egiten hasi ez diren arren, inguruko jendea haiei euskaraz egiten hasi da. Horregatik, mutu ere egin daitezkeen hartu eman horietan euskararen alde egitea garrantzitsua dela uste du.

Taldekako elkarrizketetan nola jokatu izaten da eztabaidaren beste adar bat, euskara ulertzen ez duen norbait dagoenean. Bornaetxeak uste du baten presentziak ez duela baldintzatu behar gainontzekoen joera. «Guztientzat zerbait esan nahi baduzu bai, baina taldeetan azkenean ez da beti denontzat hitz egiten. Eta berak ikusten badu zuk elkarrizketa berean bati euskaraz eta besteari gaztelaniaz egiten diozula, ez du uko egingo». Altunaren arabera, guztiek erdarara aldatuz gero, pertsona hori ez da «eroso» egongo. Uste du badagoela aukera bat: «Azaldu diezaiokezu pertsona horri ulertu ez duena».

Badaki edo ez daki?

Sarritan gertatzen da, norberak uste duela aurrean duenak ez duela euskara ulertzen. Eta kasu horietan, erosotasunaren alde egiten da: gaztelaniaz egiten da lehen hitza. Bornaetxearen iritziz, jakin egin behar da noiz dakien benetan eta noiz ez: «Sorpresa asko jasotzen dira». Urrusolo konturatu da ez saiatzeagatik euskarazkoak izan zitezkeen zenbat solasaldi egin dituen gaztelania hutsean: «Askotan eduki dut parean euskalduna zen norbait, eta ez naiz konturatu ere egin euskalduna zela, ez dudalako euskaraz egin hasieratik. Garrantzitsuena da guk geuk sinestea nahi dugula euskaraz bizi, eta sinestea egingo dugula eta borrokatuko garela».

Guztiak ohartu dira erdarara jotzeko ohitura dutela, eta, Bornaetxearen iritziz, hori onartzea da lehen pausoa. «Drogazalea zarenean, egin behar duzun lehenengo gauza da onartzea. Onartu gaztelaniaz hitz egiten duzula. Lasai, normala da, jende askori pasatzen zaio... Eta hortik aurrera hasi». Behin kontraesanak identifikatuta, denak batera aldatu ezin badira, hautaketa bat egitea da, haren ustez, onena. «Bidea luzea izan daiteke».

Astebete horretan ikusi dute zer esfortzu eskatzen dien euskaraz bizitzeak, baina baita horrek zer ematen dien ere. «Proba egin, eta ondo ateratzen zaizunean, poz horrekin ateratzen zara, eta hurrengoan bizkar zorroa ez dago hain kargatuta. Ikusten duzu lortzen dituzula gauzak: lortu badut supermerkatu bateko langile batekin euskaraz egitea, hark inoiz euskaraz hitzik esaten ez duen arren... Lorpenak gehiago dira niretzat», azaldu du Gurutzeagak.

Haren ustez, beti da gauza bera: «Zergatik egiten dugu euskaraz? Ematen du gu garela astunak jartzen garenak. Eta ez». Euskara ez dakienaren aurrean hizkuntza hori erabiltzea errespetu faltatzat hartu izan dute hainbatek, baina alderantziz ere izan daiteke. «Niri askotan eskatu didate barkamena euskara ez jakiteagatik. Azkenean, bizkar zorroa besteari pasatu diozu».

Jende askok eta askotarikoak parte hartu du egitasmoan. Baina eragile guztiek ez dute euskararekiko harreman bera. Horregatik, larunbateko jaian egingo duten Kalakategiak funtzio jakin bat du: partaideek esperientziak partekatzea, eta beren beharrak zeintzuk diren azaltzea. Horrela, aurrera jarraitzeko oinarri bat izango dute antolatzaileek. Bigarren fasea etorriko baita orain: eragileen lanketa. Oraingoz, larunbateko festa dute buruan: Kalakategiaz gain, ekitaldia egingo dute Lutxo Egia bertan dela, bazkaria, erromeria, haurrentzako tailerrak... Baina ez da larunbatean amaituko kontua, beste herri eta elkarte batzuek agertu baitute gauza bera egiteko interesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.