Ardoaz harago, ondare bizia

Arabako Errioxa paisaia kultural gisa gizateriaren ondare izateko aukera dezake Unescok; ardoa eta mahastiak ditu oinarrian haren hautagaitzak. Gorabeheraz betea izan da prozesua, eta heldu den ekainean bukatuko da, kultur erakundeak hartuko duen erabakiarekin.

1. Sorginaren txabola. Bilar herrian dagoen trikuharria. J. RUIZ / ARP.
2014ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Arabako Errioxan, ardoa oso garrantzitsua da: dena da». Hitz horiekin laburtu du Miguel Larreina Mahastizaintza eta Enologiako masterdunak Arabako Errioxaren eta ardoaren arteko harremana. Historia luzea du mahastizaintzak Arabako Errioxan; mila urtekoa gutxienez. Arabako Errioxak Errioxako Erkidegoaren zati handi batekin partekatzen du ardoaren eta mahastiaren paisaia kulturala, Unescoren gizateriaren ondare izateko hautagaitza. Orain bost urte hasitako bidaia heldu den ekainean bukatuko da, Unescok epaia ematen duenean. Bitartean, hautagaitzaren gizarteratze kanpainan murgilduak daude Eusko Jaurlaritza, Arabako Aldundia eta Arabako Errioxako kuadrilla.

«Ardoari lotutako eskualde bat baldin badago Europan, hori Arabako Errioxa da, zalantzarik gabe. Eskualdeko herrien dependentzia erabatekoa da. Adibide gisa, Eltziego eta Navaridas herrien nekazaritza lurren %90 mahastiak dira», dio Larreinak. Baina Unescok, ardo produkzioa bainoago, beste ezaugarri batzuk hartuko ditu kontuan paisaia kulturala izendatzeko orduan. «Kultural abizen horrek beste zerbait eskatzen du», dio Larreinak. Paisaia bati lotutako berezko izaera eta kultura, alegia. Horretan ere Arabako Errioxa nabaria dela uste du: «Arabako Errioxak ardoari lotutako mila urteko historia du. Nork gehiago du hori? Mila urte horiek Gasteizekin eta Bilborekin lotzen gaitu, baita Euskal Herriko eta Nafarroako historiarekin ere».

Nafarroako Erresumak X. mende inguruan konkistatu zuen Arabako Errioxa eta Nafarroako Sonsierra, eta garai horretakoak dira mahastien lehen lekukotasunak. «Garai hartan Euskal Herri osoan zeuden mahastiak, eta Arabako Errioxan zeudenak ez ziren bereziak; bertakoen kontsumorako baino ez ziren», azaldu du Larreinak. Baina XIII. mendearen bukaeran aldaketa klimatikoa izan zen, eta Arabako lautadako klima nabarmen hoztu zen, eta mahastiak desagertu ziren. «Gasteiz eta Agurain mahastirik gabe geratu ziren. Orduan, Gaztelako Erregeak baimen berezia eman zuen Nafarroako Sonsierratik ardoa Gasteizera eramateko. Kontuan izan behar da Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko gatazka bizi-bizi zegoela». Garai hartan hasi zen ardogintza garrantzia hartzen, eta gaur egunera arte iraun du negozio horrek. Bereziki garrantzitsuak izan ziren XVII eta XVIII. mendeak. Ordura arte, Bilbok itsasotik jasotzen zuen ardoa, Bordele eta Loira aldetik. Baina, hainbat gerraren ondorioz, itsasoko bideak moztu egin ziren, eta ardoa Sonsierratik hartzen hasi behar izan zuten. Horrez gain, Euskal Herriko populazioak gora egin zuen; beraz, ardo kontsumoak ere gora egin zuen. «Garai horretakoak dira Arabako Errioxako eraikin ederrenak».

Bide luzea

Urteetako ibilbidea du Arabako Errioxa gizateriaren ondare izendatzeko proiektuak. Guardiako Udalak 2008. urtean aztertu zuen herria bera gizateriaren ondare izendatua izateko aukera. Hainbat aditurekin harremanetan jarri ziren; besteak beste, Icomos gobernuz kanpoko erakundeko batzuekin. Elkarte horrek aztertzen ditu gero Unescok gizateriaren ondare izendatzen dituen hautagaitzak. «Gaia pixka bat aztertu ostean, bide hori itxia zegoela konturatu ziren, jada Erdi Aroko herri asko baitira gizateriaren ondare. Orduan, hautagaitza Arabako Errioxa osora zabaltzea pentsatu zuten, paisaia kultural gisa aukera gehiago izan zitzakeelako», gogoratu du Jokin Villanueva Arabako Errioxako kuadrillako presidenteak.

Orduan, 2009. urtean hautagaitza berria prestatzen hasi ziren Arabako Errioxako kuadrilla, Arabako Merkataritza Ganbera, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Aldundia. Lantalde bat Peso de Reguara joan zen (Portugal), hura gizateriaren ondare den paisaia kultural izendatu baitzuen Unescok. Portugaldik bueltan, Arabako Errioxako alkate guztiekin proiektua azaltzeko bilera antolatu, eta denek bat egin zuten. Icomoseko kide batzuek eskualdea bisitatu zuten, proiektu berria ezagutzeko. «Hasierako proposamenak Ebro ibaiaren eta Kantauri mendikatearen arteko lurrak biltzen zituen; hau da, Arabako Errioxa eta Errioxako Elkarteko lau herri. Icomoseko kideek gomendatu ziguten hautagaitza Errioxarekin bat egiteko, inguru geografikoa izan zedin, eta ez politikoa», azaldu du Villanuevak.

Eusko Jaurlaritza harremanetan jarri zen Errioxako Gobernuarekin, eta haiek eskaintza onartu zuten. Denborak aurrera egin ahala, planak gorabehera ugari izan ditu, eta Unescori aurkeztutako plana ez da Eusko Jaurlaritzak nahiko lukeena. «Proiektuaren muina bera da, baina Errioxak babeserako eremua gehiegi zabaldu duela uste dugu. Errioxa jatorri izenean sartzeko ahalegina egin dute», adierazi du Amaia Goikoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondareko Saileko zuzendariak. Villanueva Goikoetxearen iritzi berekoa da: «Ebro ibaiaz beste aldera aldatu egiten dira paisaia, klima eta produzitzeko era. Errioxako eremua gehiegi zabaltzea da hautagaitzaren alderdirik ahulena».

Beste ahulezietako bat da oraindik jende gutxik duela hautagaitzaren berri, baita Arabako Errioxan ere. ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak aste honetan aztertuko du gaia, eta ordu arte ez du iritzirik emango. Estibaliz Besa Candido Besa upategiko langilea da, eta hark ere informaziorik eza salatu du. «Pixkanaka zabaltzen ari da berria, baina ez dakigu zer ekar dezakeen Arabako Errioxa gizateriaren ondare izendatzeak».

Informazio falta horri aurre egiteko, batzorde bat sortu dute Arabako Errioxako kuadrillak, Arabako Merkataritza Ganberak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak. Goikoetxea batzorde horretako kidea da. «Maiatzean hasi ginen lanean, bi helburu argirekin: herritarrak informatzea eta hautagaitzaren hedapena egitea». Udan sukaldeko lana egin ostean, ikasturte berriarekin hasi dira ekintzak, hala nola hitzaldiak, margo jardunaldiak mahastietan eta ibilaldiak. Horrez gain, Arabako Errioxako pertsona ezagunek idatzitako hautagaitzaren aldeko iritzi artikuluak bideratu dituzte prentsan.

Ardoa baino gehiago

Ardoak erabateko garrantzia du Arabako Errioxan. Larreinaren arabera, eskualdeko 3.000 familia bizi dira ardogintzatik, eta 12.000 lagun inguru bizi dira han. Hala ere, eskualdeak ardoa baino gauza gehiago dituela uste du Ander Besarez Bastidako Ika euskaltegiko irakasleak. Are gehiago, ardoak beste guztia baztertu duela uste du: «Ez da posible 2014. urtean jendeak ez ezagutzea, besteak beste, Arabako Errioxako aintzirak, mendiak, trikuharriak eta La Hoya herrixka. Dena egin da ardoaren alde, hau da, diruaren alde».

Euskararen arloan ere hutsune nabariak daudela dio Besarezek. Ardogintzak lehentasuna hartu du, beste arlo batzuen kaltetan: «Euskara eta kultura mailan ez da ezer egiten. Tiki-taka elkartea sortu genuen euskaltegi eta ikastolen artean. Orain lau urte, martxan jarri zuten kuadrillan euskara zerbitzua, guk behin eta berriz eskatu ostean. Hemen jatea eta edatea sustatzen dute, besterik ez». Haren aburuz, Unescok Arabako Errioxa gizateriaren ondare izendatzeak ardoa ez diren gauzak sustatzeko lagundu dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.