Julia. 47 urte

«Gogorra da: nire amak asko sufritu du; oraindik sufritzen du»

2015eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Ez da benetako izena, baina «Julia» jartzeko: horixe eskaria. 47 urte, eta memorian iltzatuta Zaballako espetxean (Araba) preso egin behar izan zituenak: «Urtebete eta hamar egun». Eskumuturrean eskumuturreko telematiko bat jarrita egin ditu hitzok, presoei arreta emateko Bilboko Zubia zentroan, zigorra oraindik guztiz betetzeko. Lehentasuna argi du: «Lana bilatzea». Ondoren nahi du espetxealdiaren harira galdutako erlazioak konpontzea. Irri lasai egitea berriro:

«Han barruan zaudenean irtetea besterik ez duzu buruan: erotzeraino. Kartzelako sistema oso gogorra da. Nolanahi ere, tira, niri ongi etorri zait egonaldia; sartu nindutenean bizitzako aro oso zail batean nengoen, eta ongi etorri zait. Orain, sartu nintzenean baino hobeto nago, baikorrago; aurrera egiteko indar handiagoa dut. Egun, atera eta gero, leku irekietan egotea maite dut bereziki; oso gogorra da askatasun falta; gauza ederra da leihoa ireki eta inolako hesirik ez ikustea. Kartzelan bizirik irauten ikasten duzu; jende klase askorekin bizi behar duzu, eta askotan ez da samurra. Tokatzen zaizunaren ondoan egon behar duzu; zuk ezin dituzu zure kideak aukeratu, eta, usu, harremanak zailak izaten dira: gatazkatsuak. Tentsioan joaten dira zenbaitetan egunak, liskarren batean sartuta egongo ote zaren beldur. Baina, tira, denetik dago; hiri baten antzekoa da, azkenean, hura. Oso garrantzitsua da, ahal dela, kezkak burutik kenduta ibiltzea. Nik, esaterako, kartzela barruan lan egitea lortu nuen, eta ondo egon zen. Baina, hala ere, badira oso une gogorrak; sartu nintzen eguna, esaterako, oso-oso zaila izan zen. Aukera izan nuen, zenbaitetan, psikologoekin hitz egiteko, eta lagungarria izan zen. Baina ez daude hor behar duzun guztietan. Eta orain ere badira une zailak. 25 urteko alaba bat dut, eta nirekin hitz egiteari utzi zion kartzelan sartu nintzen egunean. Oraindik ere ez dit hitz egiten. Pentsatzen dut kalean ondo ikusi nahi nauela, jakin nahi duela ez naizela gehiago inoiz itzuliko. Gogorra da. Nire amak ere asko sufritu du; oraindik sufritzen du, alabarekin mintzatzen ez naizela-eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.