Zuriñe Gojenola eta Pello Otxandiano. Sortuko kideak

«Herrigintza aro berria behar dugu»

Sortuko arduradunek uste dute Euskal Herriak «oinarri ahulak» dituela XXI. mendean dituen erronkei heltzeko: «bulkada kolektiboa» behar duela. Eztabaida hori sustatu nahi dute orain Plaza Hutsa ekinbidearekin.

JUANAN RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Joan den otsailaren 10ean, Sortuk Herrigintza aro berri baterako begiradak izeneko tailerra bat antolatu zuen Durangon (Bizkaia), euskal herrigintzaz gogoeta egiteko. Han ernaldu zen Plaza Hutsa egitasmoa. Herrigintza garai berri bati ekarpenak egiteko eta ezkerreko independentismoa herrigintzan trebatzeko eskola izateko xedez jaio da Plaza Hutsa. Zuriñe Gojenola (Lekeitio, Bizkaia, 1983) eta Pello Otxandiano (Otxandio, Bizkaia, 1983) Sortuko Herrigintzako arduradunek proiektuaren xehetasunak azaldu dizkiote BERRIAri .

Zer da Plaza Hutsa?

ZURIÑE GOJENOLA: Otsailean Sortuk antolatutako herrigintza tailerrean sortu zen Plaza Hutsaren ideia. Hor diagnostiko bat egin zen: herri hau garai oso berezian dago, eta ezinbestekoa da herrigintza aro berri bat sustatzea. Eztabaida hori bultzatzeko sortu da Plaza Hutsa. Espazio kolaboratibo eta ireki bat da. Herri kontzientzia ardatz hartuta, ezkertiar eta abertzale komunitate zabala aktibatzeko eta trebatzeko gunea izan nahi du. Plaza Hutsa ez dago sigla batzuei lotuta, herrigitzan interesa duen komunitate zabal bati irekita baizik. Plaza Hutsa nondik datorren hobeto ulertzeko, Joseba Sarrionandiari lapurtu diogu ideia bat; berak honela definitzen du: Pertsona libre, eskubide berdin eta elkartasunez lotuen arteko bilera, plaza hutsean.

PELLO OTXANDIANO: Garai berezi batean gaude. Herrigintza aro bat agortzen ari den zantzuak daude, eta, aldi berean, aro berri baterako trantsizioan gaude. 60ko hamarkadan, bultzada komunitario oso indartsu bat egon zen herri honetan, eta ordutik asko eraiki da, baina orain bultzada horren hondarretan gaude. Uste dugu herri honek herrigintza aro berri bat ireki behar duela, eta horretarako herri bulkada edo arnasladi berri bat beharezkoa duela. Hori sustatzen saiatzeko sortu da Plaza Hutsa.

Herrigintza aro berri bat behar dela diozue. Zergatik?

P.O.: Azken 60 urteetan bereziki lau esparrutan izan da herrigintza paradigmatikoa: hezkuntzan, hizkuntzaren biziberritzean, lan esparruan eta kulturgintzan. Lau esparru horiek aztertuta, ikusten dugu garaiko bulkaden hondarretan gaudela. Batzuk ahuldu egin dira, eta dauden egiturak ez dira nahikoak erronka berriei heltzeko. Bestetik, sumatzen dugu abertzaletasunak eraiki duen herri iruditeria bat agortzen ari dela, batez ere belaunaldi gazteengan.

Nolakoak dira egun herrigintza aro berri baterako dauden oinarriak ?

P.O.: Oinarriak nahiko ahulak dira XXI. mendeak herri honi jartzen dizkion erronkei heltzeko. Badaude zenbait adibide argigarri: gure sistema instituzionala oso ahula da, eta gure autogobernu sistema ere oso makala da Espainiatik datorren bultzada zentralizatzaileen aurka; hedabideen esparrua deseginda dago; ehun produktiboak aberastasuna sortzeko izan duen gaitasuna mugatua dago; euskalduntze fase oso bat agortu da... Herri gisa garai honi heltzeko oinarriak oso ahulak dira, eta horrek bultzada kolektibo berri bat eskatzen du.

Egungo egoera kezkaz ikusten duzue?

P.O.: Bai, ardura eta kezka puntu batekin bizi dugu garai hau. Ikusten ari gara mundua hankaz gora dagoen bitartean herri gisa ditugun erronkak itzelak direla. Kezkaz ikusten dugu Espainiatik datorren inboluzioa, eta herri gisa dugun anbizio bakarra daukagunari eustea da. Horrek guztiak herri honek dituen aukerak mugatu, ito eta anestesiatzen ditu. Guk uste dugu badagoela kapital sozial nahikoa herri moduan zerumuga kolektiboa jartzeko, baina horrek eskatzen du dauden energia horiek askatzea. Gu sinistuta gaude ezer ez egitea ez dela hautu bat, eta berriro saiatu behar dugula herri moduan antolatzen. Herrigintza jarri behar dugu eraikuntza prozesuaren oinarrian, eta hortik gizartearen aktibazio handia bilatu.

Plaza Hutsaren bitartez sustatu nahi duzue eztabaida hori. Nola antolatuko da egitasmo berria? Zein eduki izango ditu?

Z.G.: Plaza Hutsa espazio dinamikoa izango da, eta bi atal nagusi izango ditu. Batetik, gogoeta kolektiboa eragiteko webgune bat sortu dugu. Bertan, zenbait elkarrizketatuk herrigintza aro berri baterako ekarpenak eskainiko dituzte maiatzetik uztaila bitartean, astero, hainbat gai hartuta. Elkarrizketa horien inguruan ekarpen idatziak eta eztabaidak sustatu nahi ditugu, eta, besteak beste, uztailerako ikastaro bat antolatu dugu UEUren eta Iratzarren artean, Herrigintza aro berri baterako begiradak izenekoa. Bestetik, ezkerreko independentismoa herrigintzan ahaldundu eta trebatu nahi dugu.

Nola egin nahi duzue hori?

Z.G.: Bi egitasmo martxan jarriko ditugu. Alde batetik, Euskal Herrian tokian-toki dauden baina ezagutzen ez diren herrigintza esperientzia ugari bildu nahi ditugu, eta katalogo bat egin. Modu horretan, beste herrialdeei hainbat eredu erakutsi nahi dizkiegu, eta balioetsi herrigintzan egiten den lan hori guztia. Bigarrenik, herrigintzaren memoria jaso nahi dugu, Sustraiak egitasmoaren bitartez. Herri honetan herrigintzan egin den lan oparoa bildu nahi dugu, uste dugulako balio dezakeela aurrera begirako gakoak finkatzeko. Plaza Hutsan mugituko den jendeak gorpuztu beharko du proiektua.

P.O.: Espazio digitala ez ezik, espazio fisikoa ere izango da Plaza Hutsa, tailerren bitartez. Udazkenero tailer bat antolatuko dugu. Ezkerreko independentisten topagune izan nahi dute tailerrek, herrigintzari ekarpenak egiteko.

Ezker independentistak ekarpen handia egin dio herrigintzari azken hamarkadetan. Kontziente al da egindakoaz?

P.O.: Uste dugu neurri batean ez dela kontziente. Ezker independentistakharro sentitu behar du herrigintzari egin dion ekarpenaz, eta herri gisa eraikitako guztiaz eta utzitako ondareaz jabetu behar du. Ondare nagusia da oraindik badugula tradizio komunitario indartsu bat herri honetan, eta hori bada lurzoru oparo bat herrigintzarako. Herrigintzarako sen hori da etorkizuneko kultura politikoaren ardatza.

Egun, zeintzuk dira herrigintzaren erronkak?

P.O.: Energia sortzaile handia dago Euskal Herrian. Badago gaitasuna eta kapital sozial handia herrigintzaren esparru zabaletan, eta egiten ari da. Azken sei urteotan, Euskal Herriko historia garaikideko mobilizazio sozialik handienak gertatu dira. Beraz, badago kapital sozial nahikoa herrigintzaren hainbat esparrutan, eta hori dena artikulatzen saiatzea da ezkerreko independentismoak herrigintzari eskaini behar dion balio erantsia. Ezkerreko independentismotik sustatu beharreko herrigintzak anbizioa izan behar du herri egitasmo bati erantzuteko eta estatu baten oinarriak eraikitzeko. Uste dugu herri bulkada horrek errepublika baten oinarriei erantzun behar diela. Horrek eskatzen duena da herrigintzan dabilen jendea elkartzea eta erronka komunak planteatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.