Puigdemont atxilo hartzeko eskatuko du fiskaltzak

2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua, Meritxel Serret kontseilari kargugabetua eta Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia atxilotzeko aukera jarri zuen atzo fiskaltzak Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailearen mahai gainean. Gabriel Suitzan da, eta Puigdemont eta Serret Genevara joatekoak dira, etzi, Giza Eskubideen Nazioarteko Jaialdian eta Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren ekitaldi batean parte hartzeko; han izango da Gabriel ere.

Suitzako Justiziak joan den hilabetean adierazi zuen ez zuela Gabriel estraditatuko, Espainiak «delitu politikoak» egozten dizkiolako. Puigdemonten eta Serreten kasuan, «lege oinarririk» ez dagoela ziurtatu zuen atzo. Hala ere, fiskaltzak eskatuko du tramite guztiak berriz egiteko. Suitza ez denez Europako Batasuneko kide, euroaginduek ez dute eraginik estatu horretan, soilik nazioarteko atxilotze aginduek, Interpolen bidez egiten direnak. Hain justu, fiskaltzak erakunde horri galdegin zion atzo agindua bideragarria ikusten ote duen.

Puigdemonten atxilotzea eskatu zuen urtarrilaren 22an Kopenhagera bidaiatu zuenean ere, baina Llarenak bertan behera utzi zuen euroagindua. Goreneko epaileak prozesatze autoa erredaktatu nahi du lehenik, eta gero eskatu nazioarteko atxilotze agindua; matxinada, sedizioa eta dirua bidegabeki erabiltzea egozten dio Puigdemonti.

Neurri horiez gain, fiskaltzak Gorenari eskatuko dio mugatzeko hiru politikarien pasaportea, Europatik ez ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.