BIHAR DONIBANE LOHIZUNEN KANTATUKO DUTEN SEI BERTSOLARIAK (JAI ALAI, 17:00)

BERRIA.
2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun

Agin Laburu Rezola



Astigarraga (1985)

Saio berezia izango da biharkoa Labururentzat, tentsio handikoa, inoiz baino eskurago baitu finalean aritzeko aukera. Umorerako abilezia duen bertsolaria da, eta, era berean, sakon aritzeko batere arazorik ez duena. Saiatzen da plazan bezala egiten bertsotan txapelketan ere, eta eskertzen dio publikoak.

Igor Elortza Aranoa



Durango (1975)

Finalaurrekoetara zuzenean sartu diren bertsolari guztiek aipatu dute txapelketan lurreratzea kostatzen dela pixka bat. Elortzak ere hori esan zuen Bastidako finalaurrekoen ostean, gehiago egiteko nahiarekin geratu zela. Dena den, hutsik egin gabe aritu zen, distiratsu bakarkakoan, eta seigarren amaitu zuen lehen fasea.

Iñaki Apalategi Astigarraga



Beasain (1982)

Finalaurrekoetako bigarren itzulira sartu den azken bertsolaria izan da, baina txapelketa oso ona ari da egiten beasaindarra. Leitzan baino gorabeheratsuago aritu zen Durangoko finalaurrekoan, baina han ere eman zuen beretik. Ahalegin handia egiten du gaiarekin zerikusia duten elementuak ekartzeko bertsora.

Jone Uria Albizuri



Getxo (1990)

Zallako kanporaketan, arratsaldeko ofiziorik politenetakoa osatu zuen Miren Amurizarekin, umea bere ohera joatea nahi zuenaren rolean; eta Bastidako finalaurrekoan ere, Agin Labururekin seiko motzean egindako ariketak jaso zuen txalo gehien. Finala ez du ezinezko, baina koska bat gora egin beharko du.

Julio Soto Ezkurdia



Gorriti (1987)

Kanpoko baldintzek ez zioten askorik lagundu Mauleko finalaurrekoan. Aipatu zuen euri hotsak kontzentrazioa galtzera eraman zuela batzuetan, eta ez zela guztiz gogobeteta geratu egindako lanarekin. Bai Leitzako kanporaketan bai Mauleko finalaurrekoan, bakarkako lan oso onak egin ditu, doinu berrian.

Maialen Lujanbio Zugasti



Hernani (1976)

Irunen egin zuen bakarkako lana da txapelketa honetako bertsoaldi gogoangarriena. Eta, akaso, bakarkako hori izango du zamarik handiena biharko saioan ere, jendeak izugarri espero duelako hernaniarrarengandik. Puntuei erreparatuta, egun oso txarra izan beharko du finalean ez sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.