inaki petxarroman
Kuba. Fidel Castroren heriotza. HABANAKO LEKUKOA

Katalanak Habanan

2016ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Zortzi lagun inguru daude mahai baten bueltan. Mahai gainean plater eta garagardo botila hutsak dituzte. Europarrak dira, zeresanik ez. Euskaldunak ere izan daitezkeela pentsatu du jatetxera sartu berriak. Paseo etorbide handiko txosna bat da, hotel ezagunen inguruan. Hantxe dira Vedado, Habana Libre eta beste hainbeste eraikin ezagun. Aztoramendu berezia dago Habanan, kaleak ixten ari direlako autoentzat. Atzerritar asko heldu dira azken orduetan —kazetariak, diplomazialariak, munduko edozein txokotako ezkerreko militanteak...—. Fidel Castro buruzagiaren azken agur ekitaldira doaz gehienak.

Jateko zerbait eskatu, eta txiripaz aurkitu du sukaldea irekita. Eseri, eta hobeto erreparatu die europarrei. Aurpegi bat ezagun egin zaio: Anna Gabriel Sabate CUPeko diputatua da. Kaixo esatera joan zaio. Komandantearen agurrerako baimen agiria jaso duela esan dio emakumeak. Ondoren, Otegiri gertatutakoa txarretsi du, aipamen labur batez. Bere burua aurkeztu du kazetariak, eta BERRIA egunkariaz aritu dira, eta David Fernandez CUPeko adiskideaz... Ondoan dauka Txabi Artigas La Directa aldizkariko kazetaria, Ciutat Morta dokumental entzutetsuaren egilea. Ea Joseba Sarrionandiarekin egoteko aukerarik izan dezaketen galdetu diote solaskideari. «Gogoz egongo ginateke harekin, agur esateko bada ere», dio CUPeko diputatuak. Biharamunean badoala eta zail duela badaki, baina. Artigasek ere elkarrizketa bat egin nahiko lioke. Nazio txikien iruditerian badira Fidel Castro ez besteko mitoak ere, eta katalanek ulertu dituzte euskaldunenak. Ahal den neurrian lagunduko diela hitzeman die. Konpromiso horrekin agurtu dute elkar, Iraultza plazara bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.