Olinpiar oroitzapena. Montreal 1976

Urtxintxa bezala

Perfekzioaren ikur bihurtu zen Nadia Comaneci gimnasta errumaniarra Montrealen. Baina 14 urte besterik ez zuen neskato hari gaurtik begiratu dio Garbine Ubedak: «Gaur, Youtubeko bideoari begira, ez dut ez urtxintxarik ez libertaterik ikusten».

garbine ubeda goikoetxea
2016ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Montrealgo Olinpiar Joko haietan, gimnastika artistikoko markagailuak ez ezik joko haien ikusleak eta ondorengo asko eta asko ere gelditu ziren jardun eta zenbaki haren neurrian kabitu ezinda. Omega etxearenak ziren markagailuak, eta aurretik esana zien norbaitek ez hartzeko lanik lau digituko zenbakiei neurria jartzen. Gimnastika artistikoan ez zela posible. 9,60 edo 9,85 notak izaten zirela ordura arteko epaile xuhurrek asko jota emandako notarik altuenak. 10,00ekoa? Sekula ez. Nadia Comaneci izeneko 14 urteko gimnasta errumaniarra agertu zen arte. Ongi du gogoan hartua Garbine Ubeda kazetariak, BERRIAri adierazi dionez.«14 urteko neskato errumaniar hark zazpi hamarreko eta urrezko hiru domina lortu zituen gimnastika artistikoan, perfekzioaren ikur bihurtu zen, lan gogorrak zerua dakarrela ziurtatzen duen egia. Izar argitsuena izan zen mundu osoan», nabarmendu du.

Orduko abesti batekin lotu du Ubedak haren ariketa: «Kirolaria baino gehiago, ordea, katagorria iruditu zitzaidan, eta garaitsuko musikatxo sonatua lotu nion bere balentriari: '...nik ere nahi nuke izan urtxintxa bezala, hain gora, hain trebe, izaiteko libre…'».

Bela Karolyi entrenatzaile hungariarrak Errumaniako Onesti herrixka hartan ikusi, selekziora eraman eta entrenamendu sistemarik gogorrenaren pean txapeldun egin ondotik, famaren zurrunbiloak irentsi ondotik —edo aurretik—, hainbatek kritikatu dute orduan bertan gutxik kritikatu zutena. Eta horri heldu dio Ubedak ere: «Gaur, Youtubeko bideoari begira jarri, eta ez dut urtxintxarik ikusten, ezta libertaterik ere. Neskatoen esklabotzaren kiratsa dario gimnastika mota horri, eta emakume gorputzaren ukazioa sublimatu nahiarena. Eta hori olinpiarra izango da, baina ez kirola, eta are gutxiago bidezkoa. Lola Lafon idazleak nobela bat eskaini zien Comaneciren bizipenei: La petite communiste qui ne souriait jamais (Inoiz irribarrerik egiten ez zuen komunista txikia). Egundokoa».

ARGAZKIA

Eguna. 1976ko uztailaren 19a.

Ekitaldia. Montrealgo Olinpiar Jokoak. Gimnastika artistikoko finala. Oreka barra.

Emaitza. Nadia Comaneci errumaniarra lehenengoa (19,950), Olga Korbut errusiarra bigarren (19,725) eta Teodora Ungureanu errumaniarra hirugarren (19,700). Urrezko domina horrez gain, beste bi ere irabazi zituen Comanecik Joko haietan: buruz burukoa eta barra asimetrikoetakoa. Azken horietan egindako ariketa bati esker lortu zuen gimnasta batek sekula lortu zuen lehen 10,00ekoa. Markagailuan hasieran 1,00 agertu zen, ez zegoelako prestatuta lau digituko notak emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.