Nagore Odriozola Juaristi.
Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Zentzugabeko enpatia

2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Emozionatu egiten nau ikurrina ikusteak Olinpiar Jokoetan. Ezin dut ukatu. Maialen Chourrauten urrea datorkit burura, esaterako. Rion, irabazi eta bere jarraitzaileak ikusi genituenean pantailan, pozez zoratzen, ikurrina eskuan. Eli Pinedoren ospakizuna ere ez dut sekula ahaztuko, ezta Richard Oriberena ere. Londresen biak, euren une historikoetan. Irrazionala ala ez, pertenentzia sentimendu moduko bat sorrarazten dit.

Mundu osoaren epizentro den ekitaldi batekiko gertutasuna sentitzeak emozionatu egiten nau. Zarautzen Ainhoa Muruari ongietorria egin genionean bezala Londrestik itzuli zenean. Momentuko oilo ipurdiaz oroitzen naiz, eta oraindik ere, pentsatze hutsarekin, zerbaitek eragiten dit barrenean. Udaletxeko plazan sartu zeneko istanta. Izugarria.

Urte horretan, ziurrenik, inoiz emozio handienaz bizi izan dudan olinpiar unea gertatu zen (eskubaloitik datorren neska batentzat Espainiako emakumezkoen selekzioak bizi zuen une historikoa oso garrantzitsua zela onartu behar da). Herrian Azken Portuak ospatzen ari ginen, eta gu pare bat orduz desagertu ginen. Elkartera joan, telebista piztu, eta Londresko eskubaloiko brontzearen partida ipini genuen. Ezinegona eta zoriontasuna oroitzen ditut, baita ondoren bota genuen parranda ere.

Emozioa, ordea, ez dator beti aipatutako pertenentzia zentzugabeko horrengatik, enpatiagatik ere badator. Atzo, eskubaloian Portugalgo gizonezkoak estreinatzen ikusten emozionatu egin nintzen. Duela bost hilabete taldeko atezaina zen Alfredo Quintana zendu zitzaielako entrenamendu batean bihotzekoak emanda, eta handik gutxira bere taldekideek lehen aldiz Olinpiar Joko batzuetara sailkatuz omendu zutelako. Ez ote da bizitza egun hauetan pixka bat ederragoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.