Nagore Odriozola Juaristi.
TOKIO 2020. TOKION TOKIKOA

Joko madarikatuak

2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Oraindik ere gogoan dut 2013ko iraila. Londresko Jokoak urtebete pasatuta, aurretik etor zitekeenaren baitan ikusmina sekulakoa zela. Ordurako Riori emana zioten 2016ko Olinpiar Jokoen ardura, baina 2020koak oraindik umezurtz jarraitzen zuten. Elkarri noren eskutan eroriko ote ziren galdetzen genion bitartean, Madrilen hautagaitzak esan behar da sentimendu kontrajarri asko eragiten zituela.

Ia 8 urte joan zaizkigu Tokiori hasiera batean saria zirudiena tokatu zitzaionetik. Eta zirudien diot, sinesgaitza delako honaino egin behar izan duen bidea. Logoaren plagio salaketak, olinpiar estadioaren diseinu ez eraginkorra, botoak erosi izanaren susmoa, dimisioak eta, noski, fikziozko gidoi txukun bat izango balitz bezala, mundu mailako pandemia bat.

Tokioko Jokoak inoizko garestienak bilakatu ziren iaz, urtebetez atzeratuko zituztela iragarri zutenean (egoerak hobera egin zezan, eta, behintzat, ikusleen ekarpen ekonomiko-emozionala izateko). Gaur, ordea, ezin errealitatetik urrunago ibili, eta, izatez, une batetik bestera bertan behera gera daitezkeela dirudi oraindik ere.

Baina Olinpiar Jokoek badute beti zera irrazional bat euren baitan, eta ziur aurtengoak askorentzat maitatuenak ere izango direla. Esperoenak akaso. Gorrotatuenak ere bai ziur aski, madarikatuak. Baina, hala eta guztiz ere, ahaztezinak. Negarra eragiten dutelako, eta irribarreak, haserreak, ezinegonak. Pasioak azaleratzen dizkigutelako, tentsioak areagotzen, emozioak pizten, zaletasun eta idolo berriak sorrarazten, eta zaharrak irmotzen. Zorigabeko Jokoak datozenak, bai, kondenatuak, baina azkenik eta behingoz, behintzat, benetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.