Nagore Odriozola Juaristi.
TOKIO 2020. TOKION TOKIKOA

Osasun mentalaz

2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Hunkituta jarraitzen dut, Maialen Chourrauten jaitsiera ahaztu ezinik. Zein zaila den askok eta askok telebistari begira sentitu genuen zirrara hori azaltzea. Podiumetik kanpo gera zitekeen uneko ezinegona. Brontzea eramango zuela zirudieneko poza. Zilarra lortu zueneko eromena. Bere negar malkoekin bat egitea... Sekulakoa izan da. Baina ni gerora kazetariei esan dien zerbaitekin geratu naiz: olinpiar ziklo hau «oso gogorra» izan dela aipatu du, eta horrek zer pentsatu eman dit. Batez ere, justu Maialenen jaitsierarekin batera Naomi Osaka teniseko izar japoniarrak galdu duelako, eta, gero, Simone Biles gimnastikako izar estatubatuarra erretiratu delako.

Biak ala biak mundu osoaren begirada zorrotzaren pean daude, eta euren herrialdeetako itxaropen handiena ziren Joko hauetan. Osakaren kasuan, porrotaren ostean, bere lehenengo Olinpiar Jokoak direla eta presioa «handiegia» izan dela onartu du. Ez duela jakin herrialde oso baten itxaropena «hobeto kudeatzen». Biles-enean, ustezko arazo mediko batengatik erretiratu den arren, momentuko presioagatik edota antsietateagatik izan litekeela uste da, eta, hala balitz, horren larritasunaz jabetu beharko genuke.

Izan ere, duela ia bi hilabete Osakak osasun mentalaren tabuak mahai gainean ipini zituen, Roland Garrosetik erretiratu zenean. Komunikabideen aurrean ez zuela hitz egingo erabaki ostean, bere buruaz zaindu behar zuela adieraziz txapelketa utzi zuen. Japoniarrak 2018an lehen Grand Slama irabazi zuenetik depresio luzeei aurre egin behar izan diela ere kontatu izan du, eta hala eta guztiz ere, atzoko porrotaren ostean kritika ugari jaso eta jasoko ditu. Pertsonaiak kirolaria jan duelako, jakitun batzuen ustez. Agian, kirolariaren aurrean dagoen pertsonaiari baino gehiago, atzean daukan pertsonari egin beharko genioke so sarriago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.