Hauxe, zure talde kutun berria

Karsiyaka Turkiako taldearen zaleen osagarri ohiko bat ikurrina da. Ez antzeko suzedaneo bat; Aranarena bera. Euroligan ariko da lehen aldiz.

Karsiyakaren aldagelaren atea, 2013ko EuroChallengearen finalean. BERRIA.
Danel Agirre.
2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
CAFek duela urte batzuk Turkiako kostaldeko Izmirren tren batzuk muntatu zituenean, izango zen horman harro zintzilikatzeko ikurrina eraman zuen behargin goierritarren bat. Eta harrituko zuen alferrik ari zela egiaztatzeak, hiria egituratzen duen badiaren iparraldean dagoen Karsiyaka auzoko dendetan aise erosi ahal izango baitzuen ikurrina.

Izan ere, kolore berde, gorri eta zuriekin janzten den tokiko kirol klubaren sinboloetako bat da euskal ikurrina. CAFeko trenak baino lehenago Izmirrera iritsitako produktua, gainera.

Volkan Derya Karsiyakako semeak Athleticen aldizkari ofizialari duela urte batzuk azaldu zionez, bera izan zen 80ko hamarkada erdialdean inportazio berezia egin zuena. Bilbora lanera ailegatu bezain pronto maitemindu omen zen ikurrinarekin, bere betiko taldearen hutsunea biziki sentitu eta haren kolore berberak zituelako.

Izmirrera itzuli, eta harmailetako ezagunei Deryari berari bezain egokia iruditu zitzaien osagarri berria. Urteekin, Karsiyakaren merchandising-aren produktu klasiko bilakatu da ikurrina. Euskal Herrian aspaldi erabiltzen dena, marra lodikoteekin, eta klubaren ezkutua gainetik duela.

Azaroaren 8a kolore berde eta gorriko errotuladoreekin markatu dute zaleek agendan. Goztepe dator auzora, Karsiyakaren aurkari intimoena. Europako futbol derbi beroenetakoa da, bi taldeak bigarren mailan izanda ere. Goztepek, noski, gorriz eta horiz janzten du.

Futbolaz gain billarra, bola jokoa, bela eta antzeko sailak ere baditu Karsiyakak, baina saskibaloiak harrotu du aspaldian auzoko giroa. Berrogeita hamar urte daramatza taldeak Turkiako lehen mailan, eta ekainean bigarrenez txapeldun izan zen, bere aurrekontua lauzpabost aldiz biderkatzen zuten Efes Pilsen edo Fenerbahceren aurrean. Suspense aste batzuen ondoren —Pinar babesle leiala edukita ere, diruarekin xelebre samar jokatu ohi du klubak—, Euroligako C multzoan arituko zela baieztatu zen. Kontinentean ikurrina paseatzeak izango ditu bere eragozpenak. Taldeak ezingo du bere Karsiyaka Arena erabili. 5.000 ikusle sartzeko ere txiki samarra den eraikina ezaguna da, zaleak oihuka hasi eta 125 dezibeletik gorako zarata eragin izan dutelako. Handiagoa eta erosoagoa den Halkapinar Arena auzotik urrun samar dago, eta ikusi beharko da han aritzeak harmaila eta bostekoa hozten dituen ala ez. Pibot moduan Colton Iverson ariko da, Laboral Kutxako jokalari ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.