Davide Rebellin

Oraindik lekua du tropelean

46 urterekin, lehiatzen segituko du Davide Rebellin txirrindulariak. Sasoi baterako kontratua sinatu du Nautra4ever-Sovac profesional kontinental mailako talde belgikarrarekin. Argiak eta ilunak izan ditu haren mende laurdeneko ibilbideak.

BERRIA.
ainara arratibel gascon
2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Txirrindulari askok zailtasunak dituzte profesionaletan leku bat izaten segitzeko, baina tropeleko aitonak, Davide Rebellinek, beste denboraldi batez jarraituko du errepidean. 46 urterekin, kontratua sinatu du Natura4Ever Sovac profesional kontinental mailako taldearekin. Aurreko sasoian, beste behin erakutsi zuen lasterketa apalagoetan bada ere ez zaiola irabazteko grina itzali. Azken kilometroetan ohikoa duen eraso indartsu horietako bat jo, eta Ijengo Tourreko lehen etapa irabazi zuen Indonesian, baita azkenean lasterketa ere. Hain zuzen ere, klasiko ospetsuenetan lortutako garaipenak izan dira haren kirol jardunari distira eta loria eman diotenak; dopinak, berriz, ilundu egin du ibilbide hori.

Ijengo Tourra irabazi zuenean, adierazi zuen garaipenak «indarra eta ilusioa» eman zizkiola urte gehiagoz txirrindularitzan segitzeko. «Adin honekin irabazteak are poz gehiago ematen du», esan zuen. Natura4Ever taldeak eman dio ilusio horrekin jarraitzeko aukera. Profesionaletan jantziko duen hamabigarren elastikoa izango da Natura4Everena. Belgikako lizentzia du taldeak, baina taldearen aurrekontuaren zati handi bat Aljeriako hainbat enpresak jarri dute.

Aljeriako txirrindulari gazteek osatzen dute multzoaren bizkarrezurra, eta Rebellinek eskarmentua emango dio. Baina ez hori bakarrik. Hala uste du, behintzat, Geoffrey Coupe zuzendariak: «Kirol mailan ere asko emango digula uste dugu. Horregatik fitxatu dugu». Ez da harritzekoa,zeren aurreko sasoian, 45 urterekin, 59 egunez lehiatu baitzen, eta 9.192 kilometro egin baitzituen. Garaipenen zerrenda luzatzen segitzea da Rebellinen erronka eta nahia ere. Profesionaletan egindako 25 urteetan, 67 lortu ditu. 1992an egin zuen debuta, GB Maglificio taldean. Denboraldi hura afizionatu mailan hasi zuen. Baina 20 urteko gazte hura lotsarik gabe lehiatu zen Indurain, Rominger, Chiapucci, Bugno, Roche etaTchmill eta enparauekin.

Txirrindulari bizia zen, baina, batez ere, ikasteko ikaragarrizko gogoa zuena. Taldeko zuzendari Patrick Lefevbrek ondo baino hobeto zekien harribitxi bat zuela taldean, baina pazientziaz atera behar ziola distira. Irakasle ezin hobeez inguratu zuen: Baldato, Chiccioli, Cipollini eta Musseuw, bestak beste. Haiek erakutsi zizkioten ofizioaren trikimailu eta sekretu guztiak, eta, batez ere, buruarekin lehiatzen.

Pazientzia horrekin hasi ziren garaipenak ailegatzen. Aurrenekoak lasterketa ezezagunagoetan izan ziren: Alcide Degasperi trofeoan eta Hofbrau kopan. Baina gero Italiako Giroan eta Trentinon lortu zuen garaipen bana, eta hortik aurrera hasi zen ezagun egiten Rebellin, baita bere indar fisikoa baliatuz egiten dituen eraso indartsu eta bat-batekoak ere.

Horiek baliatuz hamaika garaipen lortu ditu, batez ere egun bateko lasterketetan. Klasikoetan nabarmendu da bereziki. Euskal Herriko txirrindularitza zaleek ondo dakite hori, klasiko batean lortutako lehen garaipena Donostian lortu baitzuen.

Harbidean erakutsitako trebeziari esker. Txirrindulari askorentzat sufrikario zena, harentzat gozagarri zen. Gozatu egiten zuen halako errepideetan. Are gehiago euria egiten bazuen edo zorua labainkor bazegoen.

Horrenbestez, Belgikako eta Herbehereetako klasikoak izan dira haren kutunak. 2004an Amstel Golde Race, Fleche Wallonne eta Lieja Bastogne Lieja irabazi zituen segidan, eta urteetan lehen postuetan egon zen bai Munduko Kopan, baita UCI ProTourrean ere. Hori ez irabaztea izan da ziurrenik haren kirol ibilbideko arantzarik handiena, eta ezingo du kendu jada.

Dopinaren zipriztina

Baina ilunetik ere izan du Rebellinen kirol ibilbide oparo eta luzeak. Dopinaren orbainak garaipenen zerrendarekin batera agertuko baitira, eta horrekin batera garbi lehiatu ez izanaren zama eta estigma.

2008an positibo eman zuen, Pekingo Olinpiar Jokoetan bigarren geratu ostean egindako dopinaren aurkako kontrolean. Hala, irabazitako zilarrezko domina itzuli behar izan zuen, eta 75.000 euroko isuna pagatu behar izan zuen, urtebete zigortuta egotearekin batera. Alferrikakoak izan ziren haren errugabetasun hitzak: «Ez dut ezer hartu. Egun dauden kontrolekin, inozoa nintzateke hala egin banu», adierazi zuen positiboaren berri izan bezain laster. Abokatuen helegiteak ere ez ziren onartuak izan, eta zalantza beti hor geratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.