Jon Rahm

Olazabalen bidetik

Jon Rahmek profesional mailako aurreneko torneoa irabazi du, 22 urterekin, eta apiril hasieran Augustako Mastersean parte hartzeko eskubidea lortu du.

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Oroimenean gordetzeko moduko kolpe batekin borobildu zuen lana. Jon Rahmek irabazi egin nahi zuen, eta garaipenaren bila jo zuen. Green-etik kanpo zegoen, zulotik hemezortzi metro pasara, baina, ausart, bandera bilatu zuen. Maisu kolpea jo, eta Farmers Insurance torneoa irabazi zuen herenegun goizaldean. «Ezin dut azaldu zer pasatu zaidan burutik pilota sartzen ikusi dudanean. Erreakzioa errepikatuta ikusi dut, eta ez nintzen ezerekin oroitzen!». Zazpi hilabete baino ez dira zirkuitu profesionalean hasi zela, eta, 22 urterekin, PGAko lehen torneoa irabazi du —hamahiru jokatu ditu bakarrik—. Garaipenari esker, halaber, Augustako Mastersean parte hartzeko eskubidea lortu du.

Rahm ez da, dena den, Torrey Pinesko (San Diego, California, AEB) itsas alboko zelai ezagunean gailentzen den lehen euskal herritarra, Txema Olazabalek torneo bera irabazi baitzuen 2002an. Torneoaren palmaresean, besteak beste, Arnold Palmer, Jack Niclaus, Tiger Woods, Phil Mickelson eta halako izen handiak ageri dira. Hondarribiarrak ordurako Augustako Mastersa birritan irabazia zuen. Euskal Herriko historiako golf jokalari onena da Olazabal, eta, oraingoz, Rahm hura baino goizago hasi da arrakastak biltzen. Izan ere, Olazabalek 24 urterekin irabazi zuen PGAko lehen torneoa.

Rahm da San Diegoko irekia irabazi duen jokalaririk gazteena. Debutatu zuenetik, garaipenetik gertu ibili da: hiru aldiz sailkatu da lehen hamarren artean, eta, San Diegon, bere estiloari esker nagusitu da. Rahm erasokorra da, arriskatzea maite du, eta, herenegun, zaleak aho bete hortz utzi zituen. Barrikakoak 13. postuan hasi zuen azken eguna, sailkapeneko buruengandik hiru kolpera. Hori gutxi ez eta, bogey batekin ekin zion azken itzuliari.

Hamazazpi zulo gelditzen zitzaizkion behetik gorako bidea egin eta balentria egiteko. Bi birdie lortu zituen 3. eta 5. zuloetan, eta eagle bat 13.enean. Horri esker, sailkapeneko buruan jarri zen, John Michael Spaun, Pan Cheng Tsung eta Tony Finaurekin berdinduta. Gero, hiru par egin zituen, birdie bat 17.enean, eta eagle izugarria 18.enean. Sailkapenean aurretik joan arren, arriskatu egin zuen azken zuloan, eta bosteko parra hiru kolpetan lortu. Haren atzetik zetozenek ezin izan zuten ezer egin. Rahmek (-13), amaieran, hiru kolperen alde atera zien Charles Howell eta Pan Cheng-Tsung bigarren sailkatuei.

Tiger Woods zen torneoko protagonista, urte eta erdi geldirik egon ostean San Diegon itzuli baita lehiara, bere torneo kutunetako batean —zazpi aldiz irabazi du han, baina 2008ko AEBetako Irekia—. Rahmen azken egunak, baina, itzalpean utzi du mitoa. «Meritu guztia Adam Hayes nire caddie-arena da. Hark ondo ezagutzen zuen zelai hau, eta haren eskuetan jarri dut azken putt hori. Hark esan dit nondik nora jo».

Rahmek aitonari eskaini zion garaipena, osasunez ahul baitago. San Diegora joan aurretik, Rahm 137.a zen PGAko zirkuituan, eta, orain, 46. da. Hori gutxi ez, eta 1,2 milioi dolarreko diru saria lortu du. Egutegia ere aldatu beharko du, torneo garrantzitsuetarako atea ireki baitio; The Players Championship-a, esaterako. Garrantzitsuena, baina, Augustako Mastersa da. Han aritzeko, PGAko lehen 50 sailkatuen artean egon beharra dago, edo torneo bateko txapeldun izan.

Euskal Herriko golfak harreman estu eta polita du Augustako Mastersarekin, Olazabalek birritan jantzi baitzuen jaka berdea—1994 eta 1999—. Rahmek zail izango du hori berdintzea, baina jada golflari ospetsu askok ziurtzat jo dute noizbait torneo handi bat irabaziko duela; Olazabalek berak eta Phil Mickelsonek esan dituzte halakoak, besteak beste. Rahmek ez du inoiz jokatu Augustako zelaian; halere, ez dirudi arazoa denik. «Inoiz ez dut bertan jokatu, baina hainbeste bideo ikusi ditut dagoeneko, ezen badakidan zein makila erabiliko dudan zulo bakoitzean». Apirilaren 6an izango du probatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.