«Bururaino» eramango du Macronek SNCFren erreforma

Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian pentsioen igoerari buruzko eztabaida bizi-bizi dagoen moduan, Ipar Euskal Herrian SNCFren erreforma da pil-pilean dagoen gaia. Erreforma hori eta Frantziako Gobernuak indarrean jarri nahi dituen beste batzuen aurkako grebara eta manifestaziora deitu zuen atzo LABek Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrak. Protesta hori indargabetzeko arrazoirik ez dio eman Macronek sindikatu abertzaleari, bere politikari irmo eutsiko diola agindu baitzuen atzo.

Bere agintaldia hasi zuenetik hirugarren aldiz jarri zen atzo Macron telebistako kameren aurrean. TF1 kate pribatuko eguerdiko albistegia aukeratu zuen, erretiratuek, langileek eta herri txikietako biztanleek oro har gehien ikusten duten emanaldietako bat. Sektore horietan azkenaldian adiskide asko egin ez dituen arren, Frantziako Errepublikak ez zuen bere politikan aldaketarik iragarri. Aitzitik, bere hautuak berresteko eta azaltzeko baliatu zuen elkarrizketa.

SNCFko langileen grebari buruz, ezin argiago mintzatu zen Macron: «Erreforma bururaino eramango dugu […]. Ez egitea hipokrisia politikoa izango litzateke». Trenbideetako langileak pribilegiatuak direla ukatu zuen, baina aurrerantzean SNCFk kontratatuko dituen langileek sektore pribatukoen baldintzak izango dituztela berretsi zuen. Eta, sindikatu batzuek diotenaren aurka, aurrerantzean ere trenbide konpainia «%100 publikoa» izango dela nabarmendu zuen.

Macronen aurka kalera atera den beste sektore bat erretiratuena da, haserre urte hasieratik 1,8 puntu igo zaielako CSG zerga. «Ahalegin» bat eskatu zien erretiratuei, zerga hori igotzea derrigorrezkotzat jotzen baitu langileei gizarte kotizazioak apaldu eta haien erosteko ahalmena handitzeko. «Ez zaituztet gutxietsi nahi, zuen beharra dut, ahalegin bat egiteko galdegiten dizuet», esan zuen. «Pazientzia» izateko eskatu zien, eta gogorarazi azaroren 1ean etxebizitza zergaren bi heren kenduko duela, eta osorik 2020rako. «Erosteko ahalmena berreskuratuko duzue».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.