Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Sail Ofiziala

'AMAMA' PRENTSAN

Asier Altuna Amama pelikularen zuzendaria, Donostian egunotan egindako filmaren aurkezpen ekitaldietariko batean. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
2015eko irailaren 23a
00:00
Entzun

Egungo euskal zinemaren goi maila baieztatu du Asier Altunak

Euskal Herriaren arimari buruzko introspekzio lan zintzoa, bere ohituren gaurkotasunari eta egungo errealitate sozialarekiko gatazkari buruzkoa. Estilo ziurrez, euskal zinemagilea egungo zinema japoniarraren joeretariko batera gerturatzen da. [...] Asier Altuna, momentu batzuetan, Hirokazu Koreeda maisu japoniarrarengana gerturatzen da. [...] Bestalde, badaude bideo-artetzat har daitezkeen eszena batzuk, Bill Violaren eraginpekoak [...]. Bi apustu estilistiko horiek eta aktore eskuzabal sortak indarra, emozioa eta bizitasuna eskaintzen diote istorioari.

Carlos Loureda Fotogramas

Eder, sakon, hunkigarri, pentsarazlea

Ederra, sakona, hunkigarria; ideiaz, sujerentziaz eta irudi liluragarriz betea. [...] Kandido Uranga eta Iraia Elias zoragarri daude, eta berdin casting guztia. Lipusen rola, esaterako, azpimarratzekoa. Ederra da era berean argazkia, musika, hitz batean dena.

Xabier Mendiguren Sustatu.eus

Aldatzeaz eta irauteaz

Aktoreen lan onak eta paisaiaren erabilerak lagunduta, in crescendo doa filma. [...] Esaten digu badagoela esentzia bat, baldintza materialak guztiz aldatzen direnean ere, mantendu egingo dena funtzio berriren bat aurkituz gero. Hori modu hunkigarrian pantailaratzen asmatzea du lorpen handienetako bat. Baina planteamenduan bertan aurkitzen du publiko mota batekin konektatzeko arazoa: jatorriaren edo/eta lehentasun ideologikoen arabera, ikusleak oso gauza diferenteak antzemango ditu filmaren sakoneko mezuan. Horregatik interesatzen zait atzerriko ikus-entzuleek zer esango duten, Amama-ren lehengaiak hain hurbilekoak izan gabe. Horrek baldintzatuko du seguraski noraino iritsiko den. Momentuz, iritsi den lekuraino, merezimendu osoz iritsi da.

Gorka Bereziartua Argia

Iragana, gorpu usteldugabea

Asmo handikoa delako ematen du arreta Altunak, Naomi Kawase, Shohei Imamura eta baita Montxo Armendarizenak bezain begirada konplexu eta argiak ere batu nahi dituen obra magna bat sortzeko bere temagatik. [...] Baina ahots puzte horrek zamatu egiten du larritasunari eta bere garrantzi inpostatuari eustearekin kezkatuegi dagoen kontakizuna. Orainaldia ulertzeko klabea tradizioaren sustraietan dagoela erakutsi nahi du filmak [...] Emaitza goraipagarria da, hartzen duen arriskuagatik, baina kale egiten du. Gehiegi igartzen dira eragin guztien arrastoak, ahots propio bat lortzera heldu gabe. [...] Pelikulan aipatzen diren iraganeko zaurietako batek ere ez du loturarik lana kokatzen den lekuan odoletan jarraitzen duten orbanekin. [...]. Ez dakit ETAz aritzeko unea den edo ez, baina aipamen bat, aipamen bakar bat sikiera, ez litzateke sobera egongo.

Luis Martinez El Mundo

Eskaintza baserriari

Ongi kontatutako pelikula bat da, irudi oso estetikoekin eta atmosfera batekin, baina gehiegi jotzen du sinbolismo errepikakorrera, erritualetara, lurperatzea bitarteko desagertzear diren sustrai zahar horietan behiala paradisu bat egon zeneko azken ziurtasunera.

Carlos Boyero El País

Jatorri izena duen zinema

Amama-n bete-betean ageri da askok ukatu eta beste askok bizi duten hori: euskal zinema. Izenburua ematen dion pertsonaia da filmaren indarraren klabea: amama. Eta oso presentzia zinematografiko boteretsua da berea, baina baita berbalki hildakoa ere. Paradoxa arraro horrek ezartzen ditu poema eder honen mugak. [...] Hitzik gabe, amama totem sakratu bilakatzen da, ikur dudarik gabe indartsu eta liluragarria, baina baita bizitzarik gabea ere, casting edota gidoi kapritxo eztabaidagarri bat dela kausa.

Juan Zapater Noticias de Gipuzkoa

Altunak bere burua gainditu du

Amama euskal tradizio eta klixeetan galduko zela uste zutenek sorpresa atsegina eroango dute. Abentura berri honetako patroia bera Altuna izan den arren, Telmo Esnal eta Michel Gaztanbide bide lagun izan ditu. Horrez gainera, aktoreen lana ere borobila da. Ander Lipusen eta Nagore Aranbururen gainetik, Iraia Eliasen eta Amparo Badiolaren lanak azpimarratuko nituzke. Bi emakume hauek dira istorioaren aingura, eta lan horretan biak bikain aritu dira.

Imanol Gallego Goiena

Tradizioa eta transformazioa

Landa giroaren eta mundu urbanoaren arteko dikotomia hori antzinakoaren eta modernoaren artekoa lehen unetik planteatzen da, ederki zaindutako irudiekin eraikia (miresgarria berriz ere Javier Agirre argiarekin) eta sinbologia aberatsarekin, barnebiltzen zaituen lehen sekuentziatik azken parte hunkigarrira arte. Ia beti arrakastatsua den anbizioz, tradizioari eta transformazioari buruzko emozio eta ideia bisual kosmos oso bat.

Ricardo Aldarondo Diario Vasco
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.