Daniella Inojosa. Araña Feministako militantea

«Konstituziogileak parlamentua desegin dezake»

Oposizioa kritikatu du Inojosak, prozesutik kanpo geratu delako, eta erabaki orori boikota ezarriko diolako. Emakumeen premiez eztabaidatzen aritu da luze Venezuelako feministekin, konstituzio berriak jaso beharrekoak lantzen, «oraindik asko eta asko baitago lortzeko».

BERRIA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Daniella Inojosa (Miranda, 1970) Batzar Konstituziogilerako hautagai feministen kanpainako kide da, eta buru-belarri sartuta dago konstituziogilearen prozesuan. Hugo Chavezen gobernuan aritutakoa da, eta, gaur egun, emakumeen eskubideen defentsan dihardu. Hautagaiekin bilera batera sartzera doala hartu du BERRIAren deia.

Zergatik orain Batzar Konstituziogilea?

1999koa zaharkitua geratu delako. Batzar Konstituziogilea gure konstituzioak barneratzen duen aukera da: bere egitekoa da eztabaida eta elkarrizketa guneak eraikitzea konstituzioa berritzeko, non herritar guztien ahotsa ordezkatua egongo den. Biharko bozketan ateratzen diren ordezkariek landuko dute konstituzioa. 1999ko konstituzioan baino leku gehiago izango dute herritarrek. Ordukoa iraultza abiatu berritan bultzatu zuen Hugo Chavezek, baina ez zituen barneratzen orain oso garatuak dauden herritarren egiturak. Iraultzaren 18 urteetan garatu diren herritarren espazioak, eskakizunak eta gogoetak barneratzeko unea da orain, atzean geratu baita, besteak beste emakumeen eskubideei dagokionez.

Biharko bozketaren ondoren, zer gertatuko da?

Zaila da jakitea. Lehenik eta behin, Batzar Konstituziogilea eratuko da, eta eztabaidak hasiko dituzte; ez bakarrik konstituzioaren eraketari buruz, baita estatuaren osaketari buruz ere. Konstituziogilearen arabera, herria botere guztien gainetik dago.

Oposizioaren esku dagoen legebiltzarrararen gainetik ere bai, beraz. Konstituziogilealegebiltzarra ordezkatzera dator?

Egin dezake. Batera existitu daitezke. Hain justu, aurreko konstituzioa egiterakoan batera existitu ziren. Hori bai, legebiltzarra oztopoak jartzen hasten bada, erabakiak boikotatzen, eta liskarra eragiten ezer egiten den une oro, konstituziogileak legebiltzarra desegin dezake. Itxura guztien arabera, oposizioaren jarrera egiten den guztia lehertzea izango da.

Konstituziogilearen prozesuan ez dute parte hartu, eta bozketari boikota egiteko deia egin du. Beraz, egitura orotatik kanpo geratuko da oposizioa.

Oposizioak ez du parte hartu ez duelako nahi izan, dei egin baitzaie parte hartzera, eta, gainera, haiek izan dira hiru urtean konstituziogilea eskatu dutenak, eta, orain, abian jartzeko erabakia hartu denean, ez dute onartu. Baina, hauteskundeetara ez badira aurkezten, nekez aurkituko dute ordezkaritzarik. Oraintxe, asmo bakarra dute: egoera okertzea. Boterea hartu nahi dute.

Konstituziogileak egoera ez du aldatuko, ordea.

Prozesuan jende asko eta asko ari da parte hartzen, eta ilusioa berpiztu du. Egoera oso larria da, baina egoera ez da oposizioak erakutsi nahi duena bezalakoa. Gatazka, batez ere, klase ertain eta goi mailakoak bizi diren lekuetan dago, haiek kontrolatzen dituzten eremuetan. Konfrontazio ideologiko izugarria dago, enpresariek eragindako egoera ekonomiko zailaren ondorioz. Baina Venezuelan barazkiak ez dira falta, haragia ez da falta. Haien esku dauden produktuak bai, horiek falta dira. Kartel bilakatu dira. Distortsio ekonomikoa sortu dute, eta amildegiaren ertzean jarri gaituzte. Baina herritarrek iraun dute, erantzun askotarikoak emanez. Jendea antolatu da barazkiak ekartzeko hirira nekazaritza guneetatik. Nekazariek indar handiz erantzun diote krisiari, nahiz eta haziekin arazoak izan dituzten, edota izan dugun lehorte luzearekin. Chavezek haien esku jarri zituen lurrak, eta hori ez dute ahaztu. Horrez gainera, gobernuak plan bat jarri du martxan, komunen bidez etxez etxe janaria banatzeko. Beharrezkoak diren produktuak banatzen dituzte. Kalean protestek jarraitzen dutela? Bai, eta jarraituko dute, baina ikusten ari gara oposizioak ez duela lortu kapitalizatzea protesta horien indarra. Izan ere, hainbat gauza eskatzen ari dira, herritarrek nahi ez dituztenak. Besteak beste, Venezuelako petrolioari ateak ixtea, eta herritarren %73 horren kontra daude. Oposizioa herritarrengandik oso urrun dago. Buruzagiak denak dira burgesak, eta ez dute zerikusirik herritar xumeekin.

Oposizioak, ordea, legebiltzarrean gehiengo osoa lortu zuen azken bozetan, eta, hauteskundez hauteskunde, gorantz egiten ari dira. Hori ez al da jendearen babesa izatea?

Legebiltzarreko bozetan herritar gehienek ez zuten haien aldeko botoa eman, gobernua zigortzeko botoa baizik. Ez duelako jakin izan krisiari aurre egiten. Krisiaren ardura osoa berea ez den arren, beti zigortzen da boterea duena. Batzuek diote herritarrak okertu zirela, baina nik uste dut herritarrak ez direla okertzen. Gauzak ez dira behar bezala egin, hori da kontua. Ez zen irtenbidea ikusten, baina uste dut orain gauzak aldatzen ari direla, herritarren egoera hobetzen ari delako.

Konstituzio berriari ekarpen feminista egitea da Araña Feministaren helburua. Zein dira zuen lehentasunak?

Indarkeria matxistaren kontrako neurri eraginkorrak, abortua legeztatzea, sexu eta ugalketa eskubideak jasotzea, eta asistentzia doakoa eta derrigorrezkoa izatea; zaintzaren ardura partekatzeko eskubidea bermatzea, familien %40etan aitarik ez baitago, emakumea haurdun geratu ostean alde egiten dutelako. Gizon horiei erantzukizuna eskatzeaz gainera, estatuak ere ardura hartu behar du, gaur egun emakumeengan baitago zama guztia.Zaharren eta gaixoen zaintzan ere gauza bera.Parekidetasun politikoa ere da gure eskaeretako bat, eta horretarako baldintzak ezartzea, emakume gehienok baitugu jardun hirukoitza: jarduera komunitarioa, lanarena, eta etxekoa.

Deigarria da abortua legez kanpokoa izatea prozesu iraultzaile batean.

Chavismoak emakumeen eskubideetan aurrera urrats handiak egin ditu, baina asko-asko geratzen zaigu lortzeko. Egungo konstituzioak dio bizitzaren eskubidea bermatu behar dela hasieratik.Venezuelan soilik onartzen da emakumearen osasuna arriskuan dagoenean. Kausal horrez gainera, beste hauetan ere legezkoa izatea eskatuko dugu: bortxaketa dagoenean, fetoak malformazioak dituenean eta emakumeak arazo ekonomikoak dituenean. Kasu guztietan legezkoa izatea nahi genuke, baina, gaurkoz, badakigu erabat legeztatzea ez dela onartuko, herrialdea oraindik oso erlijiosoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.