Sandra Sola. Eskartxa txarangako musikaria

«Iruñean jotzea baino handiagorik ez dago»

Arrosadiko San Fermin peñarekin ariko da Eskartxa txaranga berriro ere. Zangozako taldearentzat hirugarren sanferminak izango dira aurtengoak; Sandra Sola ez dago lehendabiziko urtean bezain urduri.

IÑAKI BERASTEGI.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2015eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Musika betidanik gustatu izan zaio. Musika tresna berak aukeratu ondoren, gurasoek Zangozako kontserbatoriora eraman zuten Sandra Sola (Zangotza, 1992). Inoiz ere ez zuen pentsatu saxofoia txaranga batekin joko zuela. 2010az geroztik, Eskartxa Txarangako emakume bakarra izan da. Hasierako lotsa gainditu ondoren, txaranga bere bigarrenkuadrilla bihurtu omen da.

Oso era berezian sortu zen txaranga. Nola izan zen?

Txaranga duela zazpi urte sortu zuten. Ospakizun baterako mozorro bat pentsatzen ari zirela hasi zen dena. Txarangaz mozorrotu ziren, benetako musika-tresna eta guzti. Kalera atera ziren eta giroa gustatu zitzaien. Pixkanaka entseatzen hasi ziren, eta, azkenean, benetako txaranga bat sortzea erabaki zuten. Hasierako maila ez zen gaur egungoa.

Mozorrotuta atera ziren lehen egun hartan, han ahal zeunden zu?

Ez. Bi urte geroago sartu nintzen txarangan. Zangozako kontserbatoriora txaranga sortu zuen kide batekin joaten nintzen. Mutiko horrek irakasleari aipatu zion aukera. Irakasleak parte hartzeko aholkatu zidan, eta txarangako kideek ere nahi zuten taldean sartzea. Hasieran lotsa ematen zidan, emakume bakarra izango nintzelako. Konbentzitu egin ninduten, ordea.

2013az geroztik sanferminetan jotzeko aukera duzue.

San Fermin peñaren eskutik lortu genuen aukera. Proba bat egiteko deitu ziguten, beste txaranga batzuekin batera. Taberna batean maketa bat grabatu genuen. Gogoan dut presio handia genuela, Iruñean jotzea baino handiagorik ez dago txaranga batentzat. Lan asko egin ondoren hautatu gintuzten, eta azken hiru urte hauetan haiekin batera egon gara. Peñakoekin oso harreman ona dugu. Peñaz aldatzen saiatzea ez zaigu inoiz burutik pasatu

Iruñeko bestetaz aparte, nora joaten zarete jotzera?

Sanferminetatik kanpo ere jotzen dugu. Herri txikietan, batik bat. Aukera hura eman izan ez baligute, herriz herri ibiliko ginateke sanferminetan jotzeko beste aukera bat sortu arte. Peñek askotan ez dute txarangekin jarraitu nahi izaten, eta aukera berriak sortzen dira, beraz, noizbehinka bada ere. Aukera bilatuko genuke.

Sanferminetan lehen aldiz jo zenutenean nola sentitu zineten?

Oso urduri geunden. Ez genekien benetan zer aurkituko genuen. Ez nuen bereziki ondo pasa lehen egun hartan. Ilusioz gainezka nengoen, hala ere. Hirugarren sanfermin hauetan gauzak asko aldatu dira. Taldearen mailak gora egin du, eta horrek ere lasaitasuna ematen du. Uztailaren 7an, baina, urduri nengoela onartu behar dut. Ez ziren lehendabiziko urteko nerbio berberak izan, hala eta guztiz ere.

Sanferminak prestatzeko ordu asko emango zenituzten.

Nahi genuena baino gutxiago entseatu dugu. Txaranga gaztea da gurea: 25 urte ditu zaharrenak eta 17 urte gazteenak. Unibertsitatean gabiltzanak oso lanpetuta ibili gara Iruñeko bestak iritsi baino lehen, eta ezin izan gara askotan batu, egia esan. Sanferminak hasi baino aste bat lehenago gogotik egin genuen lan. Egunero entseatzen genuen, goizean eta arratsaldean. Uztailaren 7tik 14ra bitartean ez dugu entsegurik egingo. Egunero jotzeak asko nekatzen zaitu, eta deskantsatzeko ditugun aukera guztiak aprobetxatzen saiatzen gara.

Ibilbidea eta errepertorioa peñak markatzen dizkizue?

Ibilbidearen nondik norakoak bai ematen dizkigu San Fermin peñak. Ibilbide anitz egiten ditugu, zezen plazara beti joaten bagara ere. Errepertorioari dagokionez, guk erabakitzen dugu zer joko dugun. Mota guztietako musika jotzeaz gain, taldekide bat edo bi abestiak sortzen ibiltzen dira. Peñari abestiren bat sortu nahi duen ere galdetzen diogu, eta horren arabera antolatzen gara. Aurtengo bestetarako kanta berri asko sartu ditugu.

Uztailaren 7a berezia izaten al da txarangako kideentzat?

Erabat. Ilusioz gainezka zaude eta kailejoitik ateratzen zara. Mundu guztia zure zain dago eta hori oso polita izaten da. Jendeak disfrutatu egiten du. Sanferminetako momenturik bereziena txarangentzat. Ziur nago.

Iruñeko bestak amaitu eta gero, zer egitarau du Eskartxa txarangak?

Nafarroako herrietan zehar arituko gara. Gure herrian, Zangozan, jotzeko aukera ere izanen dugu. Hala ere, sanferminak pasatu eta gero Gasteizko festetan ere egonen gara. Hala ere, asko aldatzen dira gauzak Arabako hiriburutik Iruñera. Besta erabat ezberdina dela esatera ausartzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.