Rifeko erresistentziaren aldarria Marokoko hainbat hiritara hedatu da

Protesten burua eta haren kide batzuk atxilotu dituzte, «estatuaren segurtasunari» erasotzeagatik

Nasser Zafzafi Rifeko erresistentziako burua, duela bi aste egindako mobilizazio batean. MOHAMED SIALI / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Baztertuta, abandonatuta sentitzen dira Rif eskualdean (Maroko), eta hango erresistentziak urteak daramatza gobernuari exijitzen bertan inbertitu dezala garapen ekonomikoa sustatzeko, zerbitzu publikoak hauspotzeko. Rifeko Herri Mugimenduko kideek urte erdia daramate protestatzen, mobilizatzen, eta haien aldarria Marokoko hainbat tokitara hedatu da asteburuan, manifestazio jendetsuak egin baitituzte Rabat hiriburuan, Casablancan, Tangerren eta Marrakexen, besteak beste. Marokoko Polizia erresistentzia mugimenduko buruaren, Nasser Zafzafiren, atzetik zebilen joan den ostiraletik, meskita batean egiten ari ziren ostiraleroko otoitza eten, eta imama iraintzeagatik. Atzo goizaldean atxilotu zutela jakinarazi zuen Al-Hoceima Rif eskualdeko hiriburuko fiskalak, komunikatu baten bidez. Zafzafirekin batera, mugimenduko beste 22 kide atxilo hartu zituzten; giza eskubideen aldeko erakundeen esanetan, ordea, 37 dira.

Marokoko Zigor Kodearen arabera, gurtza eskubidea nahita asaldatzeagatik sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorra ezar diezaiokete Zafzafiri. Baina komunikatuan adierazitakoagatik, bai Zafzafiri eta bai besteei«estatuaren barne segurtasunari erasotzea» leporatu die fiskalak, eta horrek zigorraren iraupena areagotuko luke. Atxilotuen abokatuak baieztatu du Casablancako Polizia Judizialaren egoitzara eraman dituztela.

Aspalditik aldarrikatzen dituzte hobekuntzak Rifen, baina Mouxine Fikri 31 urteko arrain saltzailearen heriotzak berpiztu zuen eskualdearen haserrea, udazkenean. Urriaren 28a zen, eta Fikriren merkantzia zabor kamioi batera bota zuten hiriko portuko zaindariek. Saltzailea kamioi barrura sartu zenean, zaborra txikitzeko mekanismoa aktibatu zen, eta hantxe bertan zapalduta hil zen.

Orduz geroztik, protestak areagotu dira, eta herri mugimenduko eta segurtasun indarretako kideen arteko liskarrak gogortu. Joan den maiatzaren 19an, greba orokorrera deitu zuen Rifeko Herri Mugimenduak, eta Ez zarete gobernu bat, mafia bat baizik lelopean, milaka pertsona bildu ziren Al-Hoceimako kaleetan—60.000 bat biztanle dauzka—. Egun batzuk lehenago, hain zuzen, Marokoko Gobernuak, idatzi baten bidez, erresistentziari leporatu zion «erabiliak» izaten ari direla eta aldarrikapenek «kutsu separatista» dutela. Zafzafik, baina, ez dela independentista esan izan du beti.

Gobernuak adierazpen hori plazaratu eta gutxira —Justiziaren eta Garapenaren Alderdia, islamista dena, dago buruan—, Rabatek ordezkaritza bat bidali zuen Al-Hoceimara, eta tartean zeuden, besteak beste, Barne, Justizia, Hezkuntza eta Arrantza eta Nekazaritza ministroak. Bildu ziren gizarte zibileko hainbat ordezkarirekin, eta jakinarazi zieten Mohamed VI.a erregeari «arrazoizkoak» iruditzen zaizkiola haien aldarrikapenak. Eskualdean inbertsioak azkartuko dituztela hitzeman zuten; dena den, 2015ean martxan jartzekoak ziren proiektuak izan ziren iragarri zituztenak.

Kazetari bat kaleratu dute

Zafzafik ez zuen bilera hartan parte hartu; haren esanetan, ez zuten gonbidatu. Ondoren, ordea, etxean egindako bideo baten bidez mintzatu zen, eta salatu zuen ministroak ez zirela joan arazoa konpontzera, ministroak beraiek arazoaren parte baitira.«Bileran parte hartu duten elkarteen ordezkariek, gainera, ez dute herriaren ahotsa ordezkatzen». Gobernuak eta parlamentuak ia botererik ez dutela jakinda, Zafzafik Mohamed VI. erregearekin bildu nahi du zuzenean.

Bestalde, Marokoko Gobernuak Rifeko protesten berri ematen ari zen El Watan Aljeriako egunkariko kazetari bat kanporatu du herrialdetik. Agintarien arabera, araututako baimenik ez zuelako bota dute Marokotik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.