Jonny Wilkinson

Mito baten agurra

Toulonekin Top 14a eta Heineken kopa irabazi berritan erran dio agur errugbiari Jonny Wilkinsonek; ingelesak toki txiki bat egin du errugbiaren historian.

Eneritz Zabaleta.
2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Balentria egin du Jonny Wilkinsonek. Iragan larunbatean God save the Queen Ingalaterrako ereserkia jotzea lortu zuen Frantziako selekzioaren estadioan, Parisen, Top 14ko finala amaitu berritan. Gisa horretan, ingelesen etsai handienen hiriburuak omen egin zion errugbiko izar nagusiari, bere azken partida jokatu berritan.

Berezia izan zen joan den astea. Zazpi eguneko tartean bi final jokatu zituen Toulonek, eta biak irabazi. Maiatzaren 24an, Saracens hartu zuen mendean, Heineken kopan (23-6). Zazpi egun geroago, Castresi irabazi zion (18-10). Bi finalek zipriztindutako aste horren atarian iragarri zuen Wilkinsonek sasoia bukatzearekin batera jokalari izateari utziko ziola. Astea bururatuta, bi titulu gehiagorekin utzi du eliteko errugbia sir Jonny Wilkinsonek.

Ez da laburra izanen Ingalaterrako irekitzaileak utzitako arrastoa. Palmaresari behako bat ematea aski da ingelesaren balentria neurtzeko. Europako Challenge kopa kenduta —bi final galdu zituen 2010ean eta 2012an—, irabaz zitekeen guztia irabazi du: Ingalaterrako liga bat, bi kopa, Frantziako Top 14a, bi Heineken kopa, Ingalaterrako selekzioarekin Sei Nazioen Torneoa lau aldiz... Eta 2003an, gailurrera eraman zuen Arrosaren hamabostekoa, bere historiako Munduko Kopa bakarra emanda.

Baina palmareseko lerro bat baino askoz gehiago da Wilkinson. Jonah Lomurekin batera, errugbiaren historiako izar bilakatu da. Kirol honen irudia da, saskibaloian Michael Jordan eta futbolean Diego Armando Maradona diren bezalaxe. Errege artean errege; lurtarren artean jainko.

18 urte bete berritan ekin zion ibilbideari, eta hainbat irudi utzi ditu ordutik. Ezagunena 2003ko Munduko Kopako finalean, luzapenean, jo zuen drop-a. Ostikada horrekin egin zuen munduko txapeldun Ingalaterra. Eta arrastoa utzi du 2007ko Munduko Kopan Frantziaren aurka eskuin zangoz jo zuen drop-ak ere —ezkerra da berez—. Eskuko jokoa nagusi den kirolean, zangoak egin zuen famatu Wilkinson. 22 metroetan eskuinera, 40 metroetako eskas marrari lotua, hagen parean... Ez zitzaion askorik axola. Emaitza bera zen, aldi oro: ostikada eta hiru puntu gehiago. 1.179 punturekin, errugbiaren historian onenetan bigarrena da Wilkinson, Dan Carter Zeelanda Berriko izarraren gibeletik.

Hori bai, zango bat baino anitzez gehiago izan da Wilko. Fisiko arruntekoa, defentsan dena ematera ohituta zegoen. Jokoa animatzen ere iaioa zen. Behar zelarik, eskasera ostikoa jo; zelai erdian aitzinekoak jostarazi; baloia hegalera zabaldu; zango pase neurtu bat eman... Dena ongi egiten zuen ingelesak.

Baina Wilkinsonen bidea ez da izan arrakastaz beteriko ibai lasaia. 2003an hondoratzea etorri zitzaion gailurra ukitu ondoan. 2004ko hastapenetik 2007ko urtarrilera arte, oso ekarpen eskasa egin zion errugbiari. Sorbalda ez zenean, gihar aduktorea zen; belauneko zaintiratua ez bazen, gerriko mina azaltzen zen... Zelaietatik urrun egon zen hiru urte luzez. 2007ko Munduko Koparako osatu zen, eta Ingalaterra finaleraino eraman zuen. Zorigaitzez, baina, 2008an belaunak huts egin zion, berriz ere. Beste behin, zalantzan zeukan etorkizuna.

Mundu guztiak Wilkinson errugbiarentzat galduta zegoela uste zuelarik, Toulonera joatea deliberatu zuen Ingalaterrako irekitzaileak. Erabaki hark bigarren abiatzea eman zion bere ibilbideari. Ordutik hona, ez du gehiago ezagutu lesio larririk. Eta, indarberrituta, errugbiaren gailurrera eraman du Toulon. Aleka-aleka, bere mailarik onena atzeman zuen berriz. Joko onaren ondorio gisa, ateak ireki zizkion berriz ere Ingalaterrako selekzioak. Sei Nazioen Torneoa eta Munduko Kopa jokatu zituen 2010ean eta 2011n.

Toulonen, berrindartuta

Bi txapelketa horien ondoren utzi zion selekzioarekin jokatzeari, eta ezin hobeto jardun zuen gero Toulonekin. Azken zazpi egunetako lorpenak dira horren erakusgarri. Top 14ko finalean haga artera bidali zituen bere ostiko guztiak, beste behin. Toulonen hemezortzi puntuetatik hamabost sartu zituen. Heineken kopako finalean, berriz, Saracensen aurka, drop ederra sartu zuen eskuin zangoz, Owen Farrell Arrosaren hamabostekoan haren oinordetza hartu duen jokalariaren muturraren aitzinean.

Ingalaterran erdi jainko bihurtuta eta Frantziako errugbiaren miresmena irabazita eman dio sir Jonny Wilkinsonek azken hatsa bere ibiliari. Hemendik aitzina, beste errealitate batekin topo egingo du. Beti bezain umil, beldurrak eta zalantzak plazaratu zituen joan den larunbatean, Top 14a irabazi ondotik. Herriko seme kutun izendatu du Toulonek, eta klubean segitzeko proposamena egin dio zuzendaritzak. Zelaiak utzi arren, oraino zer errana izanen duelako. Zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.