Kooperatiba energetiko berriztagarriak: REScoop

Eredu energetiko berri bat lortzeko lanean ari dira kooperatiba energetikoak. Europan zabalduta daude, baita Euskal Herrian ere.

Kooperatiba elektrikoetan herritarrek indar handia dute. GOIENER.
Olatz Azurza - Goiener
2015eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Gaur Iberiar penintsulako kooperatiba energetiko berriztagarrien bigarren topaketa egingo da. Han, Madril, Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Kantabria (Espainia), Katalunia eta Valentzia (Herrialde Katalanak), Galizia eta Euskadiko kooperatibek aurrerantz begira landu nahi dituzten lerroak finkatuko dituzte. Han izango da, nola ez, Europako mota honetako kooperatiben federazioko (REScoop.eu) ordezkaritza ere.

REScoop-ak energia iturri berriztagarriak sustatzen dituzten kooperatibak dira (Renewable Energy Source Cooperative). Biztanle horiek kooperatiben bitartez energia ereduaren trantsizioaren aldeko inbertsioak egiten dituzte —bai dirutan, bai denboran—: ikatza, energia nuklearra eta antzeko iturriak uzteko eta %100 jatorri berriztagarria duten eta efizientzia maila handia duten teknologietan oinarritzen den eredu batera aldatzeko. Energia berriztagarri gisa ezagutzen dira agortzen ez diren iturriak, naturaren ziklo eta abiadura berean berritzen direnak: eguzkikoa, eolikoa, hidraulikoa, geotermia eta biomasa. Honela esanik, teknologia aldaketa huts batez arituko ginateke, ez da hori bakarrik, ordea. Modu honetako proiektuek energia merkatuaren demokratizazioa —ekoizpen eta kontsumoan biztanleen parte hartzea indartuz, kooperatiba moduan— eta energia ereduaren aldaketa ere eskatzen dute —tokian tokiko baliabideei egokitua, gertukoa eta askoren artean banatua—. Europan, urte hasieran 2.400dik gora ziren erregistratuak eta horien atzean ehun milaka europar. Euskal Herrian Goiener S. Coop. Eta I-Ener dira mota honetako kooperatiba bakarrak.

Kooperatiba horiek sortzearen zergatia egungo ereduaren jasangarritasun eza da dudarik gabe. Ingurumenean, klima aldaketa; osasunean, kutsaduraren eragina biztanleengan; ekonomia alorrean, erregai fosilen —ikatz, gas, petrolioen— prezioek estatuak defizitera eraman eta etxeetan inoiz ezagutu gabeko estutasunak fakturak ordaintzeko... Eta guztietan larriena den zergatia: kontsumitzaileak inpotentziaz nozitzen du egoera hori, energiaren jabe enpresa handiak baitira, hots, mozkinak maximizatzea helburu duten nazioarteko kapitalak. Otsailean Arartekoak argitaratutako artikulu baten arabera, 2014. urtean 230 mila lagundik gora dira etxea tenperatura egokian mantentzeko zailtasunak dituztenak Euskadin.

Mota honetako kooperatibak garai gogorretan sortu izan dira Europan eta munduan lehendik ere: Lehen Mundu Gerraren ondoren, Alemanian, urtean 6.000 kooperatiba berri sortu ziren, 1970eko hamarkadako petrolio krisiaren ondoren beste loraldi bat izan zen, Txernobylgo istripu nuklearraren ondoren ere beste bat, eta, azkena, klima aldaketa dela-eta ari da gertatzen batez ere.

REScoop zabaltzen

Gure artean, energia berriztagarriak bultzatzeko herritarren kooperatibek arrazoi berezi batzuei ere erantzuten diete: azken urtetan konpainia elektriko nagusien eta gobernuen etika falta bistakoa gertatu da Espainian —3.400 milioi euroren auzia, egoera ekonomiko larrian dauden familiei hornidura mozketak—, gobernuak teknologia mota honi inon ikusitako trabarik latzenak jarri dizkie —sorkuntza instalazio txikiak sortzea zailduz, autokontsumorako zerga itzelak aurreikusiz, balantze garbia erregulatu gabe utziz—...

Ekimen hauek gidatzen dituzten pertsonek motibazio eta konpromiso pertsonal handia dute eta hauen inguruan, babesa ematen, konfiantzazko taldea osatzen dute: teknikari, ekologista, ekonomialari, auzo eta herri eragileak. Aurrera egiten dutenak erreferentzia eta eredu bilakatzen dira inguruko eremuetan antzeko mugimenduak sor daitezen. Arrakasta adierazgarrienetakoak Austriako Gussing herria eta Danimarkako Samso uhartea dira. Biak krisi gogorrean zeuden ekonomikoki eta demografikoki 1990eko hamarkadan, eta berriztagarrien aldeko apustua egin zuten. Egun, mundu osoan erreferentzia dira, maila teknologikoan, ekologikoan, sozialean eta ekonomikoan.

Kooperatiba hauen eratze prozesua ezin uler liteke, ordea, Europako merkatu elektrikoaren —eta gasarena ondoren— bilakaera ezagutu gabe. Bigarren Mundu Gerratik aurrera, ordura arte tokian tokiko industriek modu isolatuan sorturiko argindarra pixkanaka eratuz doan sare bakar eta indartsu bilakatzen da. Energia hornidura unibertsala ziurtatzeko helburuz, sareak eta operatzaileak erakunde publikoen edo monopolioen esku bukatu zuten. 1970eko hamarkadan zentral nuklearrak martxan jartzeak joera hori indartu besterik ez zuen egin.

Europako Batasunak 1990eko hamarkadan argitaratutako zuzentarauek eragindako merkatu elektrikoaren liberalizazio prozesuak monopolio horiek haustea zuen helburu, konkurrentzia handitzeko eta honela prezioak jaisteko. Lortutakoa, ordea, sektore osoaren edo zati baten pribatizazioa izan zen.

Kooperatiba energetiko hauen aurrean, ordea, enpresa handiek Magritte taldea osatu zuten 2013an Europan, eta energia elektriko sistema tradizionalaren babesa eskatu. Talde horrek berriztagarrien inguruko hainbat mito zabaldu ditu, hedabide nagusien indarra erabiliz: iturri hauetan denontzat nahiko energia ez dagoela esanez, garestiegia omen, ez dira teknologia fidagarriak, nolabaiteko parte hartze sistemak eskainiz, lobby indartsua zorrotz erabiliz.

REScoop elkarteek gomendio/helburu hauek dituzte: kontsumo mailak jaitsi eta efizientzia bilatu. Karbono gutxiko iturri energetikoak erabili. Sare elektrikoaren efizientzia hobetu: sare banatuago eta adimenduago baten bitartez, sarearen egitura malguagoa izan.

Hori lortzeko printzipio hauei jarraitzea da bidea: denonak diren baliabideak —basoak, haizea, ura, eguzkia...— guztion esku mantendu. Ekoizpen instalazioak herritarren esku mantendu. Garraio eta banaketa sareak herritarren esku jarri eta REScoop mugimendua zabaldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.