Azterketa aldaketari

Nafarroan aldaketa politikoa gauzatu zenetik urtebetera, mahai ingurua antolatu dute Udako Euskal Unibertsitateak eta Iratzar fundazioak. Azken hilabeteetan egindako urratsak aztertu dituzte lau kazetarik.

Ezkerretik eskuinera, Hedoi Etxarte, Iñaki Soto, Ivan Gimenez, Joxerra Senar eta Ibai Fernandez. BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Esnatu nintzenean, dinosauroa jada ez zegoen han», idatzi zuen Ivan Gimenez kazetari eta ELA sindikatuko ordezkariak 2015eko maiatzeko hauteskundeen biharamunean. Nafarroako gizartean UPNren erregimenaren eraisteak zeukan garrantzia nabarmendu nahi zuen kazetari iruindarrak mezu horrekin. Atzo, gertaera historiko horren garapena eta gobernu berriak urtebetean eginiko urratsak aztertu zituzten Iruñean, UEUk eta Iratzar fundazioak antolatutako Aldaketa Nafarroan. Gobernu-kudeaketa aldaketa, erregimen aldaketa? izeneko ikastaroan. Gimenezekin batera, Iñaki Soto (Gara), Ibai Fernandez (Diario de Noticias) eta Joxerra Senar (BERRIA) kazetariek parte hartu zuten Hedoi Etxarte idazleak gidatutako mahai inguruan.

Gimenezen esanetan, UPN, PSN eta erregimen zaharra babesten zuten gainontzeko eragile sozial nahiz sindikalak dinosauro bat ziren, gelaren erdian. «Eta dinosauroaren inguruan geunden gainontzeko guztiak, ertzetan, periferian». Munstroa mugitu ahal izateko, ordea, beharrezkoak izan ziren hainbat faktore: «Krisialdi ekonomikoarekin batera hasi zen korralitoa zartatzen, eta, horren ostean, Kontuz-en gisako elkarte eta mugimendu sozialek rol garrantzitsua jokatu zuten. Horrek guztiak sumina piztu zuen gizartean».

Gimenezen ostean, erregimen aldaketaren nondik norakoak aletu zituen Senarrek atzoko saioan. Haren ustez, «Nafarroa handi batekin amets egiten zuten erregimenaren indarrek, eta, helburu horrekin, puztu egin zituzten administrazioaren egiturak. Nafarroa beraiena zen». Handinahiak eta botere gehiegikeriak, ordea, hondoratu egin zuten erregionalismoak urteetan eraikitako egitura: «Ez zuten ondo neurtu krisiaren benetako tamaina. Pentsatu zuten suspertze ekonomikoa zetorrela, eta are atzeraldi handiagoa heldu zen». Horri lotuta, BERRIAko kazetariak uste du erori egin zela UPNk elikatutako «kudeatzaile onaren mitoa».

Sotoren irudiko, «ekaitz perfektua» izan zen aldaketa Nafarroako erakundeetara eraman zuena, «hori gertatzeko osagai eta baldintza guztiek bat egin zutelako, une jakin batean». Horregatik, gobernua babesten duten lau indarren arteko oreka mantentzearen zailtasuna nabarmendu zuten lau solaskideek. «Kanpotik begiratuta, badirudi Nafarroa goitik behera aldatu dela, baina ikuspegi hori ez da erreala», esan zuen Fernandezek. «Kontuan izan behar dugu, adibidez, aurreko erregimenaren aldeko blokeak boto gehiago lortu zituela 2015eko hauteskundeetan, aldaketaren aldekoak baino. Horrek ez dio aldaketari zilegitasunik kentzen, baina zailtasunaren neurria eman dezake». Izan ere, dinosauroa ez da gelatik atera. Bazter batean dago, zain.

Iparrorratza eta erlojua

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek babestutako gobernuak orain arte eginikoa aztertzeko tenorean, berriz, «balantze positiboa» egin daitekeela esan zuen Sotok, baina aldaketan sakontzeko beharra nabarmendu zuen, alderdi bakoitzaren interesez harago. «Aurreko erregimenaren ezaugarri ziren klientelismoa eta parasitismoa gainditu behar ditugu; ezin dira formula berberak aplikatu, errebantxa balitz bezala».

Gimenezen ustez, berriz, bi elementu hartu behar dira kontuan gobernu berriaren jarduna aztertzean: iparrorratza eta erlojua. «Erlojuak markatuko digu aldaketen erritmoa, eta iparrorratzak, berriz, norabidea». Gobernuaren zenbait erabakitan «ausardia falta» sumatu du: «Aldaketa ez badugu orain egiten, noiz? Eta ez badu gobernu honek egiten, nork?».

Perspektibaren beharra azpimarratu zuen Senarrek. «Duela bost urte galdetu izan baligute, gaurkoaren gisako panorama oso urrun ikusiko genukeen». Fernandezek ere lortutakoaren balioa nabarmendu zuen: «Pauso txikiak eman dira hizkuntza politikan, sexu eta ugaltze osasunean, errentan... Nondik gatozen ikusita, garrantzitsua da pauso horiek ematea, txikiak izan arren». Ezinbestekotzat jotzen dute hori, dinosauroa itzul ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.