Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Autoparodia edo

Love Me Not filmeko irudi bat. BERRIA.
Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Love me not'



Zuzendaria Alexandros Avranas. Herrialdea: Grezia-Frantzia. Iraupena: 99 minutu.

Zer da Love me not? Zalantzan nago thriller generoaren parodia baten aurrean gauden, ergelez jositako melodrama gore bat den, edo Avranasen zinema cool-aren autoparodia hutsa den. Ez dakit zer kontatu nahi digun zuzendariak, eta hori pertsonaiek, zenbait unetan, trama ikusle txatxuak bagina bezala azaltzen digutela, tramaren irekiera posibleak ezabatuz.

Greziako zinemagileen artean ohikoa da indarkeria, Avranas zuzendariaren zinta tranposo honetan bezala. Bertan bikote baten antzutasunari irtenbidea bilatzeko asmoz, gazte baten sabela alokatuko dute. Honaino dena ondo, gerokoak ordea... Film honi herrikide den Lanthimos zuzendariaren zinema motaren airea har geniezaioke; tamalez Avranasen lanak Lanthimosen lanetatik agerikoena hartzen du, eta horrekin ez da nahikoa.

Esan bezala, haurdun geratu nahi duen bikote bat izango dugu, hau izango da filmari hasiera emango dion trama; konturatzen garenerako, filmak kolpeka beste norabide batean bideratuko gaitu. Hasiera zurrun eta neurtuak hotz mantenduko gaitu, ea interesa non aurki dezakegun bilatuz. Hala ere irrika sortzen du, iluntasuna antzematen zaiolako filmari, esaten ez diren guztietan, begiradetan eta zurruntasunean.

Bat-batean gertakariek beste norabide bat hartuko dute, biolentzia modu sinboliko batean soilik erabiltzeaz nekatuko balira bezala, eta filmak interesa irabaziko du, baina, hala ere, erabiltzen dituen tresnek agerian utziko dute. Erraz jarraitzen den filma dugu, gozagarria momentu batzuetan, lantzean behin sinesteko gauzak ikusteko beharra dugulako. Horrelakoa izango da filma. Momentu batzuetan, gertatuko dena aurreikusteko gauza izango bagara ere, sinesteko ikusi egin beharko dugu, eta hara... erotzekoa da hori.

Orokorrean eroso ikus daitekeen film bortitz eta tranpatia dugu, intriga eta jolasak erabiliko ditu gu engainatzeko eta momentu batzuetan ustekabean harrapatuko gaitu. Halere, ausarta da Avranas, ez da konformatzen erdipurdiko film bat egiten, eta ikusleen buruak eztanda egiteraino eramango du bere ausardia. Kontua da... zertarako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.