Elurtea. Nafarroa

Beratik Vianaraino, lurralde osoa hartu du elurteak

Ezohiko elurtea izan da Nafarroa hegoaldean, eta goiz osoan arazoak sortu dira errepide sarean. Guztira 33 ikastetxe itxi behar izan dituzte, Hezkuntza Departamenduaren arabera

Goizeko lehen orduetan, arazo handiak izan ziren Iruñeko sarbideetan, eta ilara handiak sortu ziren. JESUS DIGES/ EFE.
joxerra senar
Iruñea
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Zuri-zuri esnatu zen atzo Nafarroa. Beratik Vianaraino, elurteak lurralde osoa hartu zuen. Hegoaldean, ezohikotik asko izan zuen. Hala baieztatu zuen Vianako Carlos Armendarizek, Casa Armendariz sagardotegiko jabeak: «Hamar urte edo gehiago generamatzan Vianan horrelako elurterik ikusi gabe». Nafarroaren ikono gisa ageri den Bardeako Castildetierra ere zurituta agertu zen.

Nafarroako Gobernuak 126 elur makina jarri zituen ekaitzari aurre egiteko. Hala ere, istripuek eta elurrak arazoak sortu zituzten errepide sarean: Castejonen, N-113 errepidea moztu zuten kamioi bat gurutzatu zelako; A-15ean ere izan ziren istripuak; AP-15 autobidean ibiltzea debekatu zieten ibilgailu astunei Irurtzun eta Martzilla artean... Eguerdirako, arazo gehienak konpondu ziren. Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak nabarmendu zuen denboralea «motza baina bizia» izan zela.

Ondorio larririk ez zuen utzi. Buñuelen, aparkaleku gisa erabili ohi duten udal karpa baten sabaia erori zen elurraren pisuagatik, eta 30 ibilgailuk kalteak izan zituzten. Goizean, sareetan zabaldu zuten ikastetxe publiko guztiak itxi zirela. Hezkuntza Departamenduak irmo ukatu zuen hori, nahiz eta eguraldiak eskolen jarduera baldintzatu. Guztira 33 ikastetxek ateak itxi zituzten.

Iruñean, goizeko lehen orduetan sarbideak kolapsatuta geratu ziren. «Jendea harrapatu du erdian, sartu eta irten ezinik. Bideak nahiko elurtuak zeuden, eta jendea ia-ia ezin zen ibili», aipatu du Bakarne Atxukarrok, mankomunitateko komunikazioko langileak. Horrekin batera, autobus lineetan atzerapenak sortu ziren, eta autobusak hainbat tokitara iritsi ezinik geratu ziren. Sare sozialen bitartez, mankomunitateak unean uneko informazio zabaldu zuen. «Gure eskuetan dagoena egin dugu, eta herritarrei informazioa eman diegu». 13:00etarako nolabaiteko normaltasunera itzuli zen hiriko garraioa.

Oposizioak aurreikuspen falta egotzi zion udalari. Joseba Asiron Iruñeko alkateak argudiatu zuenbaliabide guztiak jarri zituztela, eta «%100ean» lan egin zutela. Azpimarratu zuen hiriburuan hemezortzi zentimetroko elurtea izan zela, eta «arazo handiak» eragin zituela. Kaleetan 80 tona gatz barreiatu zituzten, eta 220 udal langile mobilizatu.

Iruñean bezala, herri askotan sortu ziren arazoak. Erriberrin, Merindad de Olite hoteleko Alvaro Zelaietaren arabera, herritar askok ezin izan zuten «Iruñera igo lan egitera». Haren hitzetan, «elurte handia izan da, azken lauzpabost urteetako handiena». Dena den, ohiko eragozpenez harago, ez zuen arazo handirik nabaritu.

Egoera zailagoa izan zuten San Martin Unxen. Herri malkartsua da, eta Tafallako errepidearekin lotzen duen bidetik ez zen elur makinarik pasatu 11:00k arte. Raquel Cabodevilla seietan esnatu zen, egunero legez Iruñera joateko ikastera, baina ezin izan zuen. «06:30etik gelditu gabe aritu da. Ezin izan dut autoa mugitu. Herritik ez da ia inor atera».

Lizarran, erromesen aterpetxeko Asun Joverren arabera, gogotik egin zuen. «Eskoletan jende askok huts egin du, eta kalean autoak geldi daude». Neguan erromesen joan-etorria txikiagoa da; egunero zortzi-hamabost ibili ohi dira. Atzo goizean Lizarrako aterpetxean ziren denek, bik izan ezik, nahiago izan zuten bidea jarraitu. «Ausartak izan dira».

Hegoaldean, «gehiago»

Harrigarriki, Otsagabian ez zuen hainbeste elur egin: sei zentimetro inguru. Mikel Zokok turismo bulegoan egiten du lan, eta, beste bulegoetan esan ziotenez, hegoaldean «elur gehiago» egin zuen. Otsagabian, gainera, ohituago daude, eta aurtengoa aurrekoa baino negu «hezeagoa» da. Han, elurra ongietorria da, ipar eskia egin ohi dutenek Abodiko estaziora jo ohi baitute. Dena den, atzo aste zurian ziren haurrek ezin izan zuten estaziora joan.

Beran, Mari Tere Mitxelena 71 urteko emakumea beldurrez joan zen atzo erosketa egitera. Dendan aipatu zutenez, 05:00etan elurrik ez zen kalean, baina ordutik gelditu gabe egin zuen. Mitxelenaren arabera, «aspalditik ez du horrelako elurrik bota».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.