Ruiz de Infantek eta Mesak abiatuko dute Artiumen aurtengo egitaraua

Joan Brossa artista kataluniarrari buruzko erakusketa antologikoa hartuko du zentroak maiatzean

gorka erostarbe leunda
2018ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 26an irekiko da Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal-Zentro Museoko programazioa, Francisco Ruiz de Infanteren (Gasteiz, 1966) eta Olga Mesaren (Aviles, Espainia, 1962) Carmen / Shakespeare. Presagios del deseo erakusketarekin. Artiumeko Iparra aretoan egongo da ikusgai erakusketa, maiatzaren 1era arte. Instalazio eta bideo instalazio askoren muntaketa konplexua eta labirintikoa da, fikziozko arketipo batetik (Carmen) eta benetako beste batetik (Shakespeare) abiatuta maitasunaren gaiari heltzen diona. Erakusketa lau gunetan antolatuta dago, eta, mugak beti garbiak ez diren arren, gune bakoitzean egoera bat jorratzen da maitasunaren gai orokorraren barruan: sedukzioa, gatazka, galera eta, azkenik, heriotza.

Martxoaren 2an Artium Bildumaren Artea erakusketaren hirugarren kapitulua zabalduko dute. Atal horretan, etorkizunerantz doan sorkuntza erakutsiko dute, hau da, artista gazteen lana edo duela gutxi burututakoa. Hegoa aretoan zabalik egongo da erakusketa, irailaren 2ra arte.

Macbarekin elkarlanean

Beste zentro batzuekiko lankidetzari esker lehen mailako proiektuak aurkez daitezke Artiumen. Hala gertatzen da, esaterako, Poesia Brossa erakusketarekin (Iparra aretoa, maiatzaren 29tik irailaren 23ra). Bartzelonako Macbarekin elkarlanean antolatu dute, eta Pedro G. Romerok eta Teresa Grandasek egin dute komisario lana. Joan Brossaren lanaren ikuspegi zabala ematen du, haren lehen liburuetatik azken ikerketa plastikoetara; tartean antzerkia, zinema, musika eta ekintzazko artea daude. Sortzaile kataluniarraren lana erakusteaz gain, beste artista batzuen poesiarekin—Marcel Marien belgikarra, Nicanor Parra argentinarra eta Ian Hamilton Finlay eskoziarra— elkartuko dute Brosaren lana.

Menchu Lamas artista galiziarraren erakusketak osatzen du erakusketa handien programa—Iparra aretoa, urriaren 11tik 2019ko urtarrilaren 13ra—. Atlantica taldearen sortzaileetako bat izan zen Lamas, eta 1982an egin zuen lehendabiziko bakarkako erakusketa, Madrilgo Buades galerian. 1986. urtetik dago haren lana Artiumeko bilduman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.