Eskolen kopurua murriztu nahi izatea egotzi diote Ikuskaritzari

Eskola Kartan, irakasle postuetan aldaketak iragarri ditu Paueko Akademia Ikuskaritzak.Bihar greba orokorra eginen dute sindikatuek

Ezpeletako eskola publikoa okupatu zuten gurasoek atzo, frantses irakaslearen postu galera salatzeko. I.MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko hamalau frantses irakaslek irailetik aurrera lanpostua galduko dutela iragarri zuen atzo Paueko Akademia Ikuskaritzak. Horri gehitzen zaizkio zortzi eskolatako zortzi lanaldi erdiren galera, frantses irakasle lanpostuari dagozkienak. Beste hiru eskolatan beste hiru lanaldi erdi galduko dira, euskara irakasten dutenenak horiek. Lanpostuak sortzeari dagokionez, hiru eskolatan dira hiru frantses irakasle postu oso sortzekoak, eta batean erdi bat. Euskarazko bost lanpostu erdi ere sortuko dituzte bost eskolatan. Horra ikuskaritzak atzo aurkeztutako Eskola Kartaren panorama. «Ez dugu sekula hainbeste lanpostu galtzerik ikusi», laburbildu zuen Pierrette Formet SNUipp-FSU sindikatuko ordezkariak, ikuskaritzarekin izandako barne batzorde teknikotik atera berria zela. Oraindik ez da behin betikoa, Paueko Prefeturak baitu iragartzekoa. Baliteke bihar bertan iragartzea, edo apirilaren 13an.

Bizkitartean, ez dira behin betiko hesteen zain egon eskoletan. Hainbat mobilizazio antolatu dituzte, Ipar Euskal Herrian gaindi, lanpostu galtzeen mehatxupean diren eskoletan. Ezpeletan, adibidez, gurasoek eskola okupatu zuten atzo, eta gaur ez dituzte eskolara eramatekoak ikasleak. Frantses irakasle postu bat galtzekoa dute. Maulen ere, Maule gaineko eta Maule behereko eskolak okupatu zituzten atzo gurasoek. Hor ere lanpostu galerak dituzte.

Irakasle postuen gatzearen argazki orokorra egiterakoan, hirietan ama eskola eta lehen mailak elkartzeko joera dagoela azaldu zuen Formetek. Angelun eta Donapaleun, adibidez. Donapaleun egoitza berean dira biak, baina bi zuzendaritzekin. Zuzendaritza bakarra izatea liteke ideia.

Herri txikietan, berriz, klase bakarreko eskolak elkartzea da intentzioa. Pierre Barriere Paueko ikuskariak hori zuen gomendatu azkarki. Auzo diren herrietako auzapezak gaia elkarrekin aipatzera gonbidatu zituen. Gutunak bidaliak dizkie auzapezei, gainera.

Elkartze hori bultzatzeko, ikuskariak iragarri zuen 5 urte baino gutxiago dituzten ikasleak ez dituela kontuan hartuko irailetik goiti. Formeten arabera, sindikatuekin atzo izandako bilkuran ikuskariak zehaztu zuen ama eskolako ikasleentzat ez dela pedagogikoki egokia beste adineko hainbat ikaslerekin nahastea. Klase bakarreko eskoletako gurasoek CCU 64 kolektiboa osatu dute horren aurka; dozena bat baino gehiago badira Baxenabarre eta Zuberoan. Eskolak epe ertainera hetsiko direla salatuko dute. Mementoko ez duela eskolarik hesteko asmorik ihardetsi zuen ikuskariak. Gaineratu zuen legez, eskola 6 urtetik aitzina da derrigortua, eta, beraz, legea betetzen du halako erabakiak hartuz. Sindikatuek 3 eta 4 urteko haurrak ez onartzearen ondorioz sortzen duen «presioa» salatu zuten, eta errealitate geografikoa ez duela kontuan hartzen.

Bihar mobilizatzera deitu dute sindikatu guztiek, bai irakaskuntzakoek bai gainerako sailekoek. Austeritatearen aurka dute lema nagusi. Irakasle postuak gutxitzea arazo orokor horrekin lotzen dute, preseski. Hilabete saria izoztua izatea eta prestakuntza eskasa ere salatzen dute sindikatuek. Eskola publiko, pribatu eta ikastoletan greba iragarria dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.