Javier de Andres salatu du SOS Arrazakeriak, «irain eta kalumniengatik»

Arabako ahaldun nagusiari ia 80.000 euroko kalte-ordaina eskatu dio.Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Batzordera jotzeko asmoa dutela esan du Fede Garcia plataformako bozeramaileak

Gasteizko hainbat eragile sindikal, sozial eta politikok bat egin dute SOS Arrazakeriaren salaketarekin. RAUL BOGAJO / ARP.
Gasteiz
2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun
«Auzitara jo dugu hau ez delako jolas bat. Ezin dira Gasteizko auzokide berrietako batzuk modu arbitrarioan estigmatizatu», adierazi du Fede Garcia SOS Arrazakeriako bozeramaileak. Orain dela bi aste Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak SOS Arrazakeriari leporatu zion 1.252 etorkini «gezurrezko erroldatze agiriak» ematea. Haren esanetan, erroldatze horiek 13 milioi euroko kostua izan dute erakundeentzat. De Andres salatzea erabaki du plataformak, «irain eta kalumniengatik». Atzo aurkeztu zuten salaketa, eta ez ziren bakarrik agertu: hogei eragile politiko, sozial eta sindikalek baino gehiagoren babesa izan zuten.

Ahaldun nagusiari 79.296 euroko kalte-ordaina galdegin dio SOS Arrazakeriak; plataformaren arabera, hori da Javier Maroto Gasteizko alkatearen urtebeteko soldata. Hain zuzen, Maroto ere salatu zuen taldeak uztailean, arraza arrazoiengatik gorrotoa bultzatzea egotzita, Marokotik eta Aljeriatik datozen etorkinak «diru laguntzen kontura» bizi direla eta «lan egiteko asmorik ez» daukatela esateagatik; EAEko Fiskaltza ari da auzia ikertzen. Salaketa haren ostean egin zituen De Andresek SOS Arrazakeriaren aurkako adierazpenak.

«Epaitegiek arrazoia ematen badigute, diru hori sentiberatze kanpainetara bideratuko dugu. Pertsona hauek egindako kaltea konpondu behar delako. Ez da batere bidezkoa kaltea egitea eta beste alde batera begiratzea», adierazi du Garciak.

Horrez gain, plataformak iragarri du Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Batzordera eramango dituztela Andresen eta Marotoren hitzak.

Garciaren aburuz, ez da bidezkoa «erakundeek bankuak salbatzeko milaka milioi bideratzen dituzten bitartean gizarte bazterketaren eta langabeziaren biktimak kontrolatzen eta zapaltzen saiatzea». Erantsi du «sakoneko gaia» ez dela elkarte bati edo besteari erasotzea: «Dena prestatzen ari dira gizarte laguntzei zilegitasuna kentzeko; hori da honen guztiaren azken helburua».

Lasaitasunerako deia

Edonola ere, lasaitasun mezua ere zabaldu nahi izan dute eragileek. «Gasteizko herritarrak ez dira arrazistak, baina badirudi zurrunbilo horretan sartu nahi gaituztela. Ez diegu utziko», ohartarazi du Rosabel Argotek, CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeko kideak. «Ezin da hirian gasolina bota, edozein txinpartak iritzi publikoa sutan jar dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.